BAKANTZAK EUSKOZ, TURISMO PARTE HARTZAILE BATENTZAT!

Turismoa Ipar Euskal Herriko sektore ekonomiko garrantzitsua da, baina lurraldearentzat baliagarriago eta gure kulturaren errespetuan egiteko gisan berriz pentsatu behar da.

Beraz Euskoak ‘Bakantzak euskoz’ ekintza baten eremaitea erabaki du. Akitania Berriko eskualdeko kontseiluaren “Akitania Berriko turismo berritzailea” programaren bidez eta Euskal Hirigune elkargoaren sustengueri esker, eta AaDT 64 eta Euskal Herriko turismo bulego (kasik) guziekin elkarlanean, gure lurraldean pasaiako diren jende guziei gurekin batean trantsizio ekologikoan, euskararen dinamikan eta Ipar Euskal Herriko garapen ekonomiko iraunkor batean parte hartzea proposatzen diegu. Hala nola, euskoz erabiliko euro bakoitza, lurraldean egonez tokiko ekonomia elikatzen da, eta hori guzia zirkuitu laburrak garatuz eta beraz ingurumena zainduz.

Pasaiako pertsona guziek bi euroren truke (eta gehienez bi hilabeterentzat) Bakantzak euskoz kontu bat ideki dezakete, zuzenean sarean, gero bere banku kartarekin gastu gehigarririk gabe kontua kargatu, eta azkenik, Euskopay aplikazioa telekargatu, tresnatuak diren saltokietan ordaintzeko (jadanik 170 eginak dira, eta beste dozenaka gehiago ondoko asteetan).

Gure sareko aurkidegian, “Bakantzak euskoz” filtroak, turistei baliagarriak zaizkien helbideen atzemaitea ahalbideratzen du : jatetxeak, aisialdiak, aterpetxe, ostatuak, kultura jarduerak… Uda honetan kanpaina bat eremana izanen da, irudi berriekin, Ekidek egindako filma batekin, eta %100 euskoz pasatzeko egun edo asteburuak proposatzen dituzten 7 ibilaldiko liburuxka batekin, gehienbat Ipar Euskal Herri barnekaldean. Gida hauek, Eusko aldaguneetan eta Turismoko bulegoetan izanen dira eta eusko kide guzientzat pentsatuak dira.

« Bakantzak euskoz » eskaintza hau Ipar Euskal Herriko biztanleei ere zuzendua da. Anitz izanen dira aurten lurraldean berean egonen direnak, eta Euskoaren bidez lurraldea berriz deskubrituko parada da. Euskoaren bidez lurraldearentzat eta trantsizio ekologikoarentzat engaiatuak diren ekoizle, aisialdiko profesional, komertsante eta artisaueri buruz joaiteko aukera ematen du.

Urte guzian Eusko kide direnentzat ez da Bakantzak euskoz konturik, billeteak dituzte eta ez badute oraindik egin, Eusko kontu numeriko bat ideki dezakete, jadanik urtesaria ordaintzen baitute. Bainan besteak beste Irulegiko sotoa, Pariès, Eztigar, Lastage surfshop eta M.Txokola-k proposatzen dituzten plan onetaz baliatzen ahalko dira ere, Euskal Herriaren bestela ezagutzeko. Eta, jakina, plan on horiek beren kontuan ukan nahi ez dituztenek desaktiba ditzakete.

 

Turismo parte hartzailea

Operazi hau turismoa norabide berri batean bideratzeko aukera da: turismo parte hartzailea. Turismoa gizartearekin batera garatzen da, eta gaur egun turistek eskaintza eko-arduratsuak, giza esperientzia aberasgarriak nahi dituzte eta horietariko batzuek ez ohizko tresna berritzaileak nahi dituzte, mugikor bidez eskuragarriak.

Tokiko monetak (80 dira Frantzian, eta horietatik 13, eskualde liderra den Akitania Berrian) trantsizio ekologikorako tresna eraginkorrak dira, eta tresna hauei esker erabiltzaileak trantsizio ekologikoan eta tokiko ekonomiaren alde engaiatuak diren ekoizle, artisau eta beste eragileengana joatea bultzatuak dira.

« Bakantzak euskoz » programak %100 konektatutako ibilbidea proposatzen du, bakantzak etxetik prestatzean, treinean, edo mugikorraren bidez egin ahal izateko:

  • Bakantzak euskoz kontu bat sarean ideki, 2 euroren truke

  • Nortasun agiriaren baieztatze automatizatua (behartua)

  • Kontuan sosa sartu banku karta klasiko baten bidez

  • euskopay ordaintzeko aplikazio berria telekargatu, Eusko sareko ehun bat profesionalen saltokietan ordaintzeko

  • Berezitua den aurkitegia sarean so egin (aterpetxe, aisialdi, jatetxe…)

  • « plan onak » ukan Euskal Herriaren bestela ezagutzeko

  • Ipar Euskal Herriaren ezagutzeko %100 euskoz egin daitezken 7 ibilaldiren proposamena, telekargatzen ahal den edo turismo bulegoetan eskuragarri den gida!

  • Aldaguneetan eusko billeteen aldatzeko aukera, edo turismo bulegoetan « bakantzak euskoz » gutunen erosteko aukera, euskopay ez duten profesionalen ordaintzeko

  • Bakantzak bururatzean, sarean den kontuaren hesteko aukera, edo gelditzen den sosarekin bakantzetatik sartzean etxean ukaiteko ekoizle zare baten manatzea!

Nola ibiltzen da?

bakantzakeuskoz.org webgunean sartu ondoren:

  1. Kontu bat ideki, nortasun agiriaren kopia edo argazki bat besterik ez da behar.

  2. Kontua kargatu bankuko kartaren bidez, gostu gehigarririk gabe.

  3. Google Play-n edo AppStore-n euskopay ordaintzeko aplikazioa telekargatu. Orain, zure mugikorraren bidez ordain dezakezu Eusko sareko ehunka saltzaileen kutxa ondoan den Euskopay QR kode karta eskaneatuz.

Zenbat balio du?

Bakantzak euskoz kontuak 2 € balio ditu, gehienez bi hilabeteko epe batentzat. Ez da beste gasturik izanen. Ardura Euskal Herrira etortzen bazira, urtean 12 €-ren truke eusko kontu bat ideki dezakezu euskalmoneta.org helbidean

Euskoa bi hitzez

Euskoa 2013az geroz erabiltzen da billete bidez, eta 2017az geroz, Euskal Moneta – Monnaie locale du Pays Basque elkarteak kudeatzen dituen kontu numerikoen bidez. Edonor kidetzen ahal da euro bat pagatuz hilabetean, eta ondotik euroak euskoz alda ditzazke (eusko 1 = euro 1) eta kide diren 1000 saltegi, laborari, artisau, ETE, elkarte edo zerbitzu publikoetan erabil ditzazke. 1,8 milioi eusko zirkulazioan dira 2020ko udan, eta beste hainbeste euro arduratsuak diren bankuetan ezarriak izan dira (Nef eta Crédit coopératif bankuetan).

Euskoak, trukeak birtokiratzen ditu manera konkretuan  : gero eta profesional gehiago Eusko sarean sartzen dira, eta horietariko %56ak, gutxienez tokiko hornitzaile berri bat hartu zuten beren bezeroengandik jasotako euskoen berrerabiltzeko. Horrela ditu Euskoak egunero zirkuitu laburrak garatzen!