Myriam Ballesteros MB Produccioneseko zuzendari sortzaileak bere azken bi proiektuez hitz egin digu: ‘Annie & Carola‘ eta ‘Cenicienta enmascarada‘ telesailak. Halaber, animazioaren sektoreak bizi duen egoera orokorraren errepasoa egin du.
ZINEUSKADI: Lantzen ari zaren bi telesailen nazioarteko koprodukzioa lortu duzu Mondo TV Iberoamérica taldearekin. Lorpen ederra, ezta?
Myriam Ballesteros: Oso garrantzitsua da. Duela lau urte nire enpresetako bat saldu nuen, Imira, eta MB Produccionesekin geratu nintzen. Argi daukat koprodukzio bat egin eta horren ehuneko oso txikiarein geratu nahi dudala. Inbertsio handia dakarten proiektuak dira, eta are gehiago nirea bezalako ekoiztetxe independente batentzat. Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dut. Ez da asko, baina oso ondo dator. Proiektu guztiak Chema Ociorekin egiten ditut.
‘Annie & Carola’ telesailarekin Cartoon Forumean parte hartzeko aukeratu ninduten iaz. Han hasi nintzen nazioarteko bazkide gisa egon zitezkeen lehen aukerak ikusten. Aurkitzen nuena ez zitzaidan interesatzen, ekoizpena erabat egitera behartzen baininduen, edota ehuneko oso txikiarekin laguntzen baininduten; eta horrek oso konplexu bihurtzen zuen proiektua. Hortaz, lanaren zati handi bat egingo zuen bazkide handi baten bila aritu nintzen. Azkenean, Mondo TVri asko gustatu zaizkio bi proiektuak eta horien aldeko apustua egitea erabaki du. Koproduktore gisa ez ezik, finantzaketa osoa bilatzeko sartu dira, eta hori lortzea espero dut. Zaila da, oso proiektu garestiak dira, kapitulu askotakoak. 6 eta 10-12 urte bitarteko haurrentzat dira, eta zaila da publiko horrengana iristea, baina interesgarria iruditzen zait istorio sakonak kontatu ahal ditudalako.
ZINEUSKADI: Zure lanek emakumeen presentzia handia izan ohi dute. Bi telesail hauek ere?
Myriam Ballesteros: Bai, beti gustatu zait emakume protagonistak dituzten lanak egitea, baina zailagoa da horiek merkatuari interesatzea. Nahi dudana egitea gustatzen zait, sentimenduei buruz hitz egiten duten istorioak kontatzea. Komedia egiten dugu eta askotan galdetzen digute zergatik ez ditugun lan horiek fikzio bihurtzen. Adibidez, Espainian egitea lortu ez genuen ‘Lola y Virginia’ telesaila, Italian benetako pertsonaiekin egin zen. Eta orain, Televisión Españolarekin ‘Annie & Carola’ -ri buruz hitz egiten ari nintzela, gauza bera proposatu zidaten: fikzioan egitea. Animaziorako egina dago, baina pertsonaiei gertatzen zaienaren eta sentitzen dutenaren ikuspuntutik kontatua. Jeloskortasunaz, bekaizkeriaz eta abarrez hitz egiten duten istorioak dira, giza harremanez hain zuzen ere, komedia ukitu batekin. Funtsean, berdin zait animazioa edo fikzioa erabili.
Ez zaizkit objektu bizigabeak interesatzen, nahiago ditut giza pertsonaiak, sinesgarriagoak baitira. Ez nago beste estiloen aurka, baina niri ez zait interesgarria iruditzen esekitoki batek hitz egitea, adibidez. Ekintza bizkorrek edo indarkeriak ere ez naute motibatzen, ez zaizkit interesatzen, ez ikusle gisa ez istorio-kontalari gisa. Nire urteetako esperientzia ekarpena egiten didaten gauzetara bideratu nahi dut.
ZINEUSKADI: ‘Annie & Carola’ nola aurkeztuko zenuke?
Myriam Ballesteros: Adiskidetasun istorio bat da. Protagonista trebetasun sozialik gabeko neska da eta harremanak izateko arazoak ditu. Berak ez daki antisoziala dela, bakarrik bizi izan baita bere gurasoen laborategian. Haiek espazioan desagertu ondoren, institutura joatera behartuko dute, eta oso berezia dela jabetuko da. Lagun bat sortzea erabakitzen du, bera bezalako norbait, arazorik emango ez diola uste duelako. Oso azkarra da, baina klona amaitzear dagoenean, bere txakurrak ordenagailuaren unitate zentralean pixa egin eta emaitza erabat aldatzen du.
Lagun berri honek gehien beldurtzen duen guztia bizitzera eramaten du, mundua ezagutu eta gozatu nahi duelako; ondo pasatzea besterik ez du nahi. Gainera, emozioen termostatoa matxuratuta dauka. Institutura eramaten du truke-ikasle gisa. Telesailak gai asko jorratzen ditu: gizartean nola integratzen diren, zer gertatzen zaien, bekaizkeriak, jelosiak… Komedia eta umore handiko lana da.
ZINEUSKADI: Zein fasetan dago?
Myriam Ballesteros: Gidoi bat dugu idatzita, hamahiru sinopsi ere bai, eta ekoizpenari ekiteko finantzaketa bilatzen ari gara. Helburua datorren urtean ekoizten hastea da, baina horretarako beharrezkoa den dirua aurkitu behar dugu: 6,5 milioi euro. Eta lortzea espero dut.
ZINEUSKADI: Eta zer kontatuko zeniguke ‘Cenicienta enmascarada’ telesailaz?
Myriam Ballesteros: Istorio klasikoak asko gustatzen zaizkigu, eta, gainera, nik uste dut gaur egun eduki gabezia dagoela. Egia da ekoizpen handia dagoela, baina forma asko lehenesten da eta edukia alde batera utzi ohi da. Fikziozko telesail asko daude oso estetika politarekin, erritmo handiarekin, baina funtsean ez dute ezer kontatzen. Guri beti gustatu izan zaigu klasikoetara itzultzea eta horiek berrirakurtzea. Telesailean mundu guztiak Errauskine neskame gisa ikusten du, baina benetan mendekatzailea da. Uste baino misio garrantzitsuagoa du eta telesailean zehar hortaz jabetzen da. Merlinekin dago, magoa izan gabe magia egiten duen pertsonaia. Errauskinek Mundua salbatuko duela uste du, baina mundu hau ez da denok imajinatzen dugun bezalakoa. Bertan oso jende sibilinoa dago, oso azkarra, oso modu sotilean zoritxarrak eragiten dituena. Errauskinek, baina, ez ditu gauzak borroken eta kolpeen bidez konpontzen, adimenaren eta umorearen bidez baizik.
ZINEUSKADI: Gainera, Cartoon Forumek aukeratu du foroan parte hartzeko. Zer espero duzue parte-hartze horretatik?
Myriam Ballesteros: Espero dut kontzeptua gustuko izatea. Beti gauza gehiagorako balio duten lanak egiten ditut. Gero denboraldi gehiago egin daitezke, edo pelikula bat. ‘Annie & Carola’-ren kasuan komiki bat egin genuen, eta ‘Cenicienta enmascarada’ telesailak ere komikian landutako prekuela dauka. Beraz, asmoa da bazkide gehiago izatea, jostailu-saltzaileak, argitaletxeak… Aurten Mondo TVren eskutik joango naiz, eta finantzaketa errazago eta azkarrago aurkitzea espero dut. Proiektua oraindik ez diogu inori aurkeztu nazioartean; irailean egingo dugu, eta hortik aurrera finantzaketa bilatu beharko dugu.
ZINEUSKADI: Zer egingo duzue foroan?
Myriam Ballesteros: Cartoon Foruma Europako animazio-serieen topaketa garrantzitsuena da. Europar Batasuneko herrialde bakoitzeko proiektu onenak hautatzen dituzte, eta herrialde gonbidatuak ere badaude. Finantzariak eta telebista-kateak joaten dira foru horretara proiektuen aurkezpenak ikustera ,istorio eta eduki bila. Zure lanarekin maitemindu behar dituzu eta, jakina, proiektua errentagarria izango dela ikusi behar dute. Paradoxa bat gertatzen da: indartsua bazara, zuzenean aurkitzen dituzu kanalak edo finantzariak, eta hain indartsua ez bazara, bazkideak.
ZINEUSKADI: Ate berriak irekiko dizkizula uste duzu?
Myriam Ballesteros: Bai, nazioartean funtsezko foroa da. Bertara joatea oso zaila da; biblia oso landua eduki behar duzu, sinopsi idatziak, episodio pilotu bat izan behar duzu, 45 segundokoa gutxienez… Hori gabe ezinezkoa da. Duela urte asko, irudi-sorta batekin joan zintezkeen, baina gaur egun ez. Halaber, telebista-kate baten laguntza ere beharrezkoa da, eta hori Espainian lortzea oso zaila da. Iaz, ‘Annie & Carola’ telesailerako, Espainian, atez ate ibili nintzen, gutxienez intentziozko gutun batekin edo zerbaitekin laguntzeko eskatuz; eta leku guztietatik ezezkoa jaso nuen. Ez nekien zer egin.
Kanariar Uharteetako Quirinora joateko zortea izan nuen. Han aurkeztu nuen proiektua eta Norvegiako telebistari eta portugaldarrari izugarri gustatu zitzaien. Biek eskaini zidaten laguntza, Cartoon Forumera joan ahal izateko gutuna. Eta aurten, Portugaleko katearekin joatea lortu dut, hemen ez baitute laguntza hori ematen, eta babesik gabe sentitzen zara gainerako europarren aurrean. Zaila da ulertzen, soilik interesa erakusten duen eskutitza eskatzen diegulako; eta horrekin ez dira ezertara konprometitzen. Lehen errazagoa zen lortzea eta TVEk, adibidez, eman izan dit hainbatetan, baina orain ez.
ZINEUSKADI: Nola eragin dio COVID-19aren pandemiak lan horien garapenari?
Myriam Ballesteros: Sorkuntza aldetik ez du axola; arazoa finantzaketa bilatzerakoan sortzen da. Merkatuei dagokienez, guztiak online egiten ari dira, eta interesa erakusten digute, baina ez dute ezer sinatzen, gero batzordean erabaki behar dutelako zein lanetan sartu eta zeinetan ez. Dena nahiko geldirik dago.
Adibidez, Cartoon Forumen beldur naiz kanal garrantzitsu guztiek ez joatea erabakiko ote duten; eta erosleak joaten ez badira, hura egiteak ez luke zentzu handirik izango. Ziurgabetasun handia dago. Gainera, itxialdiaren aurretik forumak zuen abantailetako bat zen inbertsiogileekin eta kanalekin harreman zuzena zenuela. Gosari eta otorduetan elkartzen zinen, adibidez, eta elkarrizketak egin ahal zenituen, baina aurten ez da horrelakorik egongo. Dena pitching-ean egin beharko dugu.
ZINEUSKADI: Proiektu berriak lantzen ari zara? Zein fasetan daude?
Myriam Ballesteros: Nahikoa dut bi hauekin. Film luze bat egiteko ideia dut, baina nahiko geldirik dago; orain arte egin ez dudan zerbait da. Beste finantzaketa-mekanismo batzuk ditu, diru-laguntzetan askoz ere oinarrituagoak, eta, egia esan, ez dut asko aurreratu, pixka bat nekatuta bainago. Nik uste dut bi telesailetako bat abiarazten dugunean, seguru asko, filmarekin hastera animatuko naizela.
ZINEUSKADI: Batzuetan badirudi animazioaren mundua ikus-entzunezkoen sektore ahaztua dela.
Myriam Ballesteros: Animazioari ez zaio garrantzia nahikoa ematen. Talde sendoa behar da, proiektuan hasieratik sinesten duena; talentu askoren batura da. Oso mundu ezezaguna da, eta hirugarren mailakotzat hartu ohi da animazioa. Horrenbestez, bere balioa aldarrikatu nahiko nuke, nire ustez ez baitago behar bezala baloratuta. Fikzioak ez bezala, animazioak ez du aurpegirik. Hau da, aktoreak dituzunean, proiektua saltzen laguntzen dute. Oso tristea da hiru edo lau urteko proiektu bat lantzea eta, azkenean, hura saltzea ahotsa bikoizten duen aktore ospetsuarengatik.
ZINEUSKADI: Gainera, MIA, Mujeres en la Industria de la Animación, elkarteko kide ere bazara. Emakumeak animazioaren munduan duen rola nabarmentzea garrantzitsua da, ezta?
Myriam Ballesteros: Zalantzarik gabe. Gero eta emakume gehiago dago mundu honetan. Hasi nintzenean, unibertso honetan oso arraroa zen emakumeak aurkitzea. Fondoen sorkuntzan emakume asko zeuden, edo ilustrazioan aritzen ziren. Pixkanaka, geroz eta emakume gehiago sartu dira, eta gaur egun oso onak dira. Zuzendariak ere badaude, ekoizleak… Sektoreak gora egin du. Eta ez dezagun ahaztu animazioa bideo-jokoen munduan ere badagoela. Esparru asko hartzen dituen mundua da.
You must be logged in to post a comment.