EGURALDIAREN GIZONA

Matteo CataneseMatteo Catanese

IGOGAILUAN IRAKURTZEKO IPUINA

Ez. Kanpotar horrek ez zuen azti, igarle ezta zahori ere ematen. Ez zeukan indar berezirik begietan, baldarki mugitzen zituen eskuak, eta lagundu egin behar izan zitzaion beraren kutxa plaza erdian jartzen.

Ez zuen denbora galdu aurkezpenetan: kutxaren estalkia ireki eta katiuskak eta kapusaia atera zituen.

Presaka jantzi zituen, zerura begiratu eta feltrozko aterki bat ireki zuen zeru oskarbian.

Bi astez euria egin zuen. Urtegia bete eta lehorte kementsua amaitu zen.

Atzerritar hori jauregian bizi izan zen ordutik, bere fardel magikoarekin. Hainbat urtez erresumaren beharren arabera jantzi zen, sega eta mahats-bilketa ziurtatuz. Urtetan elurra izan genuen urtarrilean, eta eguzki epel bat maiatzean. Urtetan negua ez zen gogorregia izan, ezta uda mina zorrotzegia ere. Urte askotan ipar-ekialdeko haize gordina haize-orratzak apenas mugitzen zituen haize ahul bat izan zen.

Erregeak, hain harroputz, egun bat eskatu zion otsailean hondartzaz gozatzeko.

-Gariak, maiestate, euriaren zain daude aletzeko; uztailean denbora soberan izango duzu horretarako! -pazientzia eskatu zion.

Eguraldiaren gizona hil zuten, eta, ordutik, erregeak, nahi bezala, bere jantziak jarri zituen.

Pena da printzesak maiatzean eskiatzeko gogoa sentitu izana: laranjondoak hain zeuden ederrak…