Probabilitate kontua da jende askoren artean zaila dela motelena edo azkarrena izatea, izan “motel” edo “azkar” abiadura edo adimen kontua. Gauza lasaigarria oso, jendetzaren batazbestekoan murgiltzen gaituelako: porrotaren beldurra, azken izateari izua, malgutzen baitu eta garaipenaren egarria, lehen izateko grina, kamustu. Halere, garai bakoitzak badu bere garailea, onena, adimentsuena. Baina, kronometrorik gabe, golik gabe, saskiratzerik gabe nola epaitu, nola erabaki zein den garai bateko argiena zientzian? Argienen epaiari jarraituz akaso, argiena nor den argienek bakarrik epaitu dezaketelako.
XX. mendearen lehen erdia, erlatibitatearen teoria eta mekanika kuantikoaren garapenarekin, oso garai interesgarria izan zen zientzian. Baita kulturalki edo historikoki ere. 30-50. hamarkadetan, bazen norbait jakintsuenek ere jeniotzat zutena: John Von Neumann. Hungariarra jatorriz, ume prodigioa izan zen. Sei urterekin, 8 digitudun bi zenbakiren arteko zatiketa buruz egiteko gai zen eta baita antzinateko greziarreran mintzatu ere. 1929. urteaz gero bere heriotza arte, 1957.an, Estatu Batuetan bizi izan zen. Garai hartako fisika eta matematikako ia arlo guztietan aurki daiteke Von Neumannen ekarpen garrantzitsuren bat [1].
XX. mendearen lehen erdikaldean zientzialari hungariar anitz erbesteratu ziren Estatu batuetara. XIX.mende bukaeran eta XX.mende hasieran Hungarian zegoen irakaste-sistema eta gizarte-ereduagatik piztu zen jenio talde hura harrigarria zen eta zuten gaitasuna txundigarria. Haien artean, Von Neumann-ez gain Leo Szilard, Edward Teller, Eugene Wigner, john Polanyi… zeuden. Talde hari “Martetarrak” deitzen zioten, euren ama-hizkuntza, hungariera, ez zirudielako mundu honetakoa zenik [2]. Eta talde hartako primus inter pares-a Von Neumann zen.
Diote euskarak eta hungarierak amankomuneko iturburua dutela. Hala bada, hala bedi, beharbada, euskal errekastoak ere jenio talde handi bat sortuko du noizbait.
[1] Ikus: https://en.wikipedia.org/wiki/John_von_Neumann edo https://fampeople.com/cat-john-von-neumann
[2] Ikus: https://en.wikipedia.org/wiki/The_Martians_(scientists)