Kimuaken hainbatetan parte hartu duten Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko “irrati-grafia” egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean.
Maria Elorza (Gasteiz, 1988) ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Pompeu Fabra Unibertsitatean eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra dauka. Bakarka egindako filmez gain, kolektiboan ere lan ezberdinak egin ditu,Las chicas de Pasaik bikotearen barne edo Kalebegiak edo Zinergentziak bezalako proiektuen babesean. Azken urteetan Tabakalera Arte Garaikide zentroan egiten duen lana, Zinea.eus atarian eta Larrotxeneko kutur etxean gauzatzen dituen proiektuekin bateratzen ditu. Gure hormek (2016, Maider Fernandezekin batera zuzendua) eta Ancora lucciole (2018) dokumentalekin hartu du parte lehenago Kimuaken.
Koldo Almandoz (Donostia, 1973) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna da eta zinemako gradua du New York Unibertsitateko Tisch Schoolen. Kimuaken lehen edizioan parte hartu zuen Razielen itzulerarekin (1998) eta katalogoan parte hartu zuen azken aldia 2017an izan zen, Plágan lanarekin. Bere filmografia Canneseko Semaine de la Critique, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, Gijón Film Fest eta Bafici bezalako jaialdietan aukeratua eta saritua izan da. Egun Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da.
Vimeo: vimeo.com/mariaelorza | vimeo.com/user3994435