KRESALA ZINEKLUBA BUELTAN DA

Bueltan gaude. Normaltasun arraro batean baldin bada ere. Azken hilabeteetan zinemak pandemia globala, murrizketa eta konfinamenduei aurre egin die. Segurtasun-neurri zorrotzekin bueltatu dira zinema aretoak eta horrela egingo dugu guk ere. Gaur egun zinemagintza krisian dago. Baina Kresalan zinema bultzatzen jarraituko dugu, Industria gisa zinemagile berri, txiki edo ahaztuen lanak proiektatuz eta gizarte-ekintza gisa, zinema-areto batean elkartu eta gure ikuspuntuak konpartituz.

Nazioarteko Zinemaldiaren 68. edizioaren ondoren, Trueba zinema-aretoetan hasiko dira berriro Kresalaren saioak, aldaketa txiki batekin: oraingoz astearteetan proiektatuko dugu, astelehenetan Trueba zinema itxita egongo delako egoera egonkortu bitartean.

Ikasturtea irailaren 29an hasiko da Yôkihi (1955) filmaren emanaldiarekin. Zaharberritutako harribitxi historikoarekin. Martxoan bertan behera utzi behar izan genuen Mizoguchiri eskainitako zikloa berreskuratuko hurrengo hilabeteetan. Melina Leonen Canción sin nombre (2019), gaztelaniaz eta quechua hizkuntzan filmatutako istorio dramatikoa da gure aukera urriko lehen astearterako. Haren ondoren, Amanda (2018) proiektatuko dugu, familia harremanei buruzko istorio txiki eta xamurra.

Blanco en blanco (2019) lanak Patagoniaren XIX. mendeko historia gordinean barneratzen gaitu. Inguru ez-eroso eta bortitz batean, arimarik gabeko pertsonaiek elkarrekin borrokatzen dute bizirauteko. Urriko azken saioa Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin elkarlanean eskainiko dugu, Little Joe (2019) filmarekin. Jessica Hausnerrek zuzendutako fantasia printzak dituen film bat da, eta nahikoa da begiak erdizka ixtea gaixotasun mentalen tratamenduei buruzko kritika zorrotza ikusteko.