“ITSASOAN KUTSADURA ETA BIZIDUNETAN KOMERIAK” IBON CANCIO URIARTE

Urriak 2, ostirala, 19:00

Lazkaoko Kultur etxeko erakusketa aretoan.

Ibon Cancio Uriarte

Bakio herriko Panadiene baserriko semea eta Biologoa

Zelulen Biologiako irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) ikertzailea.

Biologia ikasketak egin zituen UPV/EHUn, bertan ere Europako doktoretza lortuz 1998.ean muskuiluen eta kutsatzaileekin lan eginez. Aurrez, Masterra egin zuen Mikroskopia Elektroniko Biologikoan, Galeseko Unibertsitatean, Aberystwyth (1993).

Irakaskuntzan 2000. urtean hasi zen, Zientzia eta Teknologia Fakultatean. EHUko “Ingurumenaren kutsadura eta toxikologia” master ofizialaren koordinatzailea. Europako beste 12 unibertsitaterekin batera, Erasmus / Sokrates “Ingurumen Zientziak eta Hezkuntza” sarearen barruan ikasleak eta langileak trukatzeko programetan parte hartu du. Ikerketa-egonaldiak egin ditu Galeseko Unibertsitatean (Erresuma Batua, 1992-1993), Amsterdameko Unibertsitatean (1994), Heidelbergeko Unibertsitatean (Alemania, 1995-1996), Arrantza Ikerketako Zerbitzuan, Aberdeenen (Eskozia, 2001) eta Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika, 2002).


14 Master-tesi eta 8 Doktorego-tesi zuzendu ditu, bat Lazkaotar batena.

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa-sistemako “Zelulen Biologia eta Ingurumen Toxikologia” ikerketa-taldeko kidea da. Bere ikerketa lerroak itsas kutsadura eta animalien sexuen desberdintzapenaren inguruan garatzen dira. PiE-UPV/EHU EMBRC (European Marine Biology Resource Centre- www.embrc.eu) ikerketa-azpiegitura Europearrean sartzearen arduraduna da, eta erakundean Espainiar estatuko ordezkaritzaren zuzendaria.

176 komunikazio aurkeztu ditu Espainiako zein nazioarteko ikerketa biltzarretan. 9 liburu-kapitulu argitaratu ditu, 58 artikulu nazioarteko aldizkarietan eta 9 artikulu aldizkari nazionaletan. Espainiako bi patente eta nazioarteko patentea aldarrikatu ditu.

Hitzaldi gonbidatuak eman ditu britainia handiko CEFASen, Lobainako Unibertsitate katolikoan, Tesalonika, Santiago de Compostela, Vigo, Glasgow Caledonian, Tromso, Exeter zein Helsinki Unibertsitateetan, Bioinformatikako Institutu Nazionalean, Miguel de Unamuno ikastetxe nagusian; AZTI-Tecnalina, Norbegiako Akvaplan-NIVAn, CIC-Biogune, Eskoziako Itsas Ikerketa Elkartean, zein udaletxeetan, kafetegietan. Zientzia asteetan eta beraren beharra duten tokietan.

Zientziak ematen du boterea eta “eman ta zabal zazu” leloarekin oso gustura sentitzen da!! Eta batik bat kontsideratu egiten du zientzia sexia dela.


HITZALDIAREN ILDO NAGUSIAK

Nazio batuetako iraunkortasunerako 17 helburuetatik abiatuko naiz, hain zuzen 14garren helburutik (Itsaspeko bizia) eta bertatik adarkatu den Nazio Batuetako “Garapen Iraunkorrerako Itsas Ozeanoen Ikerketarako (2021-2030) hamarkada”-tik. Ozeanoen osasuna bermatze aldera helburu nagusietariko bat kutsadura prebenitzea eta kutsatzaileen maila murriztea aurkitzen dugu. 14garren helburuaren bilakatzearen inguruan egindako urteroko azterketek/jarraipenak hainbat arazo aurkitu ditu, eta itsas ikerketan indarrak areagotzeko jarri du agerian.

Jarraian azalduko dut nolakoa izan den gure gizartearen konposatu kimikoarekiko dependentzia-garapenaren historia eta nola honek ingurumenaren/itsasoaren ekosistemen kalterako izan den. Ikusiko dugu nola hartu diren zenbait erabaki zenbait kutsatzaileen eragina murriztu duen, oraindik erronka ugari aurrean ditugularik. Hau aitzakiatzat hartuta nire ikerketaren zenbait adibide emango ditut. Nik kutsatzaile berezi batzuen eragina aztertu egiten dut, disruptore endokrinoak, hain zuzen ere xenoestrogenoak, eta hauek arrainen sexu desberdintzapenean eta ugalketarako gaitasunean duten eraginean.