ZURE ETA GUZTION SEGURTASUNAGATIK EZ UTZI MEDIKAMENTUEI BOLANTEA ERAMATEN

Abiadura desegokiaz, distrakzioez, alkohola eta droga kontsumitzeaz eta abarrez gain, medikamentu jakin batzuk kontsumitzeak zirkulazio-istripuen jatorrian eragiten du, zalantzarik gabe.

Testuinguru horretan, jakin badakigu farmazialariak osasun-hezitzaile gisa jokatzen duela gidariek medikamentuak erabiltzeari dagokionez, eta medikamentuak ematean duen erantzukizunaz jabetuta, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak, uda honetan, kanpaina hau diseinatu du: “Ez utzi medikamentuei bolantea eramaten”.

Ekimenak Nafarroako Trafikoko Buruzagitzaren eta Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren laguntza du, eta medikamentu jakin batzuek gidatzean izan ditzaketen ondorio kaltegarriei buruzko informazio egokia eta egiaztatua eman nahi du. Horretarako, kartel bat eta informazio-diptiko bat egin dira, eta farmazian inprimatuta jaso ditugu, medikamentuak banatzeko biltegien bidez.

Medikamentu batzuek, baita errezetarik behar ez dutenek ere, ibilgailuak gidatzeko behar den trebetasuna murriztu dezakete.

Kontuan izan ondorio hauek: logura edo zorabioa; muskulu-alterazioak (espasmoak…); entzumen-alterazioak; erreflexuen murrizketa; ikusmen bikoitza edo lausoa; deskoordinazioa, ezegonkortasuna, bertigoa edo zorabioa; distantzien pertzepzioa aldatzea; hiperaktibitatea, dardara, takikardia.

Kontuan izan efektu batzuk berehala agertzen direla, beste batzuk egunak igaro ahala, eta batzuetan, aldi berean hartzen diren beste medikamentu batzuek efektuak handiagotzen dituztela.

Ba al dakizu zer eragina duten zure medikamentuek gidatzeko gaitasunean?

Analgesikoak: loa, euforia, zorabioa.

Antsiolitikoak eta hipnotikoak: loa, koordinazio falta.

Antidepresiboak: loa, zorabioa, hipotentsioa, ikusmen lausoa, nekea.

Antipsikotikoak: loa, hipotentsioa, ikusmen lausoa, karranpak, nahi gabeko mugimenduak.

Antihistaminikoak: loa, ikusmen lausoa, antsietatea, insomnioa.

Psikoestimulatzaileak: euforia, zorabioa, ikusmen lausoa, urduritasuna, dardara.

Antidiabetikoak: hipogluzemia.

Eztulkontrakoak: loa.

Antiepileptikoak: zorabioa, ikusmen lausoa, ataxia.

Parkinsonen aurkakoak: ikusmen lausoa, nahasmena, erreflexuen galera.

Gidatzeko gaitasunean eragina izan dezaketen medikamentuek ikur bat dute kartoietan (automobil bat alde gorriak dituen triangelu baten barruan eta triangelu-oinean testu hau: Conducción: ver prospecto).

Ikur horrek ez du gidatzea debekatzen, baina oharpena da erabilera-orria arretaz irakur dezazun eta zure farmazialariari kontsulta egin diezaiozun.

Gomendio orokorrak

Gidatu aurretik, informa zaitez medikamentuaren ondorioez: logale, zorabiatuta, erreflexu-geldo sentitzen bazara edota ikusmenean edo belarrian anomaliak hautematen badituzu, medikamentua hartu eta ez gidatu zure farmazialariari kontsultatu arte.

Ondorioen intentsitatea pertsonen, dosiaren edo adinaren araberakoa da. Mota bereko medikamentuetarako ere desberdina izan daiteke. Normalean, gidatzen baduzu kontsultatu medikuarekin edo farmazialariarekin aukerak baloratzeko eta zuretzat seguruena den medikamentua hautatzeko.

Harreta handiagoa jarri tratamendua hastean, edo ohiko dosiak aldatzean.

Ez gidatu alkohola edo beste droga batzuk kontsumitu ondoren.

Egokitu gidatzeko modua zure gaitasun fisikora eta osasun-egoerara.

Ez gidatu:

Kontzentratzeko edo erne egoteko zailtasunik baduzu.

Trafikoko ohiko gertakarien aurrean harrituta edo asaldatuta bazaude.

Zure helbidera nola iritsi zaren gogoratzea zaila bazaizu.

Ibilbide zuzenari eusteko arazoak badituzu.

Maiz galtzadaren kontrako aldean sartzen bazara, edo errepidearen erditik gidatzeko joera baduzu.

Gomendio hauek bereziki garrantzitsuak dira hainbat medikamentu hartzen badituzu, adinekoa bazara edo gidari profesionala bazara.

ERREFERENTZIA

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala. 2020ko uztaila. Kanpaina: “No dejes que los medicamentos lleven el volante”.

Transkripzio egokitua, laburtua eta euskaratua: Pello Iturria Sarasibar