XVII. mendea, beste edozein denbora-tarteren gisa,
guhaurek gizakiaren historia banatzeko
egiten dugun banaketa ausazko bat da,
eta saiatzen gara banaketa hori baliagarria izan dadin, jakina,
gertaerak hobeki markatzeko,
zeinetan, beti bezala, aurretiko kausa hipotetikoen eta ondorioen
konplexutasuna izariz gaindikoa baita.
Nolanahi dela ere, mende hori, oro har,
arropa goibelekin janzten da,
eta, ez motiborik gabe, klima hoztu zenean,
munduko biztanleek asko sufritu baitzuten
eta gerrak eta miseriak ugaritu egin baitziren.
Hortakoz gogora ekarri nahi izan dut
zenbait historialarik gogokoago duten bertze izen bat,
bederen hondamen hartan guzian
zer edo zer baikorra aipatzeko;
hots, “fisikaren mendea”.
Ez alferrik Boylek, Descartesek, Galileok,
Halleyk, Huygensek, Leibnizek, Newtonek eta Pascalek
gauza zoragarriak atzeman zituzten hain garai zailean.