ARRATIAKO KALENTURAK IPUIN EROTIKO LEHIAKETEAREN BIGARREN EDIZINOA LEMOAN IZANGO DA AURTEN

Arratiako Kalenturak Ipuin Lehiaketearen bigarren edizinoa martxan da. Lanak zemendiaren 30era arte bialdu daitekez begitu@topagunea.com helbidera. Hiru sari emongo dira, irabazleak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 eta Arratiako ipuinik onenak 250 euro. Sari banaketea erotismoa gaitzat daukan kultura ekitaldi bategaz batera egingo da Lemoako Kultur Etxean Gabonaldian.

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotiko Lehiaketea Basauri eta Dimako ipuin erotikoen lehiaketen oinorde eta segidea da. ZERTU Kultur Elkarteak hartu eban bere gain 2019an, Arratiako udalakaz alkarlanean lehiaketea antolatzeko ardurea. Igaz, Igorrekoagaz antolatu eban eta aurten, 2020an, Lemoako Udalagaz batera antolatu dau. Izan be, ZERTU alkartearen eta Arratiako udalen arteko alkarlanean oinarrituten da lehiaketea. Urtero bailarako udal batek ZERTUgaz batera antolatzeko konpromisoa hartzea gura dau ZERTUk, beti udalaren ahalmena kontuan hartuta. Holan, lehiaketea antolatzearen ardurea herriz herri pasetan da.

Lehenengo edizinoan, Ernesto Prat Urzainki nafarraren Sokada baten hiru muturrak lanak irabazi eban; bigarren saria, Durangoko Josu Unzueta Ajuriarentzat izan zan, Ilargiaren abestia lanagaitik eta Arratiako saria Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxeak eroan eban Ortzimugan larrua jo leike lanagaz. Hamazazpi narrazino lehiatu ziran, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik bialdutakoak. Egileai jagokienean, 12 gizonek eta 5 andrak hartu eben parte; gazteenak 22 urte ebazan eta zaharrenak 72.

Igazko sari banaketako ekitaldia Zuriñe Yarrituk aurkeztu eban. Oihan Vegak bakarrizketea eta Ismael Pereirak ikuskizuna egin eben. Irabazleak, Illart Gumuzio Igorreko alkatea, Irene Bilbao ZERTU Kultur Elkarteko presidentea eta Beatriz Azpiri begituko kazetaria eta epaimahaikidearen eskuetatik jaso ebezan sariak.

Zergaitik ipuin erotikoak Arratian?

Kasualidadea izan ala ez, begi golpe baten konturatzen gara asko izan dirala ipuin erotikoen lehiaketetatik pasa izan diran arratiarrak edota oin diran Arratiako bizilagunak. Holan, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde, Janire Lopez, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalaga lan erotikoen egileak doguz. Horreetako batzuk aspaldi pasau ziran Basauriko Euskarabila alkarteak 1996. urtetik 2012ra arte antolatutako Ipuin Erotiko Lehiaketatik. Urte horreetan, hain zuzen be, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde eta Janire Lopezen ipuinak sariak jaso ebezan aitatutako lehiaketan. Gaur Txalaparta argitaletxeak eginiko hainbat bildumatan topau geinkez euren ipuinak, Bero hezeak (2001), Basa gurina (2006) eta Esku hori!! (2012) bildumetan hain zuzen be. Rafa Ugalderen Relax (2007) bildumea be ezin dogu ahaztu. Beste batzuk, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalagaren lanak, oindino argitaratu bakoak, azken urteotan Diman antolatutako Dimako Kalenturak Lehiaketeari jagokoz.

Nabarmentzekoa da Rafa Ugalde dimoztarrak ipuin lehiaketa bien artean egindako zubilana. Ipuin erotikoak idazle honeetako batzuen ibilbidean anekdotikoak izan daitekezan arren, batzuentzat lehenengo lanak izan dira, horreekaz urten dabe euskal literaturearen plazara. Eta ez honeek bakarrik, ugari dira gaur ezagunak diran euskal idazle gazteak horreetatik pasau izan diranak, lehiaketok euki daben arrakasta eta eraginaren seinale. Halanda be, bai Basauriko lehiaketeak, bai Dimakoak euren onenak emon ebezan. Gaur egun ez da Euskal Herri osoan genero hau kontuan hartzean dauan beste lehiaketarik, Arratiako Kalenturak da bakarra.

ZERTU Kultur Elkarteak ahalegin bat egin dau ipuin erotiko lehiaketeari eusteko

Belaunaldi bakotxak bere sexualidadearen isla deskubriduteko joerea eukiten dau. Izan be, literatura erotikoak helburu estetikoa eukiteaz gain -literatura guztiak daukan lez- sexu irakaspena be emon gura izan dau. Jendartearen sexu portaera eta fantasien erakuslea da. Areago, jendarteak sexuagaz ze hartu-emon daukan behin eta barriro erakusten deusku.

Literatura erotikoa literatura bera bezain zaharra da. Beti euki izan dogu sensualidadea, amodioa eta barruko sentimentu guztiak islatzeko beharrizana.

Gu seguru gagoz antolatu izan diran ipuin lehiaketa guztiak, generoaren garapena ez eze, irakurle eta idazle barriak be ekarri dabezena gure euskal literaturara. Euskal literatureari ekarpen handia egin izan deutsie. Generoaren bilakaerea be agerikoa da. Gaur erotismoaren agerpen hutsetik harago, nagusi da sexu-generoaren gaineko ikuspuntua emotea. Eta literatura erotikoaren mugak gaindituz erotismoa bera bestelango lanetara be zabaldu da, nabarmen-nabarmen idazle andrazkoen literaturan ikusi daikegun lez.

Lehiaketearen oinarriak

1- Lehiaketa honetan hamasei urtetik gorako edozein personak hartu leike parte.

2- Lan guztiak argitaratu bakoak eta euskeraz idatziak izan beharko dira.

3- Lanak ipuin erotikoak izan behar dira eta DIN A4 orrietan makinaz tarte bikotxean idatzita aurkeztu behar dira. Lanen luzeerea lau eta zortzi orrialde artekoa izan behar da.

4- Lanean ez da egilearen daturik ipiniko, izenburua bakarrik. Egilearen datuak (Izen-abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren izenburua) gutunazal zarratu baten sartuko dira eta gutunazal horren azalean lanean ipini dan izenburu bera ipini behar da.

5- Lan orijinala, hiru kopia, eta egilearen datuak dituan gutunazala beste gutunazal handiago baten sartuta, honako helbide honetara bialdu behar da: Zertu Kultur Elkartea, Herriko Plaza 24, 48142 Artea (Bizkaia). Posta elektronikoz bialdu ezkero, gehitu artxibo bi, bat lanerako, bestea datuetarako, eta bialdu helbide honetara: begitu@topagunea.com.

6- Hiru sari emongo dira: lehena 600 eurokoa, bigarrena 400 eurokoa eta Arratiako onenari, 250 eurokoa.

7- Lanak bialduteko azken eguna 2020ko zemendiaren 30a da.

8- Zertu alkarteak izentauko dau epaimahaia literatura munduko kideakaz.

9- Sari emotea irabazleak bertan dirala egingo da. Non eta noz izango dan aurrez iragarriko da.

10- Lan saridunak Zertu alkartearen esku lotuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukerea eukiko dau, beti egilea nor dan garbi adierazoz.

11- Zertu alkarteak oinarri honeei edozein aldaketa egiteko aukerea eukiko dau, beti publikoki adierazoz.