KONPOSTELARAKO NIRE BIDEA (1)

Agur adiskide. Xerar Urrutia Jorajuria nauzue, lapurtarra, 1959ko martxoaren 19an sortua, urruñarra sortzez eta biziz. Oraingoan kontatuko dizuet, niretzat sekulako esperientzia izan zen, Donibane Garazitik Konpostelako Done Jakueraino, bakarrik eta oinez egin nuen bidaia. Egunero bidearen berri idazten nuen nire kaieran eta horrela kontatuko dizuet egunez egun ikusi eta ikasi nuena. 2019ko uztailaren 7an hasiera eman nion ene bideari eta abuztuaren 8an bukatu nuen. Hogeita hamahiru egun behar izan nituen bidaia burutzeko, kasik bost aste. Toki ederrak eta jende onak ezagutu nituen, urratsak eginez, bakoitzak atzeman lezake bere bidea. Horra hor, bada, nire kaieran, egunez egun idatzi nuena:

Larrun utzita Konpostela aldera noa. Bidaia hasi aintzin, betiko dudak sortzen dira, bost astez kurritu behar, egunero hogeita bost kilometro egin behar? Ez dakit ia egun guziz, sei zazpi orduz segidan ibiltzen ahalko naizen oinez. Hala ere, eta sufrituz bada ere, gogoa dut Konpostelako edo Izarlandako bidaia hau egiteko. Garazitik Santiagoraino, hogeita hamahiru egunez. Goazen ba gogoarekin!

Galderak egin ditut ezker ta eskuin bidaia honi buruz eta maiz lehen etapa gogorra dela entzun dut eta gero nahiko erresagoa dela. Gorputzak onartzen omen du min izatea eta bai muskuluak bai ligamenduak azkartzen dira egunero bidaia eginez. Agian horrela pasako da.

Garazin lehen eguna. (2019ko uztailaren 6a)

Herriaren itzulia egin eta logela bat xekatu dut. Uharte Garazin lortu dut ganbara, Garazitik nahiko hurbil (700metrora). Bizkar-zakua (10kg) pausatu dut ganbaran eta berriz Garazira afaitera. Kredentzial nortasun-agiria hartu, emazteak saldu dautan paper hau (2€-tan erosi) zintzoki eta ongi entzunez Kaminoari buruz erraiten zuen guzia eta partikularki bere kontseiluak. Gero pelegrinen afari bat hartu dut 12€-tan. Bihar lehen etapa, erne malda gora 1400 metroraino Ibañeta lepotik pasatuta.

 

Garazi – Orreaga, uztailaren 7a.

Goizeko seietan esnatu, pixka bat garbitu, jan zereal barra bat eta martxa. Uharte Garazitik hasi bainan ez bakarrik, ainitz jende bada eta horien artean ama bat bere hogeita zazpi urteko alabarekin. Elgarrekin lehen etapa hau egitea erabaki dugu, dena laño eta euri fin batekin egiten dugu bidaia, tristea bai ez da bost metrotan ere ezer ikusten, pasako da; eta ordu bat eta erdi geroago lehen gelditzea Honto aterpean. Hor bertan kafe bat hartu eta segi; bederatziak laurden gutitan Orisson ostatuan aliatzen gira eta hor zer ez da nere harridura Urruñako lagun bat ikusten dutanean. Besarkatu gira, argazkiak hartu ditu eta kafe esnea hartu dugu elgarrekin. Egon gira oren erdi bat eta kuraia emaitera etorri zaut; milesker lagun!. Ondotik berritz malda gora, ez da gelditzen eta gainera denbora txarra dugu.

Hala ere, hiruak martxa onean ibiltzen gira. Arratsaldeko ordu batean, Ibañetako kaskoan gira, 1400 metrotan, eta azkenean iduzkia ateratzen zauku. Hor zaldiak gurutzatzen ditugu eta arratsaldeko ordu bietan Orreagan aliatzen gira. Ni segidan joan naiz lo gelaren xeka beste biak ostatuan utzita. Lo egiteko tokia harrapatuta, garbitu naiz. Geroxoago hiruak elkartu gira eta joan gira bazkaltzera. Ondotik Antso Azkarraren hobia ikusi dugu baita Orreagako eliza bisitatu ere. Arratsari buruz, separatu gira eta ni nere ganbarara joan naiz beste bi lagunak agurtuz eta eskertuz. Orain lo haundi bat egin behar dut biharamuneko etapari pentsatuz. Egun polita izan da nahiz ta euritsua. Ikusiko bihar ia zangoek eta gorputzak beraien indarra errekuperatzen duten.

Orreaga – Larrasoaña, uztailaren 8a.

Gaur, bigarren etapan, atzo bezala goizeko seietan esnatu naiz.

Zazpiak laurden gutitan abiatu naiz Orreagatik Larrasoañaraino, zazpi orduko bidaia. Gorabeherak badira eta kasik dena oihanetik barna pasatuz. Azkenean, Larrasoañara aliatu naiz eta lo gela xekatu dut segidan. Albergue San Nikolas deitzen da harrapatu dutana, gela bat lau oherekin. Bidean txinatar batzuk ezagutu ditut eta ene ingelesa famatuarekin Zubiri herrian gelditzen zirela ulertu dut.

Nere logelan direnek ingelesez hitz egiten dute, good afternoon eta kitto. Bihar Iruñera noa, aupa San Firmin euriaren azpian. Bestalde ohartu naiz jendeak gurutzatzen ditudanean beti “buen camino” erraiten dutela eta ni jadanik aspertzen hasi naiz holako erranarekin. Paso, tuto va bene, neskatila italiar batek erran dautana hau ba zinez ontsa, dena ongi doa?… Larrasoaña herri barnean sartu naiz, Amari ostatuan eta hor Errioxako ardo botoil baten gainean gure mus txapelketako etiketa bat kolatua zuen. Angel nagusiari galdetu diot ia zer zen hori eta kontatu daut Euskal Herriko mus txapelketetan parte hartzen zuela, horregatik ukan zuen botoila hori. Ondotik erran daut ere bere aitatxi donostiarra, Francoren soldaduek erail zutela eta bere aitarekin betan Belgikara ihes egin zutela 1950 urtean. Berak hiru hilabete zituen bakarrik eta holakoetan ez zitzaion erres izan euskara ikastea.

Hala ere, aski harro zen bere bi semeak euskararen erakasleak zirela erraitean. On egin daut holako gizon bat ezagutzeak. Orain afaltzera. Azkenean, nere logelako hiru lagunak, bat alemana bestea hungariarra eta azkena italiarra. Denok ingelesez mintzatu gira eta biziki interesanta izan da.”For me there is only one Basque Country” nik erranik eta ulertu dute. Hamarretan lo egitera edo saiatzera bederen, zurrunka, puzkerrak, ohearen harrabotsak eta abar kontutan hartu behar baitira. Hori pentsatu orduko gure italiarra kantuan hasi zauku. Akabo etxea, gau xuria… paso, bihar Iruñera!

Larrasoaña – Iruñea, uztailaren 9a.

Horrela, lo guti eginda, zazpiak inguruan esnatu naiz, gosaldu dut eta zortzietan martxa. Normalean hamabietan aliatu izan beharko nuke. Bidean banoa eta Taiwaneko bikote bat gurutzatu dut eta beraiek segidan “buen camino”, nik bai, bai, berdin! Gero emazte batek, polita, luzea, ile argi batzuekin galdetzen daut nungoa nintzen eta nik erantzun Euskal Herrikoa. Beraz, zure etxean zira hemen erraiten daut. Eta zu nungoa zira? Ni Ipar Amerikakoa naiz —berak dio, Washingtonekoa eta Patrizia deitzen naiz. Elgarrekin bide puska bat egin dugu eleketan arituz eta Iruñera arribatzean separatu gira, berak segitzen baitzuen Zizur Txikia herriraino eta ni nere logelaraino. Hiru laurden pasatu ditut hotela harrapatzeko, zangoak sutan. Arratsaldeko oren batetan logelan nintzen, dutxa, pausa eta San Firminera itzuli bat.

 

San Firminetan itzuli bat egin dut eta bihar Garesera. Gares euskaraz eta Puente la Reina espainolez. Erdarazko herri honen izenak pentsarazten daut ene lagun baten hitzaz: “Viva el rey y su puta madre”. Ulala, segurki nekaduraren efektua. Paso, paso…

Iruñea zinez merezi du bisitatzea, partikularzki Alde Zahar historikoa. Etxe ederrak, jauregiak, gotorlekuak eta abar. Nafarroaren herri nagusi hau xoragarria da. Gauean, su artifizialak izan dira astearte hontan, biziki ederrak, haundiak eta beste tokietan baino azkarragoak, iduritu zaut soinua aunitz azkarragoa zela gotorleku hauen ondoan, tunpa, tunpa!!! Gaur hotelean lo egitea erabaki dut zangoak ongi antolatzeko eta ongi lo egiteko. Ikasleen gela ttiki bat da bainan zurrunka musikarik ez…