MEMENTO MORI

Hizkuntzen hilkortasunari buruz

Hilezkortasuna jainkoei bakarrik dagokien zerbait da. Ez nioke zerbait horri atributurik jarriko, batez ere, hilezkortasuna eta zahartzaroa elkarrekin ez doazelako. Safo lesbiar poeta eme arkaikoak argi adierazi zuen moduan, heriotza ona izango balitz, jainkoak ere hil egingo lirateke.

Hizkuntzak, beraz, hilkorrak dira, gu bezala. Geu haien biziraupenaren arduradun bakar. Pertsonen baitan besterik ez baitago hizkuntzen hilezkortasunaren bermea. Prometeok su sakratua zeraman moduan, guk, hiztunok alegia, besterik ez daukagu su hori piztuta mantentzeko ahalmena. Garra ez itzaltzeko era bakarra egunerokoan geurekin barreiatzea da, hots, hizkuntza alderrai eta uneoro erabiltzea, goazen lekura goazela hitzen bitartez piztuta iraunaraztea.

Ez dakienaren aurrean zer, ordea? Askotan (gehiegitan esango nuke) tokian tokiko hizkuntza ezagutzen saiatzen ez denaren aurrean burua makurtu eta berea geure egiten dugu, neurrigabeko abegi ona eginez eta garondoan gure mintzairaren heriotza gero eta hurbilagoaren hotzikara sumatu arren, sor eta gor egiten dugularik. Etxean sartzen uzten diogu, sarritan betirako.

Litekeena da jokabide ergel hau gaur egungo bizitzeko erarekin erlazionaturik egotea, garrantzia orainak soilik duen pentsamolde hedatuegiarekin, hain zuzen. Kronologiatzat GAUR-bihar–atzo duen ogiz eta zirkuz aseturiko gizarte konformistarekin. Herenegun gertatutakoa interneten aurki daitekeenaren lasaituarekin bizi diren pertsonez betetako lurralde basatia.

Gizakiok mundua kutsatu dugu eta gure planetatik haratago dagoenarekin gauza bera egin nahi dugu, aurrerakuntzaren izenean; itsasoa plastifikatu dugu, txikitako liburuekin egiten genuen moduan; harropuzkeria banderatzat duten gerra ugari daude, ondarea suntsitzea bat ere axola ez zaien agintari berekoien agindupean, pertsonak akabatzea gutxienekoa dela erakusten duten bururik gabeko buruzagien lokarria lepotik lotuta. Hori guzti hori jakin badakigu ere, egunero sareetan, telebistan eta muturren aurrean jartzen diguten edozein formatutan ikusi arren, momentuan ondo baldin bagaude, guri ez dagokigun zerbait izango balitz bezala jokatzen dugu. Urrunekoak gure azala inoiz ukitu ezin izango balu bezalaxe. Akabatu dadila mundua nahi duenean, ni orain ondo bizi naizen bitartean!

Edozein hizkuntzaren taupadek ere egoera bera jasaten dute. Haurtzaroan, kolore biziz margoturiko arrain handiak txikia jaten duela erakutsi baziguten ere, hizkuntza zehatz bat gurasoekin eta irakasleekin hitz egiteko bakarrik erabiltzen dela erakusten diegu geure seme-alabei, batean autoritatearekin bestean lagunekin aritzeko askatasuna emanez. Baimenak, erreguak, barkamenak eta mesedeak hizkuntza batean, txantxak, txisteak eta algarak, aldiz, bestean. Bata serioa, dibertigarria bestea. Lehendabizikoa, hozkailu egoeretan erabili beharrekoa, bigarrena labeko berotasunean. Irainak, berriz, horiek arrain handiaren ahotik, indar gehiago duenez, txikia errazago kikilduko da.

Bada, batere lotsarik gabe, ezjakintasunak eragindako ausardiak bultzaturik “hildako hizkuntzak” ikasten zein irakasten dituztenei barre egiten dionik ere; akaso, hiltzear dauden beraien aiton-amonek, hilda ez badaude behinik behin, barregura berbera ematen ote die?

Aiton-amonek hitz egiten zuten hizkera bilobek erabiltzen dutenaren berdina al da? Ez, noski. Hizkuntzak, beharraren arabera, garatzeko ahalmena daukalako, hiztunen pentsamoldea hitzen bitartez egokitzeko gaitasun paregabea.

Hizkuntzak, beraz, jaio, bizi, zahartu eta, ondoren hitz egingo duenik ez bada, hil egiten dira, ez baitira jainkotiarrak. Sarritan, ordea, hildako hizkuntzak erdeinuz aipatzen dituztenak ez dira jabetzen hizkuntza horretan bertan ari direla solasean, hizkuntzaren hirugarren adinean, akaso, baina oraindik bizirik dirauen mintzairan. Iraganari bizkarra emanda bizi diren ezjakin ausartak.

Bilakaerarako aukerarik ez ematea erabakitzen dugun hizkuntzari, ordea, merezitako hilartitza lehenbailehen idaztea komeni da, beranduegi baino lehen. Eta egin ditzagun eginahalak hilartitzaren aurretik igaro den ibiltariak hitz horiek uler ditzan, etorkizuneko hiztunarentzat idatzitako mezu itxaropentsua izan dadin.

Hortaz, geroaldiko atze-oihala zabaldu eta agertokia argi distiratsuz bete dadin nahi badugu, saia gaitezen hizkuntzaren antzoki aberatsean hitzek, dantzari nekaezinak diren heinean, oholtzan dantzan jarraitu dezaten, hiztunen erritmoaren pausoan, jendartean kataloxekin begira dagoen gizabanako hotza bilakatu aurretik.