BURUZ BEHERA

Munduan airea kutsatuegi dagoen honetan, zaila da arnastea eta ez naiz musukoari buruz ari. Osasuna politika bilakatu da, jendeak ez dauka irribarrerik kaleko ezezagunei eskaintzeko, egunero berri txarrak bakarrik entzuten dira eta entzuten ez ditugunak ia okerragoak dira, Tinder da orain bihotzen gordeleku eta buruak lelotzen dituzten programak ezjakinen topaleku. Baina agian isla bateko abenturen lekuko izatea hobe da gaurkoan zenbat mila kutsatu dauden irakurtzea baino. Edozein arazo txiki erraldoi bilakatzen zaigu segundo kontuan: inoiz baino sentiberago gaude, inoiz baino urduriago. Ordu txar bat egun txar bihurtzen da eta egun oso bat aste luze bat. Eta hala daramatzagu hainbat eta hainbat hilabete. Geroz eta egun euritsuagoak, geroz eta egun busti gehiago. Malkoen zergatia ulergaitza egiten zaigu gauetan eta goizeko irribarrea laster iluntzen da.

Baina hala ere egunero kalea zapaltzeko aukera dugunok badugu zeri edo norbaiti esker eman, badugu nolabait zoriona bilatzeko aukera. Nahiz eta tabernak itxi, parkeko aire freskoak eta eramateko kafe batek inoizko arratsalderik onena oparitu diezaguke lagunik onenen alboan. Etxeko lau pareten artean ere zerbait ikasi genuen, familiarteko beste harreman bat sortzen, denbora administratzen, gutxirekin pozik bizitzen. Berriek egunero atsekabetzen bagintuzten ere. Itxaropen handirik gabeko bizimodu batera ohitzen ari gara, halamoduz arnasten dugu eta halamoduz disfrutatzen dugu jada existitzen ez den askatasunaz. Bizi baina gehiago, bizirauten ari ote gara? Agian bai, baina bidaia hau beharrezkoa izan daiteke etorkizun oparo batentzat ( nahiz eta honen inguruko aurrerapenek ere ez dakarkiten berri onik ).

Hori bai, inork ez du sinesten jada izurri honek pertsona eta gizarte hobeak egingo gaituenik: bada inor errespetatzen ez duenik eta bada, batez ere, arazo guzti honetaz bere politika kanpaina egin duenik. Ekonomia osasunaren gainetik jarri dute agintariek eta horren ondorioa bigarren olatu honetan nabaritzen ari gara. Baina akatsek gure artean jarraitzen dute: gizakia omen da harri berdinarekin bi aldiz estropezu egiten duen bakarra. Zenbakitzat hartzen gaituzte egunero, osasun eta sentimenduak jolastzat. Eta guk utzi egiten diegu gainera, baina hori ez da gauza berria gizarte honetan.

Udazken koloreak ari dira ingurua betetzen: hain ondo arnasteko gogoa ematen dizun airea hozten, hostoak hamaika koloreren forma hartzen, hotza sentimendu berriak sortzen. Agian neguak elurrarekin batera berri onik ere ekarriko du, edo agian Olentzerok itxaropen apur bat utziko digu galtzerdietan. Hori bai, banan-banan izan beharko, familia osoa elkartu ahal izatea oraindik imajinagaitza egiten baitzait. Mahaietan hutsune asko egongo ote dira aurtengoan? Lehenagotik hutsik zeuden zuloak nahikoa ez eta oraindik faltan botatzeko gehiago edukiko ote dugu aurten? Ai, gure aitonak barre algarez beteko luke mahaia aurten ere, egoerarik okerrenari ere aurpegi ona jarriz, egunkariko papera erabiliz urtero eraikitzen zuen gezurrezko Olentzerorekin izurriteari buruz hitz eginez, Txirritaren bertso berriak inoiz ahaztuko ez zituzten bilobei erakutsiz… Familia eta kantu zahar pare batekin pozik beharko dugu aurten, forma berri batez eraikiz gure irribarreak.