2019ko uztailaren 7an, Donibane Garazin, hasiera eman nion Konpostelako Done Jakue bideari eta abuztuaren 8an bukatu nuen. Hogeita hamahiru egun behar izan nituen bidaia burutzeko, abantzu bost aste. Uztailaren 10ean, Iruñea euskal hiri buruzagitik abiatu nintzen Garesera iritsi nahian. Uztailaren 14an Euskal Herritik atera nintzen Logroño aldera nindoala. Horra hor, bada, nire kaieran, egunez egun idatzi nuena:
Iruñea – Gares, uztailaren 10a.
Gaur asteazkena, entzierroen ondotik, zortziak eta erditan martxa Gareseraino bost orduko bidaia. Ostra!, azkenean aliatu naiz Garesera, sei ordu eman ditut zangotik sufrituz. Uste baino zailagoa izan da, hala ere gauza politak ikusi ditut, iduzki-lorez beteriko pentzeak eta harri zirkulu bat ere, euskal mitologia?
Segitu dut beti zango azpiak sutan eta haize-errotak ikusi ditut. Hauek ote dira gaur gure erraldoiak?
Toki ederrak Nafarroa hontan. Ondotik dutxa hartzera joan naiz, krakada egin eta itzuli bat egin ere herri hontan. Gaur hiru txinatarrekin afaldu dut, beti irriñoa egiten dute eta ingelesez hitz egin dut haiekin, baita jestuz ere ari izan gira. Jan eta gero lo egitera joan naiz, gaur zaila izan da neretzat beste anpolu bat atera zaut. Aterpetxera joatean farmaziatik pasa naiz eta nere bi zangoak erakutsi diozkat bertako emazteari. Ulala, zer da hori? –erran daut eta nik konpondu eta biharko listo, baditut sei ordu egitekoak bihar Lizarraraino. Biziki zintzoa izan da, eman dauzkit behar nituen spray eta desinfektatzaileak. Kondatu daut koral batean ari zela eta ez da hain aspaldi Iparraldera etorri zela kantatzera, ni Kuxkuxtu taldearekin ari nintzela kantatzen. Eskertuta gero, ganbarara joan naiz…
Gares – Lizarra, uztailaren 11.
Gaur zazpietan hasi naiz kurritzen eta bizkarrezko minarekin, gorputza gogortua, galtzerdiak doi-doi emanez, ai ai ai nun da nere gaztetasuna? Egunak aldatzen dira bainan minak beti hor. Segi, eta ordu baten buruan gelditu naiz gosaltzeko eta pausatzeko Mañeru herrian, patata tortilla, liranja jusa eta kafe esnea. Laurden baten buruan martxa eta hobekiago sentitu naiz. Mahastien artean pasa naiz, zubi erromanikoaren gainetik eta kasko batean gelditu banana bat jateko. Zango azalak berotzen hasi zaizkit. Kasko hontatik bi ordu gelditzen zautalarik gaurko bidaia bukatzeko, Ipar Ameriketako (Ipar-Karolinakoak) bikote bat gurutzatu dut, aita bere alabarekin. Aita, Luis, hirurogoita hameka urtekoa eta Rebecca berrogoita bost urtekoa bere parasola gorriarekin iduzki kolperik ez hartzeko. Ostia! nola ibiltzen ziren, ni herrestan eta hauek xistuz eta goxoan. Gero ohartu naiz ez zutela zakurik bizkarrean, motxila ttiki bat beizik. Galdetu diotet nola egiten zuten eta erran dautate bost euroren truke beraien zakuak eramanarazten zituztela, garaile enpresari bati esker, beste etaparaino. Zergatik ez! Azkenean hiruak Lizarrara aliatzen gira, bakotxak bere logelara eta agur. Ene puskak pausatu ta gero, garbitu naiz eta lo arratsaldeko lauak arte. Esnatu eta Lizarra herrian itzuli bat egin dut eta hortan bukatu dut gaurko etapa…
Lizarra – Uranzia, uztailaren 12a.
Gaur seigarren etapa, Lizarra – Uranzia (espainolez Los Arcos). Goizeko seietan jeiki naiz bizkarra biziki gogortua. Ze komedia galtzerdiak emateko soinean baita Nok krema eta pentsamenduak emateko ere. Nolazpait denak ahal izan ditut eman. Zazpiak eta laurdenetan abiatu naiz Iratxe herritik barna pasatuz, eta herri honen eliza eta iturritxa famatuan gelditu. Bistan da ezin nintzela hemendik pasatu Iratxeko arnoa jastatu gabe. Iturritxa berezia, alde batetik ura eta bestetik arnoa. Batzuek badakite ongi bizitzen. Bidaia segituz Urbasako mendiak ikusi ditut ene eskuinean. Zein ederrak! Gero hortik aski laster, arbola baten azpian gelditu naiz liranja bat jateko eta ur pixka bat edateko. Geroz eta bero haundiagoa egiten du, jadanik 32°.
Urruntxo pankarta baten gainean bi kilometro eta zazpi metro Uranziaraino idatzia zen. Hurbiltzen ari naiz eta gaurkoa nahiko erresa izan da, erresagoa erran nahi dut betiko zango minekin, sutan dira bainan hala ere hobekiago dira. Larru eta hezurrak egiten ari, ene aita Felixek zioen bezala…Frantses bikote bat gurutzatu dut gaur, Vauclusekoak zirela zioten eta emaztea eta alaba beltzak ziren. Denetarik ikusi dut gaur arte baina hauek lehen beltzak izan dira. Ez dut uste ainitz badenik kolore hontako jenderik Santiagoko bidean. Horiak, grisak, xuriak…, andana bat, bainan beltzak guti, bitxia egiten zaut, paso… Oso atseginak dira eta egon gira momentu batez elgarrekin fruituak eta edariak hartzen. Agurtu gira pentsatuz berriro elkartuko ginela asmoarekin. Uranzia herrian sartu naiz, usaiako gauzak egin eta afaldu dut eliza parean zortzi eurotan, un plato conbinado, aterpetxeetan bezain merke.
Afaldu ta gero, pentsatu dut biharko etapa bi zatitan moztea, bihar bost orduko bidaia Vianaraino eta etzi hiru oreneko bidaia Logroñoraino. Oroitzen naiz duela berrogoi bat urte, arnoaren erostera izan nintzela Logroño herrian eta hor gizon batek sarrarazi ninduela bere xaian arno beltza jastatzeko. Lehen aldia zen enetako holako toki batea sartzen nintzela, lur azpian, freskuran eta arno usaia azkar batekin barnean. Pixka bat nahasia sentitu nintzen eta horko jabeak erran zautan: hartu baso hau eta arno jastaketa eginen dugu! Hau edan, beste bat edan, azkenean ez nakien zein zen arno hoberena. Hala ere, bi hogoi pintako damasonak erosi nizkion egun hortan. Euskaraz hitz egiten zuen eta biziki interesantak ziren bere erranak. Maite zituen mahastiak eta bere lana. Hortan utzi nuen eta ene etxera sartu nintzen… Ia aurten euskaldun bat ezagutuko dutan Logroñon? Hori igandean ikusiko, anartean Vianako bidaia egin behar dut bihar larunbatarekin, ene zazpigarren bidai eguna izanen dena…
Uranzia – Viana, uztailaren 13a.
Gaur atzo pentsatu bezala, Vianako herriraino izan naiz bost oren pasatuz bidean. Bide bazterrean harri metak ikusi ditut, pelegrinoek egindakoak. Oroitarazi dauzkidate Perun ikusi nituenak, hobekiago erranez Quesuako eremuetan (gaurko inken ondorengoen lurraldean). Han holako harri metak egiten dituzte (pentsatzen dut beste ainitz herritan ere) mezuak eta agurrak igortzeko beraien gurasoei zeru aldera.
Hor, ene burasoer pentsatu dut eta ari nintzen pentsatzen aita Felixek zer ari nintzen eta ia ez nuen besterik egiteko errango zautala, bistan da ama Mayi ondoan, utzazu ba bere nahikeria egiten ari da! —erantzungo ziola segidan. A, nostalgia piska bat, hori ere ekartzen du holako bideetan kurrituz. Azkenean Viana herrian sartu naiz, polita ematen du. Aperitifa eta pintxoak hartu ditut ene bi Ipar Ameriketako lagunekin Biziki zintzoak izan dira eta arratsaldeko bietan sartu naiz pausa ttiki bat egitera. Andres Muñoz aterpetxean izan naiz pausa egin ta gero, zazpietan puntu, jakin bainuen, ene amerikar lagunek erranik, gizon bat kantuz ariko zela toki hortan. Jarri naiz emazte baten ondoan eta entzun dut frantsesa zela. Galdetu diot nungoa zen eta ze izena zuen. Cecilia, Blois herrikoa zela erantzun daut. Ixildu gira eta tenor itsua zena hasi da kantatzen. Boza biziki ederra zuen eta hogoi minutuko kontzertu bat eskaini dauku. Ondotik bertsoak irakurri dituzte. Hori bukatzean, gasna eta saltxitxoia eskaini dauzkigute. Gero afaltzera joan naiz eta arratseko bederatzietan lo egitera biharamuneko Logroñoko bidaiari pentsatuz…
Viana – Logroño, uztailaren 14a.
Hara!, Logroñon naiz eta ze gauza arraroa gertatu zautana, gizon misiolari batek arrosario bat eskaini daut otoitz eta bidai on bat egiteko Santiagoraino. Hartu diot arrosario hori bakearentzat hain beste nahi zuen nik hartzea, doake aingeru edo apez baten itxura nuen ene bizar xuriarekin. Ez diot deus erran bainan otoitz bat banu egiteko euskal presoendako izango liteke, askatasuna eta amnistia izan ditzaten denek. Eta gero burua altxatuta ohartu naiz espainol ikurrina ainitz bazirela balkoietan. Hala ere herriaren itzulia eginen dut bainan sin hablar.
Logroñoko Alde Zaharra nahiko polita da. Pintxo bat hartu dut Errioxako arno on batekin eta hau da ene fedea.
Adio Euskal Herria bainan ez betiko
Konpostela egin eta gero,
naiz etxera itzuliko…
You must be logged in to post a comment.