lLARGI GUZTIAK

Euskaraz filmatua, “lLARGI GUZTIAK” Arcadi Motion Pictures, Kowalski Films, Pris & Batty Films eta Ilargia Films ekoizpen etxeen filma da; Frantziako Noodles Production ekoizpen etxearekin batera koproduzitu dute. Filmaren grabaketa otsailaren 17an hasi zuten Mutrikun, eta koronabirusaren ondorioz etenda egon ondoren ekainaren 20an amaitu zuten; Gaintza, Artikutza, Zizurkil, Orozko, Gallarta, Erandio, Erratzu, Urbasa eta Leurtzako urtegian ere egin dute filmaketa.

Igor Legarretak Jon Sagala gidoilariarekin batera idatzitako narrazio fantastikoaren protagonista nagusiak Haizea Carneros, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea dira. Lier Quesada, Zorion Egileor eta Elena Urizek osatzen dute aktore taldea. Egileek azpimarratu dutenez, Ilargi guztiak ez da beldurrezko filma bat. “Kontakizun erromantikoa, drama fantastikoa da”. Istoria Nafarroa iparraldeko herri ezezagun batean kokatzen, eta XIX. mendearen amaierako landa eremu batean girotuta dago. “Emakume misteriotsu batek III. Karlistaldi amaierako bonbardaketa batean zauritu eta hiltzear dagoen umezurtz bat erreskatatuko du. Emakumeak, umea harekin egotearen truke, jaso daitekeen oparirik handiena emango dio: hilezkortasuna”.

Igor Legarretaren bigarren luzemetraia hurrengo hilabeteetan estrenatuko da.