KONFINATURIK JAIO ZEN LIBURUA

Istorio harrigarri bat azalduko dizuet. Nor naizen? El imaginario en las creencias populares y cultas izenburuko liburua naiz. Txomin Peillen iparraldeko idazle eta euskaltzainak idatzi duen azken saiakera-liburua. Nire historia pixka bat azaltzera nator. Nire sortzailea urte luzetan aritu da nire barrua osatzen duen informazioa biltzen. Mundu zabalean berak egindako bidaiei esker sinesmen asko ezagutzeko aukera izan du. Eta hizkuntzalaria eta antropologoa izanik, arreta berezi batekin so egin dio sinesmenen irudikatzeari. Horrela gurean ematen diren sinesmen asko alderatu ditu mundu zabalean hedaturik daudenekin. Peillen jaunak nire baitan eskaintzen duena ez da zenbait lekuetako alderaketa soila, idazlan honetan zuberotar kuttun honen asmoa azterketa konparatista egitea da.

Zein den ezberdintasuna alderaketa bidezko azterketa eta azterketa konparatistaren artean? Alderaketetan beti elementu berdinen atal ezberdinak dira begiratzen direnak; azterketa konparatistan, ordea, ez dira beti elementu berdinak kontuan izaten. Nire orrietan, adibidez, Peillen jaunak euskal kultura eta gizartea alderatzen ditu munduko zenbait kultura ezberdinekin, eta ez beti kultura berdinak direnekin; izan ere, zenbait alorretan gurean ematen ez diren sinesteak ere alderatuak baitira beste batzuekin.

Txomin Peillen Karrikaburu.

Zer aztertzen duen Peillen jaunak nire barnean? Hori azaltzeak ia liburua bera errepikatzea eskatuko luke! Hala ere saiatuko naiz pixka batean.

Mendebaldeko kulturetan sarri pentsatzen dugu sinisteak erlijioen menpe sortu direla. Baina erlijioek eurek ere ez dituzte hainbeste urte. Giristinoenak bi mila urte inguru ditu, beste batzuek zerbait gehiago eta besteek gutxiago.

Hala ere, erlijio horien aurretik baziren beste elementu ugari zeinetan sinesten zuen jendeak. Gehienetan naturarekin lotuak. Horrela zerua edo ortzia, zuhaitzak, ibaiak edo itsasoak, ama-lurrarekin batera gurtuak izaten ziren.

Zenbait lekutan erlijioak ez ziren inoiz sartu, eta beste askotan, ahalegin bortitzak eginda ere, erlijioen aurreko zenbait elementu denboran irautea lortu dute. Gorde diren elementu horiek dira antropologoek aztertzen dituztenak. Peillen jaunak bere bidaietan jaso izan ditu ikusitakoak bere kaieretan edo argazki-bildumetan. Petrikiloak, sorginak, natura entzuten gaitza sendatzen saiatu izan direnak… Horiek dira Peillen-ek gertutik ezagutu dituenak.

Beste aldetik denok entzun izan ditugun erlijioen zenbait bereizteak, beste adituen txostenen bitartez lortu du haien ezagutza. Horrela arrisku ezberdinetako sinesmenak alderatzen ditu.

Hala ere, sinesmen guztiak ez dira ematen erlijioen karietara. Zenbakiak, koloreak, usainak, gorputz-atalak eta abar luzeak aztertuak azaltzen dira neure baitan. Ez pentsa, ez duzu batere gai horietan jakintsu izan behar. Guztiz alderantziz! Liburu hau gai hauetan jakituna ez dena hurbilarazteko ahalegina da. Peillen jaunak oso laguna duen ironia darabil liburu mardul hau hain ez pisua egiteko, eta irakurketa arina egiteko.

Aipatu dudan guztia ez da izan ni konfinatua izateko arrazoia, baizik eta birus txiki bat, koroaren antza duen birusa: SARS-COV-2a. Martxoaren 14an larunbatarekin guztiok etxean gordeak izateko agindua jaso genuen. Ni ozta-ozta bezperan inprimatu ninduten, eta berehala inprimategi etxean kutxetan sartu, eta beraien barnean geratu nintzen. Inprimategiaren asmoa astelehenean argitaldaria deitzea zen nire bila etortzeko. Argitaldariak apirila oso aurreratua zegoelarik jakin zuen ni salmentarako prest nengoela. Alferrik!. Oraindik itxialdia puri-purian zegoen. Bitartean ni kutxa estutan geldirik, eguzkia ezin ikusirik. Nire sortzaileari bisita ezin eginik. Argitaldaria ezin ikusirik. Irakurleak ezin ikusirik. Letra hauen irakurle zaren moduan, zu zeure etxean, ni kutxetan. Guztiok ezin mugiturik.

Horrela hozten hasi nintzen, eta belzten argirik gabe. Argiaren beharrean, sua piztu nuen. Horregatik nire azal beltzean dager su eder bat. Senpereko Larraldea etxeko laratzean piztu zen sua ni berotzera inguratua eta geratua. Mila esker, Auxtin!

Azkenik, ekainaren seian heldu nintzen banatzailearen eskuetara. Hala ere, oraindik aurkezpena, Iruñean maiatzean egin behar zena, ez dago egina. Eta sortzaileak eta editoreak ez dakite noiz arte iraun beharko duen egoera bitxi eta arraro honek.

Sabin Oregi Zarautz

Editorea