KAKA-LANA

Gratis et amore

Definizioa: aisialdian egiten den lana ordaindu ahal izateko egin beharreko edozein jarduera desatsegin.

Kaka-lanaren adibidea, 1: arratsaldeko ordu berantiarrei lapurtutako denbora tartean musika instrumentu bat jo ahal izateko edo/eta taldearekin entseatzeako makina baten aurrean pieza ulertezinak sartzen eta ateratzen igarotako ordu astunak.

Kaka-lanaren adibidea, 2: buruan darabilkizun istorioa gaueko ordu txikietan idatzi ahal izateko ikasi ez duten ikasleen azterketak zuzentzen igarotako denbora amaigabea.

Kaka-lanaren adibidea, 3: gaztea eta neska izanik, karrerako fotokopiak atera ahal izateko sosak ordainduko dizkizun nagusi (gizona eta zaharra) lerdoaren esanak bete eta harreran hartze duzun edozeini gogorik gabeko irribarrea erakutsi, hots, tuntunarena egiten joandako denbora hutsa.

Kaka-lanaren adibidea, 4: herriko mozkorren txiste lehorrak ardoz bustitzen emandako ordu nazkagarriak.

Kaka-lanaren adibidea, 5: ikasi duzuna ez beste edozer egin behar izatea, eta esker onez, gainera.

Kaka-lanaren adibidea, 6: gozoki baten moduan kolorezko paperean bilduta, inork nahi ez zuen postua onartu behar izatea.

Kaka-lanaren adibidea, 7: norberarena garbi ez eta, adituaren mozorroa jantzita, hirugarrenei gomendio eta aholkuak taxuz eman behar izatea, erabat galdutako fedea ozta-ozta disimulatuz.

Kaka-lanaren adibidea, 8: birikak erreko dizkizun zigarroak erosteko komun zulo beltzak garbitu behar izatea.

Kaka-lanaren adibidea, 9: txoriei eta txoriak ez direnei argazkiak atera ahal izateko ganorazko argazki kamera erosteko lantoki ilunean aurpegia eta eskuak olioz belztu behar izatea.

[…]

Baina niri benetan interesatzen zaidan kaka-lanaren adibidea 38.a denez, tarteko etsenplu guztiak saltatzeko atrebentzia izango dut, irakurleak nahierara osatu dezan. Zentratu dezagun gaia, hortaz, ene aburuz, kaka-lanaren adibiderik gordinenean, hots, debalde egiten den lanean, hain zuzen.

Inork bueltatuko ez dizun denbora libreari ostutako ordu luzeetan borondatez egindako lana. Inori axola ez zaion emandako denbora tartean beste norbaiten onurarako egindako zeregina. Beharrik gabe egindako beharra. Gehienez, baina oso gutxitan, norbaiten esker ona jasoko duzuna, hobe ordea, horrelako bitxikeria baten zain ez egotea.

Musu-truk hitz jokoa bera ere arkaismotzat hartu behar da, musurik ere eman ezin den une honetan. Horrexegatik, bada, egokiagoa deritzot diruz ordainduko ez den lana ezer-truk egiten dela esatea.

Edozer beti diruaren truke egiten duen pertsona interesatua da, ados. Nahi baino gehiagotan egin behar izaten dira diruz ordainduko ez diren lanak, ados. Hori lehenbailehen onartzea ezinbestekoa da frustrazio bat baino gehiago aurreztu nahi bada. Ados?

Gaiaren erdigunea, alabaina, ez da dirua, izan ere, esan ohi denez, hau joan eta etorri egiten omen baita. Joateko etorri egin behar, ordea. Etorri ez denak ezin joan.

Ondorioz, dohainik egiten den kaka-lanaren muina ez dago txanponarekin lotuta, egiten den lan motarekin baizik. Zeregin hauen adibideak zerrendatzen baditugu, gehienetan ardatz komun batekin egiten dugu topo: guztiak ez badira ere, gehientsuenak pertsonekin dute zerikusia. Ezbeharrik handienak bizi dituzten pertsonak laguntzea, adibidez, boluntarioek egindako lana da, ezeren truke, bihotzak eskatuta, gratis et amore.

Boluntarioaren domina ikusezina, beraz, lanik gizatiarrenak burutzean jasotzen da. Egoera latz batean murgilduta dauden pertsonak handik ateratzen laguntzen dien beste pertsonek boluntariotzaren izenpean egiten duten ezinbesteko lana. Pertsona gizaki bihurtzen duen bihotzetik ateratako beharra.

Gairik humanoenak, orduan, doan egiten dira eta egiten jarraituko dira pertsona onberak dauden bitartean, norberaren asebetetzerako besteentzako baliagarriak izateko beharra duten pertsonak dauden bitartean eta, nola ez, horietaz aprobetxatuko diren bestelako pertsonak existitzen diren artean. Batzuek aberasteko besteek hutsean jardun behar.

Humanitateekin zuzenean lotuta, hortaz, giza eta gizarte zientzien espezialitatearen gainbehera dago, giza eta gizartea zatigarriak izango balira bezala. Bata bestea gabe ez legokeela ahaztuko bagenu bezala. Bestelako zientziek gizaki eta horiek osatzen duten gizarterik gabe biziraun balezakete bezala.

Nazkagarria bezain benetakoa da diru asko irabazi nahi duenak hamasei urterekin, edo lehenago, zientzien bidea hartzea eta, aldiz, hain gidatua den ikasketa ereduan zenbakien laguna ez den pertsona inozoagotzat jo eta letretatik edo giza edo gizarte zientzietatik burumakur bideratzea, hasieratik jakinda paretaren bestaldeko kideek baino diru gutxiago irabaziko duela.

Tamalgarria deritzot, letren bidea jorratzen dudan heinean, idazketa lana hainbat erakundek behar bezala baloratu ez eta hutsaren truke egin behar izatea. Maiz betetzen dira aldizkariak boluntarioek ekoizturiko artikuluekin; askotan liburuak idatzi edo itzuli trukean ezer edo ia ezer jaso gabe; sarriro dibulgaziozko testuak idatzi diru laguntzak jasotzen dituzten aldizkarietarako; doan liburuei buruzko erreseinak; maiz ematen hitzaldiak debalde, eta joan etorria ordaintzen badute, gaitzerdi.

Hori horrela izanik, ez gaitezen harritu gizatasunik gabeko gizartean bizi baldin bagara eta harritu gaitezen humanitatea saritzen ez den gizartean laguntzeko prest dauden gizakiak topatzen baditugu. Diruak agintzen duen mundu honetan, pertsonak bakoitzak irabazten duen diruaren arabera lotsagabekeriaz sailkatzen dituen zentzurik gabeko bizimodu honetan, lana debalde egiteko prest dagoen horrek humanizatzen du gizartea, txanponen hotsa urruti entzun arren.