Egun hauetan garai berezi batean bizi gara: EUSKARALDIAren garaia! Aurreko ekitaldian eta aurtengoan hizkuntzaren funtzio naturaletan eragin nahi da, hori da entzumena eta mintzamena lantzea eta indartzea. Horretarako belarri-prest eta aho-bizi erakusten duten txapak sortu eta banatu dituzte.
Benetan, mundu osoko gizaki guztiok dakigun hizkuntza gure inguruan mintzatu delako ikasi dugu. Berdin da zein hizkuntza. Gehienetan, horrela jaso dugun hizkuntzari, hizkuntzalariek ama-hizkuntza deritzote. Bai ama-hizkuntza nahiz eta kasu batzuetan aitarengandik jasoa izan; baina gehienetan amak dira lehen hitza ematen digutenak ume jaio-berriak garenean. Gure amak, gure gurasoek, hauen lagunek, aiton-amonek, euren artean elkar ulertzeko hizkuntza bat darabilte. Ume txiki garen horretan tximistak bezain azkar agertu eta desagertu egiten dira gure soinu esparruan hitzak. Halako une batean, ume txikia garenean asmatzen dugu “ama” esaten. Inguru guztia txunditu egiten da. “Umea hasi da hizketan” diote. Gero “atta” edo antzekoak erranen ditugu. Une horretan erabileraren munduan gaude.
Irudia: Hizkuntza ikasketan eragiten duten hiru faktoreak
Jose Mari Sanchez-Carrión “Txepetx” soziolinguistak erakutsi digun teorian dio edozein hizkuntza ikasteko prozesuan hiru faktorek hartzen dutela parte: erabilera, ikastea, eta motibazioa. Hiru faktore horiek ontzi komunikatuak bezala lotzen dira, eta bi noranzko dute.
Hiru ontzi edo faktoreak bi norabidetan zeharkatzen ditugu: naturala eta ikasia. Naturalari A bidea deitzen dio, eta Ikasiari B bidea.
Jaiotzen garenean hizkuntza bat egiten den inguru batean gaude, beraz, inguru horretakoa da modu naturalean jasoko dugun hizkuntza. Erabileraren munduan gaude, eta gu izan garen ume horrek hitz bat edo batzuk esaten dituenean, eta ulertuak izaten bagara, baieztatzen dugu gure burmuinean eta hitza ikasia dugu umetan. Ezagutzaren esparruan sartu gara. Egin dugun lana hitza errepikatzen, ulertuak izan arte, gure barnean indartzen gaitu, eta jarraitzeko lan horretan gogoz arituko gara: Motibazioaren funtzioan gaude. Horrela, pixkanaka A bidea landu dugu, eta gero eskolaren laguntzaz B bidea, bide kulturala edo ikasia egingo dugu.
Gorago aipatu dugu umea jaiotzen den inguruan egiten den hizkuntza ikasten dugula. Baina zer jasotzen da gure gurasoen hizkuntza eta haiek dauden gizarteko hizkuntza ez direnean gauza bera? Egoera horretan korapilo psikologikoak sortzen dira. Egoera horiek, gehienetan, diglosiara daramate pertsonak edo elkarte hori. Zein hizkuntza erabili eta zertarako?, zergatik? Umetan ez da ezer ulertzen. Handitan ere zaila egiten da ulertzea. Gure Euskal Herria, euskararen herria, diglosia asimetrikoan bete-betean bizi da. Bi hizkuntzek, gaztelera eta frantsesa edozein ekimenetan erabiltzeko gai dira, eta euskararen herrian euskara da funtzio askotan hanka motza dena. Kuriosoa euskara bere lurraldean eta bere herrian hanka motz!
Egun hauetan gure inguruan bizi dugun EUSKARALDIAren gogoa euskararen A bidea indartzea da, horrela diglosia hori biguntzeko. Diglosia biguntzen doala, eta euskara gai izaten bada beste bi hizkuntzen pareko bihurtzen, jende multzo bat eskuratzen, eta orain arte beste hizkuntzetan egin ditugunak gure euskaran egiten… lortu daiteke hizkuntza eta hiztunen arteko orekan bizitzea. Hori da helburua. Hizkuntza baten, bertakoaren, egoera diglosikotik benetako elebitasunerako bidea jorratzea.
B bidea, bide kultural edo ikasiari ere bidea ipintzen joan beharko dugu poliki-poliki, horretarako begi-prest bilakatzen. Hori da, euskaraz idatzitako letrak aurkitzen ditugunean muxin ez egiteko jarrera, eta onartu euskararen herriko letrak, hitz idatziak, direla. Hurrengo baterako laga behar ote dugu begi-bizi (irakurlea) izatea? Gero esku-prest (oharrak idatzi). Eta noiz esku-bizi (idazle)?
Sabin OREGI ZARAUTZ
Informazio eta komunikazio zientziatan doktorea
You must be logged in to post a comment.