MARINA LAMEIROK BERRI TXARRAKEN  IKUSI ARTEBIRAN ZEHAR GRABATUTAKO  DARDARA FILM LUZEAREN TRAILERRA ESTREINATUKO DA

DARDARA film dokumentala 2021eko lehen hiruhilekoan estreinatuko da. Arena Comunicación eta Txalap.art-ek ekoitzi dute eta Atera Films-ek banatuko du.

Dagoeneko eskugarri dago Marina Lameiro zinegile nafarraren DARDARA bigarren film luzearen trailerra. Trailer horren aurrerapen bat atzo ikusi ahal izan zen Gaztea Sariak banatzeko ekitaldian. Durangoko Azokaren 55. edizioan ere ikusi ahal izango da, on-line, abenduaren 4tik 8ra.

2019an bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, Berri Txarrakek etenaldi mugagabea iragarri zuen baita urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte bira ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan aritu baitziren. Marina Lameiro zinegileak bertatik bertara jarraitu zuen bira eta bertan jasotakoak ekarri ditu DARDARA film luzera.

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta,Lameirok erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. Filmean BTXek utzitako arrastoa ikusiko dugu, nola lortu duten estilo bat —rocka—, hizkuntza bat —euskara— eta belaunaldi bat —bere kideena— gaindituz, fenomeno unibertsal bihurtzea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile gisa bai Berri Txarrakeko zaleek taldearekiko erakusten duten pasioari buruzkoa.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Ekoizpenaren diseinua Itziar García Zubirik sinatzen du. Muntaia, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Pérez Martínezek koordinatu du Miguel García Irabururen posprodukzioa. Álvaro García Echeverría arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzálezek soinua editatu eta nahastu du. Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

DARDARA Arena Comunicación eta Txalap.art-en ekoizpena da, Only in Dreams-ekin lankidetzan. EiTB MEDIA partaide gisa ageri da. Filmak Nafarroako Gobernuaren Generazinemaren, Caja Navarra Fundazioaren eta “La Caixa” Fundazioaren Innova-Cultural programaren eta Etxepare Institutuaren laguntzak jaso ditu. Atera Films arduratuko da banaketaz.

DARDARA 2021eko lehen hiruhilekoan estreinatuko da zinema-aretoetan.

ZUZENDARIA

Marina Lameiro (Iruñea, 1986) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Juan Carlos Erregea Unibertsitatean (2004-2009). Hainbat dokumentalen produktorea, errealizadorea eta gidoilaria da, horien artean nabarmentzekoa “Young & Beautiful”. Film luze horrengatik 2018an Punto de Vista jaialdian Publikoaren Sari Berezia , Alcances jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia, Númax saria Margenes jaialdian, Rizoma saria izen bereko zinemaldian, Latexos saria Novos Cinemas zinemaldian, D`A Film Festivalen epaimahaiaren aipamen berezia edota ECAM saria jaso ditu. Horrez gain, Tania Hernández Velasco artista mexikarrarekin duen film-korrespondentziatik abiatutako “Volando pero no” film laburra zuzendu zuen. Film labur horrengatik Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetako ikus-entzunezko sorkuntzako bigarren saria jaso zuen 2016. urtean. “300 Nassau” (2016) filmarekin Nafarroako Foru Arte Jaialdiko finalista izan zen eta Fordhameko zein New Yorkeko unibertsitateetan eta Bartzelonako L`Alternativa jaialdian erakutsi ahal izan zuen. Azken film labur hau 2014ko irailetik 2015eko ekainera bitartean sortu zuen, New Yorken, UnionDocs-eko artista egoiliar gisa , Collaborative Studioko (CoLab) kide zelarik.

Filmografia

Young & Beautiful (2018, Espainia). Film luze dokumentala. Ekoizle eta zuzendari.

300 Nassau (2016, Estatu Batuak). Film labur dokumentala. Ekoizle eta zuzendari.

Film truke edo korrespondentzia Tania Hernándezekin (2014 / martxan). Ekoizle eta zuzendari.

BERRI TXARRAK

BERRI TXARRAK Lekunberrin sortu zen 1994an. Ordutik bederatzi disko, bilduma-lan bat eta dokumental bat argitaratuak ditu, ale bakoitzean jarrera eta garapen geldiezina erakutsiaz. Izaera honek zailduta, taldea gauza izan da bi hamarkadatan zehar bere entzulego zabala ezustean harrapatu eta etengabe bide berriak irekitzeko, erosotasun artistikotik ihesi. Mila kontzertutik gorako eskarmentua galtzarbean, hirukoak nazioartean leku bat egitea lortu du euskara hutsean.

Musikari dagokionez, zaila da Berri Txarrak estilo bakar batean sailkatzea, jakinmin musikal ase ezin batek bultzatuta gauza izan baitira denboran zehar euren rocka modu harrigarrian aberasteko, edozein etiketa txiki utzi arte. Taldearen ezaugarri behinena da, halere, melodia gogoangarrietarako duten abilezia berezkoa, musika edozeren gainetik hunkitzea dela itsuki sinestuta. Ezin aipatu gabe utzi haren letrak, hitzen bidezko irudien bidez gogoeta eta emozio sakonak sorrarazteko abilezia erakusten duten aldetik.Beharbada horrexegatik, jarrera irekiko talde aktibo honek Steve Albini, Ross Robinson, Bill Stevenson, Jason Livermore edo Ed Rose-en mundu mailako ekoizleekin lan egin izan du. Ahaztu gabe Ricky Falkner, Karlos Osinaga ‘Txap’, Kaki Arkarazo edo Santi Garcíaren alboan egindako grabaketak. Agian horregatik euren diskoetan Tim McIlrath (Rise Against) edo Matt Sharp (The Rentals, Weezer) bezalako musikarien kolaborazioak topa daude.

BERRI TXARRAKek bost kontinenteetan jo du; besteak beste Europa eta Hegoamerikan bira osoak egin ditu Rise Against taldearekin batera, Deftones edo Sick Of It All taldeentzako atarikoak egin… musika jaialdi erraldoietan aritu (Hellfest -Frantzia-, Fuji Rock -Japonia-, South By Southwest -USA-, Canadian Music Fest -Kanada-, Wilwarin -Alemania-, Resurrection -Galiza-, Viña Rock, Sonorama Ribera -Espainia-, EHZ, Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live -EH-… Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Australian eta Asian barna egindako hainbat bira ahaztu gabe.

Taldeak jendea biltzeko izan duen gaitasuna ere azpimarratzekoa da, gaurdaino inork ez baitu antzekorik berdindu: Ikusi Arte biraren baitan, 20.000 lagun baino gehiago bildu zituen Bilboko Kobamendin, Madrileko WiZink Centerren lehen aldiz jo eta 7.000 pertsona baino gehiago biltzea lortu duen lehen talde euskalduna da, eta birako azken bi emanaldietarako 20.000 sarrerak 24 ordutan saldu zituen.

EKOIZLEAK

Arena Comunicación Audiovisual zinema eta telebistarako dokumentalen ekoizle independentea da. Iruñean duten egoitzatik prozesu guztiaren ardura dute, ideiatik hasi eta masterreraino. Haren film luzeak, “Nömadak Tx” (2006), “Pura Vida / The ridge” (2012), “Muro/Walls” (2015), “District Zero” (2015), “Oskara” (2015), “Elkarrekin-Together” (2017), “Hasta mañana, si Dios, todo” (2017), “ dozenaka herrialdetan filmatu dituzte, eta interes berezia dute irakurketa globala duten historia txiki eta gizatiarretan.

Txalap.art enpresak ikus-entzunezko produkzioak eta ikuskizun eszenikoak sustatzen eta garatzen ditu. Bere lan guztia tradizioan, etengabeko berrikuntzan eta kulturaren garapenean oinarritzen da. Sortu zenetik, bi arlotan lan egin du nagusiki: ikuskizunen eta musika-emanaldien ekoizpena, antolaketa eta kudeaketa, eta ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren ekoizpena. 2006. urteaz geroztik, Txalap.art ikus-entzunezko produkzioan eta sorkuntzan aritzen da, bereziki dokumental luzeetan. Arena eta Txalap.art-en lehen lankidetza ere, musikala izan zen, Nömadak TX, eta ordutik bi produktorek bat egin dute hainbat proiektu ekoizteko. Berriro ere zinema eta musika uztartzen aritu dira film honetan.

BANATZAILEA

Atera Films

www.aterafilms.com

DESCARGA TRAILER (castellano, euskara)
DESCARGA FOTOGRAMA
DESCARGA NOTA DE PRENSA (castellano, euskara)

HEDABIDEEKIKO HARREMANAK:

Gotzon Barandiaran Arteaga

gotzonba@armiarma.eus

656 796 209

Andrés García de la Riva

escribe@nuevecartas.com

672 376 162