Ez da laratzik
ezta laratzetik dilindan eltzerik ere.
Ekonomika beltza
pago-puskak sarturik
gorri-gorri jartzen dena besterik ez.
Behealdetik errautsa eskukada bat hartu
eta gurutze sainduaren marka eginez
bedeinkatzen.
Amatxi aulki txikian jarririk
DIARIO DE NAVARRA eta LA VERDAD eskuetan
leitzen du “Navarrako uskaran”,
ZERUKO ARGIA ahul antzematen da
eta ARANTZAZUKO ORRIAK leituz
kentzen ditu goizeko makarrak.
Aulki txikian jarririk oroitzen dut
ekonomikako sua bizkortzen
burnizko tresna batekin,
noizbehinka.
Ez dago animaliarik amatxiren jiran:
zakur, katu, zerriak sotoan,
eta saguak sabaian,
noizean behin sukaldeko atetik kukuka
ni.
You must be logged in to post a comment.