Azaroaren 14an, Diabetesaren Munduko Eguna ospatzearekin batera, Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak kanpaina bat jarri zuen abian, komunitateko farmazien erabiltzaileen artean, 2 motako diabetes mellitusa (DM) izateko arriskua baloratzeko. Jarduera, Diabetesaren Espainiako Federazioaren eta Boehringer Ingelheim Laborategien lankidetzarekin egiten da.
Kanpainak Findrisc-en testa betetzera gonbidatzen ditu herritarrak. Bederatzi galderako inkesta da, eta aukera ematen du hurrengo 10 urteetan 2 motako DM garatzeak duen arriskua baloratzeko.
Testean lortutako emaitzaren arabera farmazian aholkuak eman ahal izango dira eta bizi-ohiturak osasungarriak sustatu, gaixotasun hori prebenitzeko; eta arriskua handia denean, Lehen Mailako Arretako medikuarengana joan beharra dagoela adierazi ahal izango da, baloratzeko eta diagnostikatzeko.
Farmazian dagoen posterrean agertzen diren QRren bidez sartuko dira erabiltzaileak testera, eta, era berean, patologiari buruzko informazio interesgarria duten materialak ikusi ahal izango dituzte.
2 MOTAKO DIABETES MELLITUSA
Diabetes mellitusa (DM) odoleko azukre-mailak gora egiten duen gaixotasuna da. Igoera hori gerta daiteke intsulina faltagatik (odoletik azukrea kentzeaz arduratzen den hormona) edo gorputzak intsulina hori behar bezala ezin erabiltzeagatik.
Hainbat DM mota daude. Ohikoena 2 motako DM izenekoa da (DM2).
SINTOMAK
Askotan, batez ere hasieran, DM2ren sintomak oharkabean pasa daitezke. Sintoma bereizgarrienak hauek dira: egarria, gosea eta pixa egiteko beharra areagotzea; nekea eta bat-bateko umore-aldaketak; eskuetan edo oinetan inurridura edo horiek lokartzea; ikusmen lausoa; orbaintzeko denbora behar duten zauriak; infekzioak maiz.
Sintoma horietakoren bat baduzu, jakinarazi zure osasun-profesionalari (medikua, erizaina, farmazialaria). Gainera, beste arrisku-faktore batzuk baldin badituzu, garrantzitsua da zure osasun-zentroan edo farmazian jakinaraztea: esaterako, gehiegizko pisua, hipertentsio arteriala, kolesterol altua, familiarteko diabetikorik baduzu edo izan duzu, diabetesa izan baduzu haurdunaldian, 45 urte baino gehiago badituzu eta normalean ariketa fisikorik egiten ez baduzu.
DIAGNOSTIKOA
Diabetesa duzun jakiteko zure osasun-zentroan analisi bat egingo dizute zure gluzemia ikusteko, hau da, odoleko azukre-mailak ikusteko:
Baraurik (gutxienez 8 ordu): 126 mg/dl-tik gorako mailak.
Ausaz (diabetesaren sintomaren bat baduzu): 200 mg/dl-tik gorako mailak.
Beste proba batzuk ere egin ahal izango dira, hala nola azukre kantitatea neurtzea zure globulu gorriei (HbA1c) lotuta, edo baraurik dagoen gluzemia neurtzea, eta berriro neurtzea edari gozo berezi bat edan eta bi ordura (glukosaren ahozko gainkarga):
HbA1c: % 6,5etik gorako balioak.
Glukosaren ahozko gainkarga baino 2 ordu geroago: 200 mg/dl-tik gorako mailak.
BIZIMODUAREN ALDAKETAK: ELIKADURA ETA ARIKETA FISIKOA
DM2ren diagnostikoaren ondoren, banakako tratamendu-plan bat ezarriko da odoleko azukre-mailak eta arrisku-faktoreak kontrolatzeko. Helburua, gaixotasunak aurrera egitea edo konplikazioak agertzea saihestu.
Modu osasungarrian elikatzea eta ariketa fisikoa egitea funtsezkoak dira gluzemia kontrolatzeko eta konplikazioen agerpena atzeratzeko.
Komeni da dieta mediterraneoa egitea, non ez diren falta frutak, barazkiak, lekaleak, bihi osoko laboreak, esneki gaingabetuak, oliba-olioa, arraina, haragi giharrak, arrautzak, fruitu lehorrak eta ura. Aitzitik, honako hauek hartzea sahiestu behar da: alkohola, azukredun freskagarriak, aurrez prestatutako elikagaiak, opil industrialak eta hestebeteak.
Elikadura zaintzeaz gain, ariketa fisikoa neurriz egin behar da, egunean 30 minutuz gutxienez. Aukeratu gustuko eta motibatuko zaituen ariketa mota bat (ibiltzea, igeri egitea, bizikleta, dantza, yoga, etab.)
TRATAMENDU FARMAKOLOGIKOA
Baliteke, hasieran, dietarekin eta ariketarekin nahikoa izatea DM2 kontrolatzeko, baina denbora bat igarota, medikuak diabetesaren aurkako medikamenturen bat gehitu dezake.
KONPLIKAZIOAK
Unean uneko arazoak izan daitezke, hala nola azukrearen jaitsiera (hipogluzemia) edo igoera (hipergluzemia), baita denboran zehar garatzen diren arazoak ere, gorputzeko hainbat ataletan eragina dutenak, hala nola, neuropatia diabetikoa, nefropatia diabetikoa, erretinopatia diabetikoa, oin diabetikoa edo gaixotasun kardiobaskularrak.
Pello Iturria Sarasibar
Erreferentzia:
Consejo General de Colegios Farmacéuticos. Campaña en la farmacia comunitaria del riesgo de desarrollar diabetes tipo 2. 14 de noviembre de 2020. Día Mundial de la Diabetes.