Gure arbaso zaharren mundu-ikuskeran urtea bitan banatzen zuten, alde batetik uda eta bestaldetik negua. Urtea, bere izenak esaten digun bezala, (ur + te) ur edo eurien kopura eta maiztasuna banatzeko denboraldi luze eta errepikakorra zen, hau da, eurien zikloa.
Uda eta neguaren arteko banatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Abenduaren 21-22an, neguko solstizioarekin batera, negua hasten da eta martxoaren 21ean, udaberriko ekinozioarekin, bukatzen da. Olentzero dugu euskaldunok neguko solstizioaren ardatz. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldiari euskaldunok negua, inauteria edo hartzaroa deitu diogu, garai horretan ama-lurra lotan baitago, eta gure mendietako hartza neguloan edo hibernazioan, baina udaberriko ekinozioa iristean, hartzarekin batera, ama-lurra esnatuko da, indarrik gabe izen den Eki edo Eguzki (euskaldunontzat bizitzaren jainkosa) berpiztuko da, uztak azalduko dira eta gizakiaren bizimodua lur azalean izanen da, aisagoa, errazagoa, neguko leize-zuloen babesa, behin behinekoz baztertuta.
Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte uda izanen da. Halaber, uda edo udara hiru zatitan banatzen da: udaberria, udagoiena eta udazkena. Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik udako solstizioa den ekaineko 21a arte udaberria daukagu, ekainaren 21etik udazkeneko ekinozioa den irailaren 22a arte udagoiena, eta irailaren 22tik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte udazkena, zenbait tokitan negulehena ere deitu izan dena. Abenduaren 21ean uda bukatzen da gure arbasoen kosmogonia zaharrean eta berriro, negua hasten da; eta horrela betidanik eta betirako etengabeko ziklo natural batean sarturik eta korapilaturik.
San Joanetan, udako solstizioaren banatzailean gaude bete-betean. 21-22an betetzen bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, Jondoni Joaneren gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Euskal tradizio zaharretan esaten denez, San Joanetan edo Jondoni Joanetan, eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean esanda, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du. Zenbait adituren ustez, ekaina hilabetearen izenak horren berri garbia emanen liguke: Ekaina = Eki + gaina, hau da, Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentu edo tenorea.
Laburbilduz, Olentzero dugu euskaldunok neguko solstizioaren pertsonifikazioa, neguko ekihotz delakoa gurtzen duena, Jondoni Joaneren Gaueko sua udako solstizioarena, eta inauteria dugu neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi luzea. Inauteria, beraz, neguarekin loturiko besta ekinozioala dugu.
1.- Olentzero izenari buruzko hainbat teoria.-
Hasteko esan beharra dago Olentzero hitzak badituela zenbait aldaera: Olentzaro, Orentzaro, Orantzaro… Subilaro izena ere erabiltzen delarik. Resurreción Maria Azkueren ustetan, Olentzaro hitzean bi osagai daude: onen eta (z)aro, eta gauza onen garai edo denbora azalduko zuen. Julio Caro Barojak, berriz, Frantzia aldean, Eguberrietan, ospatu izan den Les oleries izeneko bestarekin lotzen zuen. Eta teoria hori defendatzeko, Olentzeroren inguruko besta, gehien bat, Baionako elizbarrutian (Lapurdin, Oiartzun eta Bidasoa eskualdeetan, Bortzirin, Baztanen, Malerrekan…) ospatu izan dela ekartzen zigun gogora.
Beste zenbait ikerlariren ustetan, Olentzero hitzaren barruan oles egin eta (z)aro hitzak leudeke, eta oles egiteko, hau da, agur egiteko garaia edo tenorea litzateke. Paganismoaren amaiera eta kristautasunaren etorrera lirateke besta solstizial honetako bi sustraiak. Euskal Herriko zenbait eskualdetan Olentzero suaren etorrerarekin lotzen dute, eta horregatik Subilaro (su + bila + aro) deitzen diote. Oiartzunen, Gabon Gauean edo Olentzero Gauean —bi modutan deitzen baitzaio— Olentzero enborra pizten zuten etxeetako tximinietan. Enbor hau lodi samarra eta gainerako enborrak baino handiago izaten zen. Enbor horrekin lorturiko su handian egiten zuten afaria. Sua itzaltzen zelarik, etxeko aziendak pasarazten zituzten errautsen gainetik, garbi eta indar zitezen. Herritarren ustetan, abere horiek ez zuten urtean zehar gaitzik izango.
Badirudi Olentzero kristautasuna etorri baino lehenago egiten zela, neguko solstizioaren gurtzearekin loturik. Horrelako bestak Europa osoan ospatzen ziren oso garai zaharretatik, historiaurretik ziur aski. Kristautasuna Europan inposatu zutelarik, lehenagoko gurtze zaharrak desagerrarazten ahalegindu ziren, baina geroxeago, ezinezkoa zelakoan, kristautasunarekin lotzen saiatu ziren. Hori dela eta, Julio II. aita santuak, Jesukristoren jaiotzaren data ezezaguna zenez, neguko solstizioan ospatzea erabaki zuen. Honela, 354. urtean, historiako lehen Eguberri kristaua ospatu zen. Zenbait ikerlarik oroitarazten digutenez, Eguberri hitz berbera kristauen aurrekoa litzateke, hitz horren barruan Ortzi edo Egu euskal dibinitate handiaren izena baitago.
2.- Olentzero, errito eta kontu zaharrak.-
Hirurogeita hamarreko hamarkadatik honantz, Olentzero mendebaldeko kulturetan horren zabalduta dauden beste pertsonaiekin parekatu dugu, gaurko gizarte eta bizimodu moderno eta kontsumistara hurbilduz. Azken irudi honen arabera, Olentzero ikazkin jator eta onkotea da, umeei Gabon Gauean opariak ekartzen dizkiena. Eta tradizio honen egokiera horrela bada egun, horrela ez dela beti izan oroitu beharko genuke. Ni ttikia nintzela, Olentzero ez zen gaiztoa, baina bai aski beldurgarria. Neguko iluntasunetan, mutilek eramandako kriseiluen argitan, etortzen zen. Haurrengana hurbiltzean, hur, intxaur eta gaztainak ematen zizkigun. Hura gau magikoa zen guretzat, kontsumismotik urrun samar zegoena, garai haietan, gure etxeetan, ezin baitziguten opari handirik egin.
Batzuen ustez, Olentzero Jesusen jaiotzaren berri ematen digun ikazkina da, baina izan bada, horren berri damaigun istorio zaharragorik. Istorio zahar hauek Olentzero garai bateko euskaldun pagano edo jentilekin lotzen dute. Euskal kontakizun batean esaten zaigunez, garai zaharretako egun haietako batean, Aralar mendikateko Argaintxabaleta mendixkan bildurik zeuden jentilen aztiek ekialdetik hurbiltzen zitzaien hodei argidun bat ikusi omen zuten. Hura zer zen ez zekitenez gero, aztirik zaharrena hautatu zuten eta hodei aldera igorri zuten, nondik zetorren eta zer nahi zuen galde egin ziezaion. Horrela egin zuenean, hodeiak erantzun omen zion ekialdean Kixmi (euskal jentilek Jesukristori ematen zioten izena) sortua zela eta haien arrazaren akabera zela. Eta gainera, euren burua amildegi batetik botatzeko agindu omen zien.
Aztiak, ikaraturik, mendi mazelatik behera korrika abiatu ziren, atzetik hodei argiduna segika zihoakiela. Ihesaldi ero hartan zebiltzala, aztietako batek topo egin zuen harri batekin, eta mendiz behera erori zen gainerako aztiak ere eroraraziz. Hauen erorketak harri-jausi bat eragin omen zuen, eta aztiak Gipuzkoako eta Nafarroa Garairen arteko mugan dagoen Arraztaran ibarrean, harri azpian, trikuharri batean, ehortzirik gelditu ziren betiko. Trikuharri honen izena: Jentilerrari da. Salbatu zen bakarra Olentzero izeneko azti ikazkin jentila izan zen, eta bera jaitsi omen zen Euskal Herriko herrietara gertatutakoaren berri ematera.
Istorio bat edo bestea, gauza da Olentzero oso pertsonaia zaharra dugula gure artean, neguko solstizioarekin arrunt uztartua. Gainera, euskal sinesmen zaharrekin lotua bada ere, gure historiaren momentu zehatz batean, kristauek fede berriarekin uztartzen jakin zuten, eta gaur bai sinesmen zaharrekin eta bai kristau erlijioarekin arras estekaturik daukagula esan dezakegu.
3.- Olentzero euskaldunen mundu magikoan.-
Olentzeroren inguruan hamaika istorio eta kontakizun daude. Ikus ditzagun horietako batzuk. Leitzan ongi hartua izaten zen eta esker onez, Olentzero etxeetan ogirik falta ez zedin arduratzen zen. Hori dela eta, herri honetan, abenduaren 24ko gauean, etxeetako hormetan belarrez betetako panpina ezartzen dute. Baraibarren esaten dutenez, bertako mendietan, txondorrean, ikatza egiten, aritzen omen da 24ko gauean. Goizuetan, gau horretan, sardina bat jartzen dute talo gainean. Elduainen, umeek gaztainak erretzen dituzte, danbolinaren soinuaz Olentzero uxatzeko asmotan, bertan esaten dutenez, aipaturiko gauean, Olentzero etxeetako tximinietatik sartzen baita. Berueten, Olentzero iristean, aztiak eta sorginak bidera ateratzen zaizkio eta gaiztakeriak ahazten omen dituzte.
Berriobeitin urtea bukatzeko bi egun geratzen zirenean, esaten zuten: Ez zaitezte kalera irten, bihar, urteak egunak hainbat begi dituen gizon bat etorriko baita. Beste zenbait eskualdetan honelakoa esaten da: Onantzaro begi gorri, / tximinira etorri;/ hausten baldin badugu burua,/ horrek lepoa kendu guri.
Areson haurrak izutu egiten zituzten, Olentzerok igitai batez lepoa moztuko ziela esanaz, gau hartan ohera goiz erretira zitezen. Oiartzun eta Bidasoa bailaretan Olentzero ona bazen ere, kontuz ibiltzekoa zen, mozkorturik eta ikatzez zikindurik etortzen baitzen. Euskal Herri osoan hedaturik dagoen irudia hauxe bera da, Olentzero ikazkin mozkorti begi gorria da, izugarri jan eta edaten duena. Gaurko mitologia modernoan batzuek andregai bat bilatu diote Olentzerori, horretarako eguberri kantu batean azaltzen den Mari Domingi gona gorri pertsonaia baliatuz. Horra Mari Domingi / begira horri,/ nahi baldin baduzu / Belena etorri,/ jantzi beharko duzu / gona zahar hori. // Zatoz, zatoz! / Zure bila nenbilen ni./ Zatoz, zatoz! / Zure bila nenbilen ni./ Zatoz, adora dezagun /
Belenen jaio den / haur eder hori.
4.- Olentzerori buruzko hainbat kantu.-
Gaur egun famatuena, eta Euskal Herriko luze-zabalean kantatzen dena Olentzero joan zaigu izenekoa da. Baditu zenbait aldaera, baina guzti-guztietan Olentzeroren irudi orgiastikoa azaltzen da. Horretaz gain, Jesusen jaiotzaren berri-emailetzat hartzen da: Olentzero joan zaigu / mendira lanera,/ intentzioarekin/ ikatz egitera./ Ikusi duanian / Jesus jaio dala,/ lasterka etorri da / berri ematera.// Horra, horra / gure Olentzero / pipa hortzean dula / eserita dago,/ kapoiak ere baitu / arraultzatxuekin,/ bihar merendatzeko / botila ardoakin.
Bada bigarren kantu bat, Olentzero buru handia izenekoa, arrunt zabalduta dagoena. Kantu honetan Olentzero izaki orgiastikotzat hartzen da. Doinua aski famatua da, eta gaur egun, Iruñeko San Ferminetan kantatzen den erdarazko abestia doinu berean kantatzen dute. Ikus dezagun:
Olentzero buru handia / entendimentuz jantzia,/ bart arratsian / edan omen du / hamar arruko zahagia./ Ai urde tripa handia! / trialalarala trialalarala, / ai urde tripa handia / trialalarala trialalarala.
Herri eta toki askotan bada beste kantu bat etengabe errepikatzen dena, Olentzero begi gorri izena du, eta lehen koplaren laugarren lerroan, tokian tokiko aipamena egiten da. Horra hor: Olentzero begi gorri,/ non harrapatu duk / arrain hori?/ Zorioneko errekatan / gaur arratseko hameketan. Esate baterako, Donostian, letra beltzez idatziriko lerroan Zurriolako harkaitzetan diote, Donibane Lohizunen Donibaneko harkaitzetan eta Lezon Jaizkibelgo harkaitzetan.
Bigarren kobla batek Olentzero gaua Euskal Herrian bestelako egunetan horren ezagunak diren eske-koplekin (Santa Agedarenak, Dios te salve…) parekatzen du. Eta benetan, horrela da, Olentzerorekin doan segizioa kalez kale, plazaz plaza eta baserriz baserri baitabil, herritarren sosak eta puskak jasoz. Hauxe da: Armarioan xagua,/ haren ondoan katua;/ etxe honetako / limosnarekin / beteko dugu zakua.// Olentzero begi gorri,/ tximinira da etorri;/ hausten baldin /badugu burua / horrek lepoa / kendu guri.
Garai batean bazen Eguberri egunean urteko atorra berria janzteko ohitura, eta bada horren b erri ematen digun kantua, O,o,o,gaur da Olentzero izenekoa, hain zuzen. O,o,o, gaur da Olentzero,/ i,i,i, bihar Eguberri,/ kantatu Olentzerori / Olentzero berri, / nik atorra berri./ Olentzero zahar,/ nik atorra zahar./ Maukarik ez,/ niri axolik ez.
Urruñan eta Donibane Lohizunen Hegoaldean horren ezaguna ez den kantua abesten dute, Olentzero jin zaiku izenekoa. Buka dezagun artikulu hau Urruñako aldaera lerro hauetara ekarriz: Olentzero jin zaiku menditik herrira,/ zahar gazte guztiak bozkariatzera./ Olentzero, Olentzero, Olentzero, Olentzero./ Urruñako herria baitzaio ederra,/ gurekin azaltzeko gelditzen omen da./ Olentzero, Olentzero, Olentzero, Olentzero.
5.- 1947ko Olentzero Hendaian, Iparraldean lehena omen.-
2019ko abenduaren 19an, Mediabask astekarian Beatrice Molle-Haran lapurtar kazetari ospetsuak Andoni Etxarri hendaiarrarekin egindako elkarrizketa plazaratu zuen, non 1947an Hendaian, lehen aldiz, egin zuten Olentzeroaz mintzatzen ziren. Iduriz, hau da Iparralde osoan egin zen lehena. Horren karira, Pausuko Xaia ostatuan Andonirekin bildu nintzen eta berak segidako zehazkizunak eman zizkidan.
Andoni Etxarriren gurasoak, 1936an, Hegoaldetik Hendaiara pasatu ziren ihesean eta Andoni aipatu Lapurdiko herrian sortua dugu. Lorentzo Etxarri aitak Gaztelu Zahar abesbatzan kantatzen zuen, eta hortxe jatorrizko hendaiarrekin batera, Hegoaldeko iheslari ainitz ibiltzen ziren, beti euskal kantuaren eta kulturaren alde.
1947ko abenduaren 24an, lehen aldiz, Olentzero atera zuten Hendaiako karrikaz karrika eta plazaz plaza, adiskide eta ezagunen etxe aitzinean pausak eginez, kantatuz eta bertakoek eskaini zizkieten jan-edariez gozatuz. Olentzero hura ez zen panpina izan, lau urteko mutikoa baizik, hau da, Andoni Etxarri bera, gaur hirurogeita hamalau urte dituen gizon pixkor eta alegera. Orga baten gainean ipini zuten, eta aitzina! Horrela ibili ziren arratsalde osoaz.
Andonik erraiten digunez, Olentzeroren usaia edo ohitura zahar-zaharra da, Bidasoaldean, Baztanen eta Oiartzualdean jatorria duena. Lotu-loturik dago udako solstizioarekin eta egun horietan sortzen den eguzki berriarekin. Errito hau bakikoa da, gizartearen egituretatik kanpo den ikazkin mozkortiaren inguruan gauzatzen dena, gure sustrai naturalista zaharretatik datorkiguna. Ez da folklore hutsa, erro magikoak atxikitzen dituen erritoa baizik.
Andoniren haur bizipenak arras loturik daude 1947ko abenduaren 24 harekin, eta ainitzetan orduko oroitzapenak gogora etortzen zaizkio. Orduz geroztik, Hendaian Olentzero urte guztiz atera dute. Horretan Gaztelu Zaharrekoak eta Akelarre kultur elkartekoak aritzen dira gehien bat. Egun horretan jende parrasta bat biltzen da Olentzeroren inguruan, eta kanta-kantari ibiltzen dira Hendaiako karriketan barna. Kantuak ohikoak dira: Olentzero joan zaigu eta Hator, hator! izaten baitira gehien errepikatzen dituztenak.
Hurrengo urteetan Olentzero inguruko herrietara zabaldu zen, batez ere, Lapurdiko itsas-hegiko herrietara. Begiraleak elkartea Donibane Lohizunen antolatzen hasi zen geroago eta hirurogeita hamarreko hamarkadan, emeki-emeki, eta ikastolen bidez, Iparraldeko herri guztietara zabaldu zen.
Denbora pasatu ahala, Olentzero aldatu zaigu, euskaldunok aldatu garen neurri berean, eta gaurko haurrek opari egile gisa ikusten dute. Gizarte kontsumista honek dena aldatu du, baita, tamalez, Olentzero bera ere. Andonik ez du aldaketa hau gehiegi maite, erro zaharrak galdu direlakoan, eta folklorizazio kutsua ikusten diolako. Eguna ere ez da errespetatzen! —dio Andonik—Orain Baionan eta Atarratzen abenduaren 14an egiten dute. Hori ez da zuzena!
Bukatzeko, Andonik 1947ko Olentzeroan parte hartu zutenen argazkia eskaini zidan, izen guzti-guztiak ongi zehaztuta. Horra hor: Lehen tenoreak: Zelestino Egiazabal solista, Louis Provost, Maurice Azera, Guy Phocas, Frantzisko Azitores eta Joxe Luis Sarasketa. // 2. tenoreak: Lorentzo Etxarri eta Pilou Lanbert soinujolea. // Baritonoak: Manolo Kurutxet, Georges Cazaux, Luis Ezenarro eta Iñaki Uriarte. / Baxuak: Andre Bidegarai, Pierre Egiazabal, Battitt Etxenagusia eta Pierre Etxenagusia.
Mila esker, nire aldetik, Andoni Etxarriri zehazkizun hauek guztiak emateagatik. Olentzero luzaz bizi bedi Hendaian eta Euskal Herri osoan, beti euskaldunon iruditeria magikoari atxikirik, eta ahal den neurrian, kontsumismoaren hatzaparretatik urrun.
You must be logged in to post a comment.