Panem et circenses
Ez naiz ni ekonomian aditua, are gutxiago politikan. Egia esanda, ezta nahi ere. Aski daukat oraingoz neurearekin. Gustura jakingo nuke, ostera, euren burua aditutzat dutenek zer ulertzen ote duten aditu izateaz. Noiz igarotzen da norbait aditu ez izatetik aditu izatera? Zein unetan? Noiz eta nork irekitzen du bizitza arruntetik adituarenera daraman atea? Gai zehatz bati buruzko zenbat liburu irakurri behar dira aditu bihurtzeko? Zer titulu erosi? Zenbat balio du? Edonor izan al daiteke aditu ala dirudunak soilik? Galdera mordoa pilatzen zait bata bestearen ondoren. Ez naiz, beraz, aditua; ez.
Aitzitik, zerga ordaintzailea naiz, hori bai; bai horixe! Edonor izan daiteke zerga ordaintzaile, bi baldintza betez gero: adinduna izatea eta, are garrantzitsuago, pertsona fisikoa izatea. Hain da erraza titulu hau jasotzea, ezen pentsatzen jakitea ere beharrezkoa ez den, ez baita izenean adimenaren aipurik egiten. Aditua izateko bidea baino askoz motzagoa da zerga ordaintzailea izatera daraman zidorra.
Fisikoa ez den pertsona bat irudikatzen saiatu arren, ez dut lortu nire irudimenean gutxi gorabeherako zirriborrorik marraztea. Errautstutako pertsonak, uste dut, fisikotasuna galdu badu, ez duela zergarik ordaindu behar. Aldiz, baltsamaturikoak fisikoa mantentzen jarraitzen duen heinean, zergak ordaindu beharko lituzke, baina, nik dakidala, ez da horrela gertatzen.
Zer da, hortaz, pertsona fisiko bat? Nor da, bada, fisikoa ez den pertsona? Garunik gabeko gizaki itxurako langilea? Gizaki itxurarik ez duen robotak balio al du haren zereginak hark baino azkarrago eta akatsik gabe bete arren? Pertsonak ordezkatzen dituen makina eraginkorrek, duten itxura dutela, zergak ordaintzera iristen badira, “pertsona fisiko” kategorian sartu beharko ote dira? Erdi pertsona zen zentauroa bera ere ez litzateke libratuko zergak ordaintzetik. Ziklopeak ere kobazuloan bizitzeagatik ordaindu beharko zukeen berea, begi bakarrari esker beste era batera ordainaraziko lioketen mozorroturiko beherapentxo bat izan arren. Merkea garesti ateratzen dela ez da oraingoxeko esaera, sirenek ondotxo dakitenez.
Oraintxe bertan, Margaret Atwood-en “Neskamearen ipuina” irakurtzen ari naiz, esku batekin liburua eta bestearekin azalari dagokion Coca-Cola poto bat eusten dudan bitartean. Bat-batean, kapitulu bat amaitu eta atseden labur baterako hartu dudan hausnartze tartetxoan, esku biei adi-adi so egon naiz, esku artean dudan luxua edukitzeagatik eskertuta eta atsekabetuta, aldi berean. Bi bizio horiek, irakurtzearena eta edari karbonatatuak zurrupatzearena, alegia, edonork eduki ezin ditzakeela pentsatzean sumindura burura igotzen zait, poto barrukoak alkohola ote daukan pentsarazteraino.
Gobernatzaileak produktu mota horien eta beste batzuen zergaren balioa igotzeko aitzakiak eta, jaiotzear dauden haurtxoaren izena aukeratzen diharduten ilusioz beteriko guraso hasi berriak bailiran, haiek izendatzeko eufemismoak asmatzen dituzten bitartean, ohartu naiz aditu izateko titulua erosi dezaketen zorioneko gutxi batzuek soilik ordaindu ahal izango dituztela oraintxe nik altxor garesti moduan eusten ditudan bi ondasunak. Eta, amorruak jota, potoa zanpatu eta irakurtzen jarraitu dut.
Zergatik?
Ene aburuz, erraza da arestian atera berri den albistearen arrazoia zein izan daitekeen ondorioztatzea. Garai batean (garai luzeegian, azpimarratu nahiko nuke) idazten zuten emakumeak arriskutsutzat jotzen ziren bezala, egun, irakurtzen duten herritarrak gobernatzea deserosoegia suerta dakieke bigarren mailako agintariei, beraiek baino gehiago jakitea (eta ez da lan nekeza sarritan) mehatxu bat izan daitekeelako haientzat. Zertan dira, bada, adituak herritar koroa zuzentzen duten zuzendari txepelak?
Horrexegatik, hortaz, errazagoa eta arinagoa da letragabeko gizarte bat gobernatzea, ezbairik gabe. Agintariek lehenago lortuko baitute, era horretan, bularra harrokeriaz puztutzea, itsasontzien haize-oihalak nola. Esana txintik atera gabe betetzen duen artaldea nahi bezala maneiatzen duela ikustea nahikotzat joko du koloreko gorbatadun artzainak.
Zer gara?
Pertsona fisikoak. Zerga ordaintzaileak. Diru egileak. Larrutuko gaituzten ardiak. Artalde bat, banakoak baino. Bizitza erdia baino gehiago lanerako prestatuak garen robot bihotzdunak. Bihozgabeen esanetara bizi garen gizakiak. Aurrez diseinatutako bizitza ustez zoriontsua bizitzera beharturik gauden gizagaixoak. Txanpon ibiltariak. Elikatu beharreko makina sortzaileak. Bideo-joko bateko pertsonaiak. Diru gastatzaileak. Kontsumista kontsumituak.
Kexa ez gaitezen, ordea, eta pentsatzen denborarik igaro ez dezagun, hain zuzen, bizitza diseinatzen dutenek entretenigarri txoroak eta horiek eragiten duten buruberokeriak ere asmatu dituzte. Ez diote zoriari tarterik utzi, ez dago arrakalarik, guk hala uste arren, saihesbiderik gabeko bizi bide aurrefabrikatuan.
Gehiegi pentsatu gabe (hona hemen paradoxa) futbola datorkit gogora edo telebistako berriketaldi zalapartatsuak. Erromatarrek gladiadoreak zituzten, besteak beste, herritarrak (ez guztiak, jakina) gustura eduki eta burua beste leku batean izan zezaten, inguruan gertatzen zenari jaramonik egin ez ziezaieten. Azken batean, ondoko gudetan nahiz beraien egoera kaskarrean erreparatzeko astirik eta gogorik izan ez zezaten.
Jendea nekatu eta aspertzea estrategia zaharra da akitutako gizarte axolagabe bat trebatzeko. Horrela egingarriagoa baita taulako piezak nahi bezala mugitzea aurkaririk ez duen xake partida bateko jokalari ziurrarentzat.
Zer garen, beraz, horixe gara: gutxi batzuek eurek asmatutako nahi bitxiak asetzeko behar dituzten langileak baino, ahotsik gabeko txanpon bizidunak (panem) eta itzaldutako garunetan poztasuna apurka intsuflatu beharreko ikusle aspertuak (circenses).