Gaur, badirudi Urtats edo Urte Zaharreko besta opatzeko erdal ohiturak bete behar ditugula: hamabi kanpaikaden kontu itsusi eta arrotz hori, kotiloiak, oturuntzak, suziriak eta abar. Arrotzek hori erakutsi digute eta guk itsu-itsuan jarraitzen dugu. Gure mundu-ikuskera galtzearen urrats bat gehiago, besterik ez da. Baina hori izan al da beti euskaldunok urtearen bukaera ospatzeko izan dugun modua?
Nafarroa Garaiko Baztanen, Basaburuan, Imozen, Larraunen, Burundan eta Arakil aldean, bederen, bazen urte berriaren etorrerarekin loturiko errito bat, urtero errepikatzen zena. Gaur, tamalez, badirudi bakarrik Burundako Urdiain herrian egiten dela. Pena da, errito hau baita euskaldunok Urte Zaharreko edo Urtatseko gauean urte berriari ongi etorria emateko izan dugun berezko erritual naturalista-animistaren azken aztarna. Hamabi mahatsen ohitura horrek ez du bide luzea Euskal Herrian, eta ez du zer ikusirik euskal kulturarekin.
1.- Ur goiena, ur barrena, Urte Zaharreko usadio zaharra.-
Urtats edo Urte Zaharreko gauean mutilak lehen, eta neska-mutilak orain, euren herrietako iturrietara joaten ziren eta hortxe zain egoten ziren gaueko hamabiak jo arte. Urte berria hastean, ura jasotzen zuten pitxarretan eta apaizari, alkateari eta gainerako bizilagunei banatzen zieten ur berria edan zezaten. Garai zaharretan urteko lehen ura sendatzailea eta berritzailea zela sinesten zuten. Jose Maria Satrustegi idazle eta antropologoaren esanetan, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen zuen.
Joxe Mari Satrustegi
Gure arbasoen ustez, ura zerutik datorkigu euriaren bidez (ur goiena) eta lur barrenean aterpetzen da. Lurretik isurtzen diren iturri, erreka eta ibaiek ur hori etengabean ateratzen dute lur azalera (ur barrena). Eta bi ur horiek, goikoa eta barrukoa, goiena eta barrena, dira errito honetan gurtzen direnak.
Gazteak etxez etxe joaten ziren urte berriko ur berri sendatzaile eta berritzailea banatuz. Etxeetara iristean oihu egiten zuten: Urteberri berri! eta etxekoek erantzun: Zer dakarrazu berri? Ondoren, gazteek hainbat bertso eta kantu eskaintzen zituzten eta esker ona adierazi nahian, etxeetako jaun-andereek jateko eta edatekoak ematen zizkieten. Horrela zen arestian aipatu eskualdeetan, eta horrela da oraindik, Urdiain herrian.
Julio eta Pio Caro Baroja anaiek 1972an plazaratu zuten “Navarra, cuatro estaciones” izeneko erreportaje gogoangarrian jaso zituzten errito honen inguruan ditugun lehen irudiak. 1977an, Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalek argitara eman zuten “Oles eta oles” diskoan Urdiainen Ur goiena, ur barrena erritoaren egunean abesten den kantu zaharra jaso eta zabaldu zuten.
1980an, etnografo handia eta urtetan Urdiaingo apaiza izandako Jose Maria Satrustegik, Txertoa argitaletxearen bidez, plazaratu zuen “Mitos y creencias” izeneko liburuan deskribapen zehatz eta zabala egin zuen. Eta azkenik, 2015ean, Olatz Zugastik “Ur goiena, ur barrena” izeneko disko ederra plazaratu zuen errito zahar horren oihartzuna denon gogora eta belarrietara hedatu nahian. Bada garaia, gaurko euskaldunok errito zahar hau indartu eta zabaldu dezagun gure geografiaren luze-zabalean.
2.- Urte Zaharreko bertso eta kantuak.-
Zoritxarrez aunitz galdu badira ere, baditugu oraindik herrietan egin izan diren hainbat aldaeraren zati batzuk. Polita da, esate baterako, Imotz udalerriko Oskotz kontzejuan Fermina Lizasori jaso zitzaion sarrerako bertsoa: Ur barrena, ur goiena / urte berri egun ona / egun onaren seinalea / Izotzetan eta lurretan / hemen dekargu ur berria / Iriki zazu abenduko / gau luzeetan / gu gaixuok ementaria / presta dezazu gosaria / gabiltza hotzak hiltzen / oin hutsetan.
Gaur egun ezagutzen dugun bertso sorta osatuena Urdiainen urtero kantatzen dena da. Hasieran gazteek honako zortzi bertso hauek abesten dituzte:
1.- Arantzazu zer dekazu? / Ur goiena, ur barrena / Ur goiena, ur barrena, / Urteberri egun ona. // 2.- Etxe honetan sar daiena / bakearekin osasuna / bakearekin osasuna, / onarekin ondasuna. // 3.- Etxekoandre giltzaria / iriki ezazu ataria. / Badekagu ur berria, / presta ezazu gosaria. // 4.- Etxe honetan oilar bi, / bata bestea iduri. / etxe hontako etxekoandreak / Ama Birjina dirudi. // 5.- Etxe hontako nagusi jaunak / urre gorrizko bizarra. / Hartxek, hartxek eman dia neuri / errealtxo biko zidarra. // 6.- Goian-goian ilardia, / erdi-erdian klabelina, / gure baratzan belar ona / hark botatzen dau usai ona. // 7.- Izotzetan, elurretan, / abenduko gau luzeetan,/ beste guziak ohean eta / gu, gaixook, oinutsetan. // 8.- Eguzu bada, eguzu, / baldin eman nahi badezu, / baldin eman nahi badezu / eta bestela despegi gaitzazu.
Zortzi bertsoz osaturiko kantua amaitu ondoren, gazteek ura eskaintzen diete etxeetako bizilagun guztiei. Lehendabizi agintariek edaten dute ur berritik, apaizak eta alkateak, eta gero, gainerako guztiek. Etxe batean kantariek lortutako saria eskasa bada, bi bertso gehiago gaineratzen dituzte:
9.- Arramarioan dabil sagua, / hari segi dabil katua. / Etxe hontako limosnarekin / ez dugu beteko zakua. // 10.- Etxe honetan dago uztarri /
haren gainean uzkar bi. / Halabiz.
—————–
Urdiaingo iturria
Hauxe da, ene irudikoz, euskaldunok bultzatu eta indartu behar dugun eredua, ama-lurrarekin eta izadiarekin erritoa, kontsumismotik urrun dena. Besta, dantza, kantua, bozkarioa… baina gure modura, eta arrotz ildo itsusi horretatik abiaturik. Jakin badakit, Euskal Herriko geografiaren hainbat tokitan, urarekin eta lurrarekin loturiko horrelako erritual zaharrak berpizten hasiak direla. Ongi legoke hortik abiaturik, izadiarekin eta lurrarekin dugun zor handia, nolabait kitatuko bagenu. Urte Zahar on eta Urte Berri hobea denontzat, ahal bada, inolako izurriterik gabea. Ur goiena, ur barrena! Hala bedi!
You must be logged in to post a comment.