AUZO-LOTSA

Non eta zergatik sentitu ote dut nik inoiz inoren lotsa, bizitzan zehar? Leku askotan eta arrazoi ugarirengatik, da erantzuna.

Gizarte honetan, jakina da, ezberdinak diren pertsonak edota gehienekin bat egiten ez dutenak, nola edo hala, baztertuak eta zokoratuak izaten direla. Esate baterako, emakumeekin gertatzen da, gizonak ez izateagatik. Beltzekin ere bai, zuriak ez direlako. Txiro eta behartsuekin beste horrenbeste pasatzen da, diru gutxi dutelako. Etorkinei, errefuxiatuei, lesbianei, gayei, transexualei, bisexualei, intersexualei, prostitutei, galtzaileei, espetxeratuei eta abarri ere berdintsu gertatzen zaie; alboratuak eta zapalduak izaten dira. Zerrenda arrunt luzea izan liteke, ia-ia amaigabea. Gizartea ez da batere solidarioa mota horretako pertsonekin, are gehiago, esan liteke, gehienetan, oso ankerra dela, eta, horrek sufrimendu handia dakar pertsona askorentzat.

Aipatutako pertsona ezberdin eta diferente horien artean, aniztasun funtzionala edota arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenak dira (elbarriak, urritasunen bat dutenak, ezinduak, gutxituak, ezgaitasun fisikoak edo psikikoak dituztenak: itsuak, gorrak, mainguak, aulki gurpildunak eta abar), izen horiek guztiak eta baita gehiago ere erabiltzen edo inoiz, behintzat, erabili izan dira, pertsona batzuk izendatzeko; denak, gizabanako duinak eta giza eskubide guztien jabeak direnak aipatzeko, alegia. Ez dira izen gutxi, alajainetan!

Bizitzan, batzuetan, pertsonok inoren lotsa pasatzen dugu. Baina, jakina, egoera guztiak ez dira berdin-berdinak, edota, beste modu batez esateko, pertsona guztiek ez dute erantzukizun berbera gizartearen eta norbanakoen aurrean.

Oraingo honetan, batez ere azpimarratu nahi ditut, 2003tik 2007ra, Iruñeko Udalean, zinegotzi izan nintzen garaian, alegia, lau urte haietan, nire egoera fisikoarengatik, hau da, aulki gurpildun batean ibili eta bizitzeagatik, gertatu zitzaizkidan hainbat eta hainbat bizipen ezohiko. Baina, aurreko hamarkadetan ere gertatu zitzaizkidan beste pasadizo bitxi eta deseroso batzuk, besteak beste, pertsona publiko batzuekin, esate baterako, Javier Iturberekin, Alfredo Jaimerekin, Juan Ramon Gancedo Iruñeko udal arkitektoarekin eta abar, eta abar.

1 PIXA ERREKA BERNETAN.

Gorago esan dudan bezalaxe, bizitzan zehar makina bat pasadizo bizi izandakoa naiz, nire izaera fisikoarengatik. Honako hauxe izanen da, seguru asko, gogoratzen dudan lehenetariko bat.

Hamar bat urte nituenean, ordurako gaizki samar ibiltzen nintzen fisikoki, gaitz hereditario bat tarteko zela. Giharrak eta orpazurdak ez zitzaizkidan behar bezala garatzen, eta, horregatik, oin puntetan ibili ohi nintzen, modu xelebre samar batean. Hura dela eta, Lekunberriko mutiko batzuek “oin-punta” esaten zidaten, izengoiti moduan, ni iraindu nahian-edo. Ibilera ezohiko hark, erraztasun handiarekin lurrera erortzea ere ekartzen zidan, eta, halaxe joan nintzen handitzen eta hazten iseka eta laidoen batzuen artean; Etxarrin, gure herrian, ez, han betidanik halaxe ezagutu baininduten.

Igande jakin batean, Lekunberriko parrokiatik atera bezain azkar, hara non, herri hartako mutiko txiki bat, ni baino dezente kakanarruagoa zena, niregana hurbildu, eta, batere zalantzarik egin gabe, pitilina atera eta pixa egin zidan goitik behera zangoetan, inolako konplexurik gabe.

Ni, adin hartan, oraindik galtza motxetan ibiltzen nintzen, eta, eskerrak!, bestela, pentsa dezagun zer gertatuko zatekeen, bururatu izan balitzaio gauza bera egitea, baina galtzen gainean!; askoz ere enbarazu handiagoa niretzat!

Gaur egun, harreman ona daukat garai hartako mutiko txiki eta bihurri harekin; ez dakit berak gogoratuko ote duen pasadizo hura, nik ez diot inoiz aipatu, baina argi dagoena da, ekintza hura egin zuenean irudituko zitzaiola zerbait on eta handi egiten ari zela, gainera, ni ez bainintzen Lekunberrikoa, baizik eta ondoko herri batekoa, eta, horrela, beharbada, eginen zuen konbentzimendu eta amorru handiagoarekin. Bera gustura geldituko zen, segur aski, baina, ni, zeharo harrituta, ordea, eta inoren lotsa sentituko nukeen, noski, adin handiagoa izan banu.