ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA MANASLUKO OINARRIZKO KANPAMENTURA IRITSI DIRA

Phelipe Eizagirre
  • Dohan, Bihim, Philim edo Namrung-etik igaro dira, eta 3.500 metroko desnibela metatu dute

  • Eguraldi ona eta taldearen gogoa izan dira nagusi espedizioaren lehen partean

Ia astebeteko trekkingaren ostean, Alex Txikon eta bere taldea Manasluko oinarrizko kanpamentuan (itsas mailatik 4.900 metrora) daude azkenean. Ez da bide erraza izan, baina eguraldiak eta taldearen gogoak markatutako helburua lortzen lagundu dute. Orain hasten da lan gogorra. Oinarrizko kanpamentua antolatu beharko dute, pixkanaka-pixkanaka igotzeko bidea hornitzen hasteko.

Urte Berri egunean Katmandura iritsi zenean, taldeak berrogeialdia gorde behar izan zuen 4 egunez eta PCR froga bat egin behar izan zioten, Nepalgo agintariek agindu bezala. Izan ere, inork ez dio ihes egiten COVID-19ak sortutako pandemiari eta haren ondorioei. Nepalek ere ez. Gestio guztiak egin eta hasierako plana aldatu behar izan eta gero (berrogeialdiko egunek Bilbon pentsatutakoa aldatu zuten), taldeak kargak antolatu eta helikopteroetan utzi zituen, Samagaunera (3.500 m) eraman zitzaten.

Materiala kanpamentu nagusira zuzenean eramateko aukera zegoen, baina Samagauneko zamaketariek herritik kanpamendura eramatea erabaki zuen Txikonek. Pandemiak gogor jo du diru iturri nagusitzat espedizioak eta turistak dituen eskualdean –2020ko martxoaz geroztik, bertakoak izan ezik, ez da ia inor igaro bertatik–, eta horregatik erabaki zuen Txikonek bere aletxoa jartzea eta inguruko zamaketariei lana ematea.

Badakigu gure ekarpenak ez duela aurtengo arazoa konponduko. Pandemiak gogor jo du inguru honetan. Ez hainbeste gaixotu egin direlako, ia ez baita kasurik izan, oso eremu isolatuak dira, baina eragin handia izan du euren ekonomian. Iritsi aurretik banekien zer aurkituko genuen: turismotik eta espedizioetatik bizi den eta turistarik eta espediziorik ez duen herria. Pertsona horiei guztiei zor diegun errespetuarengatik, Himalaiara etorri garen urte guztiengatik, koherenteena eta zuzenena ahalik eta gehien laguntzea zela uste genuen”, azaldu du Alex Txikonek.

Behin kargak utzita, taldeak 5 egun iraun dituen trekking bat hasi zuen. Hori bai, motxila bizkarrean hartu eta oinez hasi aurretik, Txikon eta bere taldeak bidaia luzea egin behar izan zuten autobusez eta 4×4 ibilgailuz Machhakholagaoeraino. Eta herri horretan gaua igaro ondoren, kanpamentu nagusiraino eraman dituen bide luze baina ederra egin dute. Dohan, Bihim, Philim edo Namrung herrietatik igaro dira, hanketan 3.500 metroko desnibela pilatuz, baina bidaiak merezi izan du.

Trekking ederra izan da, eguraldi zoragarriarekin. Katmandun ikusten genuen eguraldia gure alde egongo zela eta berrogeialdia oso luzea egin zitzaigun. Martxan jartzeko irrikan geunden eta eguzkia aprobetxatu behar genuen! Bidea bikaina izan da eta leku ederrak ikusi ditugu. Baina, beste behin ere, aurkitu dugun errealitatea oso gogorra egin zaigu. ‘Lodge Thakli’-ko Lakpak, martxoaz geroztik hemen ikusten den mendebaldeko bigarren taldea garela esan dit, eta hori suntsitzailea dela gu bezalako jendetik bizi den eskualde batentzat. Hala ere, inoiz ez dute irribarrea galtzen eta oso positiboak dira. Aurrera egiteko indar handia eman digute”.

Taldea oinarrizko kanpamentuan lanean hasteko irrikan dago, eta oraindik zeregin handia dute bertan. Orain bai, Manaslu (8.163m) handiak goitik zaintzen ditu, bere aurpegirik onena eskainiz. Eta ez dute bistatik galduko Bilbora itzuli behar duten arte.

INFORMAZIO GEHIAGO ETA ELKARRIZKETAK:

BIOK COMUNICACIÓN ESTRATÉGICA

Ane Mendibe // mendibe@biokcomunicacion.com // 636 878 248

Peru Salaburu // salaburu@biokcomunicacion.com // 639 902 771