Txikia nintzenean, noiz edo noiz Iruñera joaten nintzen amarekin, bera erosketa edo mandatu batzuk egitera zihoan bitartean, eta, hango kaleetan pasatzean edota hiribusetan ibiltzean, behin baino gehiagotan, honako iruzkin hauek eta antzekoak entzuten nituen, ozen samarrak eta batere disimulurik gabe, asmo txarrik gabekoak, noski, baina esan esaten zituzten, batez ere, emakumezkoek, haien artean, erruki eta urrikalmen sentimendu handiz esanak betiere: <Begira, begira, gizajo horri! Ze pena ematen duen! Jainkoak lagun diezaiela bere gurasoei! A ze zama eta madarikazioa haren guraso gaixoentzat! Ez niken beraien larruan egon nahi!>.
Bai, bizitzan zehar, oso sarritan entzuna naiz halako lore eta gozokeriak, baina, egia esateko, ni inoiz ez nintzen gizagaixo sentitzen eta ez nuen ongi ulertzen, zergatik esaten ote zituzten halako gauzak nitaz. Suposatzen dut, gaur egun ez lizkidaketela hain erraz esanen, baina urte haietako mentalitatea halakoxea zen, eta, ondorioz, halaxe pentsatzen eta hitz egiten zen.