Ainitz izan dira Euskal Herria utzirik, Ameriketako lurretan bizimodu berri hobe baten bila abiatu direnak. Horietako batzuen seme-alabak gaur idazle, politikari, zientzialari, abokatu, kazetari, kultur-eragile… ditugu Ameriketako estatuetan, baina enperadore izatera iritsi den bakarra Agustin Iturbide dugu, baztandarren ondorengo zena.
1.- Iturbidetarren jatorria.-
Agustin Iturbideren familia Baztangoa zen. XV. mendean, Aragoiko Joan II. erregeak haren familiari noblezia titulua eman zion. Mende horretan Martin Iturbide Baztango alkate izan zen luzaz. Hortik aitzina, iturbidetarrak Iruñeko artxiboetan aurkituko ditugu goi karguak betetzen. 1517an, Lepantoko gudu handi hartan, Joan Iturbide eta bi seme hil ziren borrokan.
1711n, Joxe Iturbide Alvarez-Eulate bataiatu zuten Azkoiengo elizan, eta 1737ko abenduaren 8an, eliza berean ezkondu zen Maria Josefa Arregi Gaztelu azkoiendarrarekin. Seme-alaba askoren guraso izan ziren. Horietako bat, Joxe Joakin izenekoa, Nueva España-ko erregeorde-tegira abiatu zen eta Valladolid izeneko hirian bizitoki berria finkatu zuen. Gaur hiri honen izena Morelia da. 1786an herri horretako udal-kontseiluko partaide zen eta horretaz gain, Quirion bazuen etxalde moduko bat. 1772an oiartzuar odoleko Maria Josefa Aranburu Carrillo-Figeroarekin ezkondu zen. 1783ko irailaren 27an sortu zen Agustin, familia honen bosgarren semea.
2.- Agustin Iturbideren gazte urteak.-
Hamazazpi urte zituela, Valladolideko Infanteria Errejimenduan sartu zen, eta hogeita bi urte zituela Ana Maria Huarte euskaldunarekin ezkondu. Mexikoko Independentzia Gerraren lehen urteetan, espainiar gudarostearekin batera borrokatu zen matxinatuen aurka. Ofizial izatera iritsi zen, eta borrokaldietan izan zituen garaipenei esker, ospe handia eta diru franko atzeman zituen. Borrokaldi horietan gogor aritu zen matxinatuak zanpatuz, matxinatuen senideak gupidarik gabe zigortuz eta fusilamendu ugari aginduz.
1816an, erregeordeak goi mailako gerra agintetik baztertu zuen. Baziren zurrumurru handiak haren aurka, ainitzetan matxinatuen adiskide eta senideek zabaldutakoak. Zabaldu zenez, Iturbidek gerra baliatu zuen merkataritza monopolioak sortzeko, ondasun pribatuz jabetzeko, eta erregearen diruak xahutzeko. Egia ote? Gauza da, erregeordeak agintetik kendu zuela, baina ez luzerako, hurrengo urtean Iturbideren aurkako kargu guztiak kendu baitzituzten.
Orduan, Iturbidek aukera izan zuen gerra aginterara itzultzeko, erregeordeak horrela eskaini baitzion, baina haserre, baztertu zuen. 1820an, hogeita hamazazpi urte zituela, Iturbide koronela independentziaren aldeko matxinatuen alde lerratu zen. 1821eko otsailaren 14an, Igualako Plana deitu izan den aldarrikapena zabaldu zuen. Egitasmo horretan, espainiarrak Mexikoren independentzia onartzeko eta modu ordenatuan joateko gonbidatu zituen. Horretarako erresistentziako buru zen Vicente Guerrerorekin elkartu zen eta Armada Trigarantea sortu.
Erregeordeak Iturbide legez kanpo utzi bazuen ere, ezin izan zuen deus egin, hiri eta gotorleku gehien-gehienak Iturbideren armadaren alde lerratu baitziren. 1821eko irailaren 27an, Iturbideren armadak Mexiko hiria hartu zuen eta Mexikoren independentzia aldarrikatu.
3.- Agustin Iturbide, Mexikoko enperadore.-
Historiak kontatzen duenez, 1822ko maiatzaren 18an, Mexiko hiriko herritarrak Iturbideren etxeraino joan ziren eta enperadore izan zedila eskatu zioten. Hurrengo egunean, hau da, 1822ko maiatzaren 19an, Mexikoko Behin-behineko Gobernuak Agustin Iturbide lehen enperadore izendatu zuen.
Hamar hilabetez izan zen enperadore, Santa Annaren agindupeko iraultza errepublikazale batek boterea hartu baitzuen eta 1823ko martxoaren 19an koroari uko egin behar izan baitzion. Gero erbestera igorri zuten. Hasieran Italiako Liornara joan zen eta Londresera geroxeago. Ingalaterrako hiriburuan zegoela, espainiarrak Mexikoren inbasio berri bat prestatzen ari zirela jakin zuen. Independentziaren aldeko borrokan aritzeko asmoz Mexikora itzuli zen urte bereko uztailaren 19an.
Errepublikaren Gobernuko soldaduek atxilotu zuten eta sasiepaiketa baten ondoren, heriotza zigorra egotzi zioten. Padillan ,1824 maiatzean, fusilatu zuten. Gorpua Padillako teilaturik gabeko elizatxo abandonatuan zuten ehortzi.
Haren alarguntsa Estatu Batuetan babestu zen eta Mexikoko monarkikoek Agustin Jeronimo Iturbide eta Huarte seme premua aitaren ondorengotzat hartu zuten. Haatik, historiaren haizeek ez zuten Iturbide familiaren alde ufatu, eta iturbidetarrak ez ziren inoiz Mexikoko tronura itzuli.
Hauxe izan zen Baztango odola zainetan zuen Agustin Iturbideren ibilera historikoa. Enperadore izan den euskaldun bakarra, zeren eta, berak behin eta berriz, erraiten zuen bezala. “vasco de cuatro costados” zen, hau da, goitik beherako euskalduna.
You must be logged in to post a comment.