Alex Txikon eta bere taldea martxan jarri dira berriro. Badirudi eguraldiak arnas pixka bat emango diela (altueran egiten duen haizea zuzenean egiaztatu behar dute) eta gaur 1. kanpamentura itzuliko dira. Bertan, igotzeko ibilbidea aztertuko dute –azken egunetan elurra pilatu dela dirudi–, eta 2. kanpamenturako bidea ekipatzen saiatuko dira. Atzo bertan, Kalden eta Namja sherpek 1. kanpamentura igotzea lortu dute eta bertan egingo dute lo, Alex Txikonek, Simone Morok, Iñaki Alvarezek eta Cheppal Sherpak eurekin bat egin arte.
Espedizioaren lehen partean eguraldia oso ona izan zitzaien, baina azken astean ekaitz batek haizea, hotza eta elurra ekarri dizkiela ikusi dute, eta horrela 2. kanpamentua ahalik eta lasterren hornitzeko helburua zapuztu egin zaie. Hala ere, egunak oinarrizko kanpamentuan lan egiteko aprobetxatu dituzte, beti dagoelako zer eginik. Taldearen gogoak bere horretan jarraitu du, oso ondo baitakite eguraldi txarra edozein unetan ager daitekeela, baina azken orduetan, azken parte meteorologikoak aztertu ondoren, euren motibazioa handitu egin da eta mendia zelan dagoen probatzea erabaki dute.
Bi kontu garrantzitsu egiaztatu beharko dituzte: haizea ez dela azken egunetan bezain gogorra, eta ez dela elur larregi pilatu. Horretarako, ezinbestekoa da igotzea eta bertatik bertara ikustea, iragarpenak gutxi gorabeherakoak direlako beti. 1. kanpamentura igoko dira, eta han erabakiko dute zer egin, baina asmoa da 2. kanpamentua lehenbailehen ekipatzea da, gailurra ahal bezain laster erasotzeko. Alex Txikon eta Simone Moro baikorrak dira horri dagokionez.
“Eguraldiak ez digu azken egunotan larregi mugitzen utzi. Hala ere, oinarrizko kanpamentuan hainbat lan egiteko aprobetxatu dugu. Klimatologia egiaztatu ondoren, eguraldi oneko leiho txiki bat izan daitekeena ikusi dugu, eta purka-apurka altuera hartzen joan gaitezkeen ala ez ikusi behar dugu. Pixka bat gorago egon arte ezin izango dugu jakin ibilbidea zein egoeratan dagoen, baina eguraldi oneko leiho hau aprobetxatu behar dugu, hemen dena egun batetik bestera aldatzen delako. Garrantzitsua izango da haizea zakarra ez izatea eta elur asko bota ez izana. Ikusiko dugu zelan dagoen dena”, adierazi du Alex Txikonek motxila prestatzen ari zela.
You must be logged in to post a comment.