Punto de Vistak aurtengoan soinua ardatz izango duen hezkuntza programa iragarri du, eta Punto de Vista Labs tailerretako batean izena emateko epea irekiko du
Bi sekzioetan, jaialdiko ekimenak hiriko publiko gehiagorengana iristeko filosofiari eutsiko zaio, haurrak, familiak eta helduak barne hartuta.
Beste urtebetez, Punto de Vistaren hezkuntza programak askotariko publikoen arteko elkarrizketa eta trukerako espazio ireki bat izan nahi du, ikus-entzunezkoekiko sentsibilizazioa eta onespena bultzatzeko. Aurtengo edizioan, soinuaren garrantziari erreparatuko zaio, eta hainbat tailer, topaketa eta proiekzio egingo dira, jaialdiaren egoitzetan. Tailerrak Civivox sarearen lankidetzaz egingo dira, edizio honetan ere sareak jaialdiarekin batera egingo baitu lan, proposamena egungo osasun egoerara egokituta. Paula Olazen “Zinemarako musika” tailerrean eta Nerea Ganzarainen eta Estibaliz Urresolaren “Foley tailerrean” hainbat jarduera proposatuko dira, 7-10 urte bitarteko haurrentzat. Xabier Erkiziak eta Ramón Andrések gidatuko dituzten topaketek, bestalde, publiko helduarentzako gogoetarako tarte bat eskainiko dute. Azkenik, Iruñeko Planetarioan eta Baluarten haurrentzako antolatuko diren film emanaldiak hitzordu saihestezina izango dira aurten ere etxeko txikienentzat eta haien senideentzat.
Horrez gain, “Nature Represents Itself” aurkeztuko da, Huarteko Arte Garaikideko Zentroak (HAGZ) antolatutako tailer bat, Praktika Artistikoen eta Kultura Ikasketen masterraren ikasketa programaren barruan. Susan Schupplik artistak emango du tailerra, eta Punto de Vista Labs sekzioaren barruan kokatzen da.
PUNTO DE VISTAREN HEZKUNTZA PROGRAMA 2021
1. TAILERRAK
1.1 Musikarako zinema tailerra
Paula Olaz soinu banden konpositoreak gidatuko du heldu baten laguntzaz joango diren 7-12 urte bitarteko haurrentzako tailer hau, eta bertan animazio zinemarako musika konposizioaren mundua emango da ezagutzera, modu didaktiko eta entretenigarri batean. Olazek zinemarako musika konposizioaren sorkuntza prozesua azalduko die parte hartzaileei. Tailerrak praktikoa izan nahi du; beraz, animazio zinemarako konposizio prozesuari buruzko zuzeneko musika sorkuntza egongo da. Paula Olaz konpositore nafarra eta soinuaren arloko ikertzailea da, eta 2017. urteaz geroztik, bere obra, Child of the Universe, grabatzen eta zuzentzen du Londresko Air Studios prestigiotsuetan, European Space Agencyrako (ESA). Hainbat aitortza eta sari jaso dituzten filmetan egin izan du lan, hala nola Handia (soinu banda onenaren Goya saria), La Trinchera Infinita edo Mapaso (2021eko Oscar sarietarako hautagaiak).
Informazio praktikoa Martxoaren 6a, larunbata, Mendillorriko Civivox. Bi saio: 11:30-13:30, 7-9 urteko haurrentzat, eta, 17:30-19:30, 10-12 urte bitarteko haurrentzat. Bi saioetan 5 bikoterentzako plazak daude (haur bat, heldu baten laguntzaz) Izen ematea Civivox Sarearen bidez.
1.2 Foley Tailerra
Tailerrak entzumenaren inguruko esperientzia oso bat eskaintzen du, gure entzumena iratzartzeko asmoz. Parte hartzaileek narraziorako gaitasuna estimulatzen ikasiko dute, irudia albo batera utzita eta soinu baliabideetan arakatuta. Aretoko efektuak, foley efektu gisa ere ezagutzen direnak, film baten filmaketaren ondoren sortzen diren soinuak dira, eta horien bidez, eszenen grabazioetan jasotako soinua osatu nahi da. Soinu horien sormena arte bilakatu da. Hala, soinuaren arkitektura ikertu nahi da, eta, gure eskura dauden elementuetatik abiatuta, euriaren, itsasoko olatu baten edo leihoan kolpatzen duen haizearen soinua sortu nahi da. 2018ean, ikus-entzunezkoen arloan urte luzez lanean aritu ondoren, Nerea Ganzarainek eta Estibaliz Urresolak Pixelatu kolektiboa sortu zuten, eta horren baitan, ikus-entzunezkoen eta zinemaren sorkuntza elkarrizketa, herritarren parte hartzea eta gizarte eraldaketa bultzatzeko tresna gisa ulertzen dute.
Informazio praktikoa Martxoaren 6a, larunbata, Mendillorriko Civivox. Bi saio: 11:30-13:30, 7-9 urteko haurrentzat, eta, 17:30-19:30, 10-12 urte bitarteko haurrentzat. Bi saioetan 5 bikoterentzako plazak daude (haur bat, heldu baten laguntzaz) Izen ematea Civivox Sarearen bidez.
2. TOPAKETA
Punto de Vistaren hezkuntza programaren barruan, bi topaketa antolatuko dira Xabier Erkiziarekin eta Ramón Andrésekin, eta martxoaren 16an, asteartean, izango dira.
2.1. Belarriaren ez-fikzioak. Xabier Erkizia.
Goizean, 11:00etan, Xabier Erkizia musikariak, ekoizleak eta soinu artistak Belarriaren ez-fikzioak” izeneko hitzaldi interesgarria emango du, zinema eszenak gertatzen diren gelen zarata ezkutuari buruz.
Roomtone, gela tonua deitzen zaio filmaketa zinematografikoetako lokalizazioetan, bereziki espazio itxietan, soinu teknikariek grabatu ohi dituzten grabaketa isilei. Haietan, itxura batean, ez da ezer gertatzen. Ez da aktorerik, ez ahotsik, ez akziorik. Lekuaren airea jasotzen dute. Beranduago, filma muntatzerakoan eraikiko den soinuzko fikzioa sinesgarri izateko beharrezkoa den airea. Fikzioaren arnasa da. Zinemaren zarata isila. Gure memoria zinematografikoen harrabots apalenetan zenbat hondakin eta zenbat bitxi gordetzen den ulertzeko balio duen xuxurla.
Erkiziaren lanaren ezaugarri nagusia entzumena eta soinua barne biltzen duen komunikazio edo sorkuntza forma ororen gaineko jakin-mina eta ikerketa da. Askotariko diziplinatan diharduten artistekin aritu da lankidetzan (estudioan eta zuzenean), hala nola Mattin, Eddie Prevost, Ilios, Alan Courtis eta Iñigo Telletxea.
2.2. Ramón Andrésen eta Xabier Erkiziaren arteko elkarrizketa
18:00etan, Ramón Andrés poeta eta pentsalari nafarra eta Xabier Erkizia artista eta musikaria topaketa honetan elkartuko dira, eta sorkuntza lanen diziplinartekotasuna izango dute hizpide, nork bere mundu artistikotik.
Ramón Andrés saiogile, poeta eta pentsalari iruindarrak abeslari gisa ekin zion bere musika ibilbideari, eta Erdi Aroko eta Errenazimenduko errepertorioa landu zuen, antzinako instrumentuekin. Musikari buruzko liburu asko idatzi ditu; esate baterako, El mundo en el oído. El nacimiento de la música en la cultura (2008/2014) eta Diccionario de música, mitología, magia y religion (El Pais egunkariak saiakera onena gisa aukeratu zuena 2012/2014). 2015ean, Kulturaren Vianako Printzearen Nazioarteko Saria jaso zuen, bere ibilbide intelektual eta literarioaren aitortza gisa.
3. HAURRENTZEKO PROIEKZIOAK
Punto de Vistaren hezkuntza programan haurrentzako hainbat zinema emanaldi antolatu dira, aurten ere. Film laburren aurtengo aukeraketak familian gozatzeko beste zinema bat posiblea dela erakutsiko digu.
Informazio praktikoa Proiekzio bat martxoaren 13an, larunbata, goizean izango da Iruñeko Planetarioan, eta beste bat martxoaren 20an, larunbata, goizean ere, Baluarten. Sarrerak laster jarriko dira salgai gune hauetan: www.pamplonetario.org eta www.puntodevistafestival.com.
“NATURE REPRESENTS ITSELF” TAILERREAN IZENA EMATEKO EPEA IREKIKO DA HUARTEKO ZENTROAN
Jaialdiaren 15. edizioan, Susan Schuppli ikertzaileak eta artistak “Nature Represents Itself” tailerra emango du, Huarteko Arte Garaikideko Zentroarekin (HAGZ) batera antolatutako ekimen batean. Tailerra, otsailaren 18an, osteguna, eta 19an, ostirala, emango da HAGZn, eta izena emateko epea urtarrilaren 19an irekiko da zentroaren webgunean, www.centrohuarte.es.
Andrew Bush paleoklimatologoak analogia hau egiten zuen: “Izotz guneak klimaren historiaren grabagailu moduko batzuk dira, mundu osoan aldi berean desagertzen ari direnak”. Tailer honetan, Schupplik analogiaz haratago joan nahi du, eta arakatu nahi du nola hedatu den lege ordezkaritza gizaki ez diren hainbat eragileren artean. Tailerrean, adibide gisa, Ekuadorreko Pachamamaren Konstituzioa hartzen da, Naturaren eta Itsasoaren Eskubideak jasotzen dituen konstituzio bakarra baita. Horrela, naturak, itsasoaren forman, bere burua ordezkatu ahal izan zuen BPren (British Petroleum) aurkako auzi batean, 2010ean Deepwater Horizon plataforma hondoratu ondoren petrolioa isurtzen uzteagatik.
Susan Schuppli artistak eta ikertzaileak, Erresuma Batuan bizi denak, proba materialak aztertzen ditu bere obren bidez, gerra eta gatazka armatuetatik hasita ingurumen hondamendi eta klima aldaketara. Schuppli Centre for Research Architecture, Goldsmiths zentroko zuzendaria da, eta Forensic Architecture ikertaldearen aholku batzordeko burua.
Informazio praktikoa: otsailaren 18, osteguna, eta otsailaren 19, ostirala, Huarteko Arte Garaikideko Zentroan (HAGZ), 10:00etatik 14:00etara, eta 15:30etik 19.30era. Guztira 12 eta 15 plaza artean daude, eta ingelesez emango da. Izen emateak urtarrilaren 19tik aurrera HAGren webgunean (www.centrohuarte.es).