TAMARA GARCÍA IGLESIAS, IRATI GOROSTIDI ETA ELISA CELDA, 2021EKO X FILMS PROIEKTUKO HAUTAGAIAK

Aurtengo X Films programarako hautagaiak dira hirurak. Horietako batek ikus-entzunezko sormen lan bat egingo du Nafarroan, saiakera moduan

Punto de Vista jaialdiak Espainian sortzen ari den ez-fikziozko zinemaren onena ordezkatzen duten hiru emakume hautatu ditu. Tamara García Iglesias, Irati Gorostidi eta Elisa Celda Punto de Vista jaialdiaren X Films proiektuaren 11. edizioaren protagonistak izango dira.

Aukeratutako hautagaiak urtebete izango du, gutxienez 20 minutuko iraupena izango duen proiektu bat garatzeko, saiakera pertsonal modura. X Films proiektuak helburu bikoitza du. Alde batetik, obra berri bat sortzeko aukera eman nahi die errealizadore berriei, eta, bestetik, dokumentalen arloko ahots berriak erakarri nahi ditu Nafarroara.

Errealizadore bakoitzak epaimahai baten aurrean aurkeztu du bere proiektua saio batean, non jaialdirako akreditazioa dutenek ere sartzeko aukera izango duten. Publikoarentzat irekia izango den beste saio batean, haien aurreko lanak emango dira, zinemagile bakoitzaren izaera berezia, jakin-minak eta munduaren ikuskera ezagutzeko. Bi saio horien ondoren, epaimahaiak proiektu irabazlea aukeratuko du. Proiektua 2021ean egin, eta 2022ko Punto de Vistan estreinatuko da.

Horrez gain, jaialdiak Tengan cuidado ahí fuera obraren mundu mailako lehen emanaldia eskainiko du, Alberto Graciaren proiektu bat, 2020ko Punto de Vista jaialdian aukeratu zena. Zinemagileak filmaren sinopsia aurreratu du: Beti gauza berberak gertatzen diren bere lantokitik atera gabe, aparatuek Cosme ohartarazten dute kanpoan egotearen arriskuez, han gaiztoek haren proiektuak zapuztu ditzaketelako.

Zinemagile hautagaien biografiak

Tamara García (Lasarte, 1978) Aguilar de Campooko Nazioarteko Film Laburren Jaialdiaren zuzendaria izan zen bost urtez. Las vocesUtahTxalakaEl cuerpo de la mujer sin sombra eta Paraíso filmak zuzendu ditu. Horretaz gain, kultur kudeaketako hainbat lanetan ere parte hartu du (ELLAS 2017 programa, MACBA Buenos Aires; Imágenes Secuenciadas 2021, Artegunea Kutxa), baita Atekaleun zinema ekoiztetxearen sorkuntzan ere, Xabier Erkizia soinu artistarekin batera. Ekoiztetxearekin Ferreyra film laburra zuzendu dute eta O Gemer (Xabier Erkizia, 2021) film luze esperimentala ekoitzi.

Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) zinegilea da. Artea eta zinea ikasi zuen, Bilbon eta Bartzelonan, eta Fulbright bekaduna izan zen, New Yorken. Orain, fikziozko bere lehen lana amaitzen ari da (Unicornio film laburra), eta lehen film luzea garatzen (Anekumen). Azken proiektu horri heltzeko, ikerketa-egonaldia lortu zuen Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, baita Eusko Jaurlaritzaren Ikertu ikerketa-beka ere. Bestalde, NOKA mentoring-programaren barruan hautatu zuten, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Tabakalera Zentroan. Pasaia Bitartean (2016) eta Euritan (2017) filmak nazioarteko zine-jaialdietan eta museoetan proiektatu dizkiote.

Elisa Celda (Madril, 1995) zinemagilea eta Lejos lejos kolektiboko kidea da, eta handik egiten ditu produkzio- eta programazio-lanak. Bere obra hainbat jaialdi eta gunetan aurkeztu da: IDFA, Documenta Madrid, Premiers Plans, Curtocircuíto, Play-Doc, Madrilgo El Círculo de Bellas Artes eta Montevideoko CCE. O arrais do mar bere azken laburmetraiak La Casa Encendidaren Generación 2020 eta Porto/Post/Doc Jaialdiko Arché sariak lortu zituen. Ikasketak Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan eta Madrilgo ECAMen egin zituen.