Ez dizugu deus ikasten: 2020 urte biziki berezia izan da. Ikusi ahal izan dugu munduak nola erreakzionatu duen pandemia baten aurrean, eta harritu gira dugun ekonomia globalizatuaren ahulezietaz eta gure lurraldeen autonomia eskasaz gure beharren aintzinean.
Ondorioa: lurraldearen erresilientziako eta ekonomiaren birtokiratze arazoak taula gainean ezarriak izan dira, eta gero eta leku handiagoa hartzen dute. Jende anitz tokiko ekoizleekiko lotura eta elkartasunaz jabetu dira, jendeen arteko lotura sortzaileak eta gure hiri eta herrien bizitzarako funtsezko aktoreak diren hurbileko saltokien garrantziaz ohartu dira ere bai. Tokiko zirkuitu laburren eta ingurumena errespetatzen duten kalitatezko ekoizpenen (besteak beste laborantza herrikoian eremanak diren ekoizpenak) garatzea ezinbestekoa da trantsizio ekologikorako.
Alatz Elcano, Donibane Lohizuneko Amizolako Landa etxalde biologikoko baratzezaina – Argazki © Isabelle Miquelestorena Tala Photographie
Arazo hauen erantzun naturala: tokiko monetak aintzinean emanak izan dira, eta ekimen desberdinak sortu dira mundu osoan. Euskoan, erabiltzaileen zirkulua zabaltzeko lanak guttitu dira osasun murrizketen gatik – konfinamendua, Eusko Eguna, Lurrama eta abarren ezeztatzeak – baina gure kideen mobilizazioari esker, Euskoren erabilera azkarki garatu da. Eta horrela, bi ozka nagusi eta sinboliko gainditu ditugu.
Lehenik, hilabeteko alda automatikoarena: 100.000 euskoko ozka gainditua izan da, eta abenduaren 31n, gure kideen kontuak automatikoki 111 000 euskoz kargatzen ziren.
Aldaren gorakadaren ondorio logikoa: zirkulazioan diren Eusko kopuruak 2 milioien ozka gainditu du! Abenduaren 31n, Ipar Euskal Herriko 4.000 bat erabiltzaile partikular, 1.100 profesional baino gehiago, 26 herriko etxe eta Euskal Hirigune Elkargoaren artean, 2.270.000 eusko ziren zirkulazioan. Eusko numerikoaren garapenak, eta bereziki euskopay ordaintzeko aplikazioak, hortan anitz lagundu du, tokiko monetaren eguneroko erabilera azkarki sinplifikatzen baitu.
Argazki © Isabelle Miquelestorena Tala Photographie
Kopuru horiek Europako tokiko moneta azkarranaren posizioan finkatzen gaituzte, eta beste tokiko moneten inspiratzeko eta beren bidea irekitzeko ardura ematen digute (80 baino gehiago badira Frantzian). Beti plazer haundia da gure energia, tresnak eta ezagutzen transmititzea, SOL mugimenduan parte hartuz eta Tokiko Moneten Institutuaren bidez proposatzen ditugun formakuntzei esker. Helburua delarik, gure lurraldeak solidarioa, ekologikoa eta beraz, erresilientea, erran nahi baita krisiak gainditzeko gai den garapen modelo batean bideratzeko ezinbestekoak direla erakustea. Eta bihar, Frantzia osoan eta haratago ere, tokiko moneta sendoak izan diten, eta haien erabilera naturala eta orokorra bilaka dadin.
Hemen, Ipar Euskal Herrian, Euskoa gaurko eta etorkizuneko krisiei aurre egiteko eta jendarte indartsuago baten eraikitzeko manera bat da. Horretarako, denok parte hartzen ahal dugu, Euskoa erabiliz, baina ere gure inguruan diren gero eta lagun, enpresa, herriko etxe eta elkarte gehiago tokiko moneta erabiltzen bultzatuz!
2021 urte honentzat, Euskoaren baloreak partekatzen dituzten guziak martxan jartzea deitzen ditugu! Denok gure egunerokoan gure lurraldeko moneta erabil dezagun, gure etorkizuna kolektiboki eskutan har dezagun!
Eusko talde guzia, zu bezala, mobilizatuta da.
Beraz, esker bero bat urtero berritzen diguzun laguntzarentzat!
Hasten den urterako zorion eta elkartasun desiorik onenak adierazten dizkizugu!
Eusko taldea
Zuk ere, gurekin batean, Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten eraikitzean parte hartu nahi duzu?
Euskal Herriko monetako milaka erabiltzaileekin bat egin!
Edo zure Eusko erabilera azkartu!
Zure etxetik edo lanetik hurbil diren eusko helbide berriak ezagutzeko gure eskualdeetako aurkitegiak ardura so egin. Eta zure Eusko kontuko hilabeteko alda automatikoaren zenbatekoa haunditu («Truke» erlaitza).
You must be logged in to post a comment.