AUZO-LOTSA 3 BEHERAGUNEAK

Iruñeko Gazteluko plazan, kalkulatzen dut, 1980ko hamarraldiaren inguruan, egin zituztela lehenengo beheraguneak espaloietan, lehentxeago edo geroxeago izan daiteke, baina, betiere, garai hartantxe. Ordura arte, uste dut ez zegoela deus ere egina, alegia, ez zegoela ezer ere egokituta, gurpil aulkian zebiltzan pertsonak, hobeki eta errazago mugitzeko.

Halako batean, nonbait, udaleko norbaiti, bururatu zitzaion komeni zela zebra-bideetan beheraguneak egitea, pertsona batzuei bereziki, beren ibilbideak erraztu eta samurtzeko. Gogoratzen dut, une hura arte, han ibili behar izaten nuela bilatzen, ea non ote zegoen garajeren bat edota espaloi hautsi eta deformaturen bat, handik barna igo edo jaitsi ahal izateko aulki gurpildunean, baina leku guztietan, ordea, ez zen batere erraz gertatzen halakorik aurkitzea.

Hala eta guztiz ere, egindako lehendabiziko beheragune haiek oso-oso gaizki gelditu ziren, ez dakit alkatearen interes faltarengatik ala eskarmentu ezarengatik izanen ote zen, baina kontua da, burututako hiriko lehenengo beheragune haiek, arrunt piko eta motzak geratu zirela, eta, horren ondorioz, oso zaila zen haietan barrena igotzea eta jaistea, hainbesterako zen, non jaisterakoan, arrisku handia baitzegoen muturrez aurrera joateko lurreraino, baina, bueno, halarik ere, eta, batez ere egiari zor, esan beharra dago, hobe zela horrela egotea lehen zeuden moduan baino. Handik urte batzuetara, hasiko zen Iruñeko Udala, azkenik, espaloietako beheraguneak ongi egiten, hau da, parametro guztiak ongi beteta; bazen garaia!

Baina nire harridurarako, hara zer entzun edo irakurri nion pertsona heldu bati, handik gutxira, lan haien gainean, alegia: <Arraioa!, azken batean, gurpil aulkian dabiltzan pertsonak lau katu triste baino ez izanik, marka da gero, udalak, obra honetan, denon dirutik, barra-barra honela alferrik gastatu behar izatea! Penagarria! Ez ote dute beste lehentasun hobeagorik aurkitu diru hori erabiltzeko? Gaizki goaz, oso gaizki ere, alajainkoa!>.

Orain, berrogei urteren buruan, ez dut uste pertsona hark esanen lukeenik gauza bera, are gehiago, baliteke, hurrengo urteetan, berak ere etekina atera izana beheragune haiei, eta baita, geroago, eginen ziren gainerako guztiei ere, bastoia, makuluak edota aulki gurpilduna erabili behar izan dituelako. Badaezpada ere, hobe izanen da ez esatea “ur honetatik ez dut edanen”, eta, ”apez hori ez da nire aita”.