-
Taldeak, orain arte inoiz erabili gabeko igotzeko bide berri eta alpino batetik lortu du 2. kanpamentua hornitzea
-
Eguraldiaren iragarpenak bere horretan jarraitzen badu eta ezustekoren batek planak aldatzen ez baditu, datorren astearen hasieran gailurra erasotzen saiatuko dira
Alex Txikon euskal alpinista eta Simone Moro italiarra buru dituen ManasluEKI espedizioa aste erabakigarrian sartu da. Izan ere, eguraldiaren iragarpenak bere horretan jarraitzen badu eta ezustekoren batek planak aldatzen ez baditu (espedizio honetan jada gertatu zaien zerbait, esaterako, duela egun batzuk aurkitu zuten eta estrategia birplanteatzera eraman zituen errimaia sakona), datorren astearen hasieran gailurra erasotzen saia daitezke. Horretarako, datozen egunetan altuera irabazten jarraitu beharko dute, orain arte inoiz erabili gabeko igotzeko ibilbide berria prestatuz. Txikonek berak aurreratu duenez, “baikor samarrak gara. Erritmo berean jarraitu behar dugu lanean, eta ez dugu ezustekorik aurkitu behar. Mendian inoiz ez dago jakiterik, baina gauzak aurrera jarraitzen badute, datorren astearen hasieran saia gaitezke”.
Ez da lan erraza izaten ari, ezta gutxiagorik ere. Egia da azken egunetan eguraldia lagun izan dutela, baina planak behin baino gehiagotan aldatu behar izan dituzte, pauso bat baino gehiago inprobisatuz. “Aurkitu genuen lehenengo oztopoa 1. kanpamentuaren eta 2. kanpamentuaren arteko ohiko bidean agertutako errimaia handi bat izan zen. Eskailerekin gainditu genezakeela uste genuen, baina ezinezkoa izan zitzaigun”, azaldu du Txikonek. Oinarrizko kanpamentura itzuli eta planak aldatu beharra. Hutsetik hasi behar izan zuten. Hainbat aukera aztertu ondoren, taldeak “eskumarago dagoen bide batetik” igotzea erabaki zuen, baina horrek metro asko hornitzea eskatzen zuen. “Cheppal, Kalden, Namja eta laurok sekulako jipoia hartu genuen, 1. kanpamentutik 2. kanpamentura pixkanaka igotzeko ahaleginean. 400 metro soka ekipatzea lortu genuen eta oinarrizko kanpamentura jaitsi ginen atseden hartzera”, jarraitu du.
“Simone Morok eta bere taldeak erreleboa hartu ziguten eta guk utzitako lekutik beste 250 metro igo zituzten. Iñaki Alvarezek, Gelum Sherpak lagunduta, material gehiago eraman zuen gora. Simonek eta besteek altuera irabazten zuten bitartean, guk 1.000 metro soka baino gehiago, hesolak, eskailerak… igo genituen oinarrizko kanpamentutik 1. kanpamentura. Barruan geneukan guztia eman genuen. Gaua 1. kanpamentuan igaro genuen”, azaldu du Alex Txikonek oinarrizko kanpamentutik.
“Atzo, azkenean, jokaldia errematatzea lortu genuen. Material guztia igo ostean, 2. kanpamentua ekipatzea eta gainditzea lortu genuen, 6.650 metroko altuerara iritsiz eta 3. kanpamentua baino apur bat beherago geratuz. Erabiltzen ari garen bidea berria eta oso ederra da. Zalantza barik, oso ibilbide alpinoa da, eta pioletak eta kranpoiak behin eta berriro erabili behar izan ditugu. 2. kanpamentutik jaitsi ostean, gaurko gaua oinarrizko kanpamentuan igaro dugu eta beste egun batzuk emango ditugu hemen, atsedena hartzen. Oso lan gogorra izan da, nekagarria”, azaldu du euskal mendizaleak.
Simone Mororen txanda izan da gaur. Txikonek atzoko igoeraren berri eman ostean, 6.500 metroraino eraman du materiala. “Orain atseden hartu eta, indarrak berreskuratu bezain laster, dena aurreikusi bezala badoa, gailurrerako lehenengo erasoa egingo dugu datorren astean”, amaitu du.
You must be logged in to post a comment.