HUNTZA

Bere izen zientikoa Hedera helix da, Araliaceae familiakoa. Hiedra deitzen zaio gaztelaniaz. Landare zurkara, igokaria, hogeita hamar metro gora izan daiteke. Hosto iraunkorrak, berde ilunak, larrukarak, distiratsuak, morfologia desberdinetakoak: lorerik ez duten zurtoinen hostoak (zurtoin foliferoak), oro har, palmondo-itxurakoak (3-5 lobuluak dituzte) dira, baina zurtoin horien oinetako hostoak bihotz-formakoak dira. Zurtoin lore-emaileen hostoak, berriz, eliptikoak eta handiagoak dira. Zurtoin zilindrikoa, sustrai-bizar multzo txikiak (sustrai kaulinarrak) tarteka-marteka ditu substratuari heltzeko. Lore berdexkak, usain atsegina dute, globo-itxurako unbelak, lukutan multzokatzen dira. Fruitua baia beltza, globo-itxurakoa, erpin txiki bat du goian. Irailean eta urrian loratzen da. Zapore mikatz samarra.

Lacoizquetak bere hiztegian (1888) dio euskaraz untza eta untza-ostoa deitzen zaiola, hau da, untza (hontza), gaueko hegazti bat izanda, egun-argitan enbor zaharren barrunbeetan ezkutatzen dela, huntz-hostoekin estalita. Baliteke, halaber, untza auntzaren (ahuntza) aferesia izatea, hausnarkari honek huntzaren hostoekiko duen zaletasuna dela eta.

Fruituak toxikoak dira. Haien ingestioa gonbitoak, beherakoak eta kolikoak eragiten dituzte. Nafarroan, landareak hainbat herri-erabilpen baditu; esaterako, hosto lehorrak egosita, kataplasma moduan, zauriak eta erredurak sendatzeko erabiltzen dira. Era berean, egosketaren ura erabiltzen da gaitz horiek tratatzeko; baita adatsari distira emateko eta kolorea biziagotzeko ere, igurtziak emanez. Halaber, hostoak ozpinez egun batez beratzen utzi ondoren, horiekin egindako kataplasmak, kailuak kentzeko: kailua egun batez kataplasma horrekin bildua izan ondoren. Halaber, Erriberan, pikortak sendatzeko erabili da, kataplasmen bidez: frijitu bi baratxuri oliotan, zartaginetik kendu eta huntzaren hostak gehitu. Txigortuta daudenean, gazen edo oihalen artean aplikatzen dira pikorten gainean.

Bestalde, hostoen infusio kontzentratuak, beratzen gau osoa izan ondoren, balio du arropa beltzari edo itsas urdin koloreko arropari bilo zuria kentzeko, saponinen eragin emulsionatzailea dela eta. Zelulitisari aurrre egiteko ere ukendu bat prestatzen da, koipea edo olioa, argizari birjina eta huntzaren kimuak dituela. Ukenduak, batzuetan, beste zenbait landare gehiago ere izaten du, hala nola, lekugiaren kanpoko zatia edota intxaurrondoaren hostoak. Nafarroako zenbait lekutan hostoen pezioloa murtxikatzen da hagineko minari aurre egiteko. Beste lekutan, hostoen infusioa zirkulazioa hobetzeko hartzen da.

Europan eta Erdialdeko Asian ohiko landarea da. Basoetan, harkaitzetan, murruetan, zuhaitzen enborretan hazten da, berez eta landatuta.

Europako Farmakopea

Europako Farmakopearen arabera, sendabelar gisa, huntzaren hosto lehorra, osoa edo ebakita, erabiltzen da, eta droga lehorraren %3a, gutxienez, hederakosidoa izan behar du.

Hostoaren osagai aktiboak saponosido triterpenikoak (% 2,5-8) dira: azido oleanolikoaren heterosidoak diren hederakosidoak edo hederasaponinak, hederagenina eta baiogenina.

Saponosido ugariena eta garrantzitsuena C hederakosidoa edo C hederasaponina da. Honen aglikona hederagenina da. Beste saponosidoak baditu: C hederakosidoaren deribatua den alfa-hederina, eta B hederakosidoa eta beta-hederina.

Huntzaren hostoek ere flabonolen heterosidoak dituzte, baita azido fenolikoak, fitosterolak, poliazetilenoak eta olio esentziala ere.

Eragin farmakologikoa

Huntzaren hostoaren estraktuek eta horien osagaiek, besteak beste, eragin jariolitikoa (sekretolitikoa), espasmolitikoa, bronkozabatzailea, hantura-kontrakoa, antioxidatzailea eta mikrobioen aurkakoa dituzte.

Saponosidoek bronkioetako mukiaren gaineko eragin tentsioaktibo zuzena dute; sekrezioaren biskositatea gutxitzen dute. Huntzaren eragin bronkozabatzailea ere frogatuta dago.

Indikazioak, gomendioak

Europako Fitoterapiaren Kooperatiba Zientifikoaren arabera (ESCOP), huntzaren estraktuek, ahotik edo ondestetik, eztul mota desberdinen aurkako eragina dute; batez ere, muki likatsuaren hipersekrezioa denean. Era berean, bronkioen gaixotasunen aurkako tratamenduen laguntzailea da.

Europako Medikamentuen Agentziak (EMA) onartzen du horren eragina espektoratzaile gisa, eztula eta sekrezioa denean.

Beste farmakoen eraginarekin alderatu da, ambroxol eta azetilzisteina kasu. Eztularen, disnearen, espektorazioaren aurkako eragina konposatu hauena baino handiagoa eta azkarragoa da.

Gehien erabiltzen dena estraktu lehorra da (5-7,5:1, %30 etanola). Haurrek eta helduek arazorik gabe hartzen dute.

Posologia/erabiltzeko modua

Huntzaren hostoen prestakin gehienak estraktu lehor hidroetanolikoak dira. Ahotik hartzeko, eszipiente solidoei (konprimatuak), likido alkoholikoei (tantak), alkoholik gabeko likidoei (jarabeak) gehitzen zaie. Supositorioak ere prestatzen dira, oso gutxitan, betiere.

Tratamenduaren iraupena aste batekoa da. Sintomak segitzen badituzte, medikuari edo farmazialariari kontsultatu behar zaio.

Huntzaren hostoen estraktuak sarritan beste landare espektoratzaileren eta espasmolitikoren estraktuekin batera ematen dira, hala nola, ezkaiaren hostoarekin, apo-belarraren lorearekin, malba zuriaren, plantainaren edo anis-belarraren sustrairekin.

Kontraindikazioak

EMAk esaten du bi urte baino gutxiago dituzten haurrei huntzaren hostoen prestakinak ez emateko, arnasketa-arazoak ez larriagotzearren, ezta huntzarekiko alergia dutenei ere.

Albo-ondorioak

Gutxitan izaten dira. Digestio-traktuan: goragaleak, gonbitoak. Erreakzio alergikoak: urtikaria, negalak, disnea. Dosi terapeutikoak baino handiagoak: goragaleak, gonbitoak, beherakoak, asaldurak.

Kontuan hartzeko neurriak

Gastritisa, ultzera gastrikoa kasuetan. Urte bat baino gutxiagoko haurretan gonbitoak edota beherakoak eragin ditzake. Era berean, haurdunaldian eta edoskitzaroan dokumentazio nahikorik ez dago, beraz, kasu horietan ez da hartu behar.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

Fernández M. 1981. Las plantas en la medicina popular 1.- Navarra húmeda del NO. Eusko Ikaskuntza. Pamplona.

García Bona L.M. 1999. Navarra. Plantas Medicinales. Segunda edición. Caja de Ahorros de Navarra.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

http://www.fitoterapia.net Hedera helix