300 orrialde dituen argitalpenak Aragoiko jenioaren obra ondo ezagutzen dutenen 18 artikulu bildu ditu
Aurten Nosferatu programazioko zikloaren protagonista den Luis Buñuel zuzendariari buruzko liburu berria aurkeztu dute gaur Tabakaleran Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak. Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak eta Jesus Angulo kritikariak koordinatu dute 300 orrialde dituen argitalpena. Maisulan ugari zuzendu zituen Aragoiko jenioa ondo ezagutzen duten adituen 18 artikulu ditu liburuak. Helburua Buñuelen inguruko ikuspegi ugari eskaintzea izan da, baita akademia-munduaren zein oro har zinemazaleen interesa piztea ere.
Askoren iritziz, Espainiako zinemaren historiako zuzendari onena da Buñuel, Angulok eta Fernandezek liburuaren sarreran aipatu dutenez. Artista “aske eta erostezina” izateaz gain, bere “ezohiko originaltasuna” nabarmendu eta “moralismo eta dogmatismoetatik urrun” lan egin zuela gogoratu dute. “Buñuelen lana uharte bat da, zaila da etiketatzea, baina paradoxikoki, erraz igar daiteke”, gaineratu dute koordinatzaileek. Argitalpena aurki egongo da salgai liburu dendetan eta Tabakalerako bonua erosten dutenek doan eskuratzea izango dute.
Carlos Saura zuzendariak, Buñuelen ikasle onenetakoak, bi ekarpen egin dizkio argitalpenari: alde batetik, berea da liburuaren azaleko argazkia –Buñuel albora begira agertzen da Toledon ateratako irudian–, eta bestetik, hitzaurrea sinatu du, 1983 hil ondoren maisuari omenaldi gisa eskaini zion argitaratu gabeko gutuna.
Liburuaren atalak
Liburuak hiru zati ditu: bere bizitza eta lanari buruzko ibilbide diakronikoa, aragoiarraren lanean eragina izan zuten testuinguru historikoetan arreta jarriz; haren ohiko gai eta eraginei errepasoa; eta zuzendariaren inguruko testigantzak biltzen dituen azken zati bat.
Lehenengo zatian, ‘Buñuel cronológico’ izenekoan, zinemagile gisa izan zuen trebakuntza, Filmofonoko ekoiztetxearen garaia, II. Errepublikako ‘urte gorriak’, AEBetan izan zuen egonaldi frustragarria eta Mexikoko aro oparoa gogoratu dituzte. Frantzian ondu zituen filmei buruzko atal bat ere badago –‘Diario de una camarera’ (1963), ‘Belle de Jour ‘(1966)…–, baita’ Viridiana (1961) pelikulari buruzko ikerketa monografiko bat eta Espainian filmatu zituen azken lanei buruzko artikulu bat ere: ‘Tristana’ (1970) eta ‘Ese oscuro objeto del deseo’ (1977).
‘Buñuel transversal’ izeneko bigarren zatian, Calandako jenioak zuzendu zituen melodramak, Benito Perez Galdosen lanaren egokitzapenak, emakumeek bere zineman izan zuten papera eta agertokien erabilera aztertu dituzte. Era berean, beste egile batzuen obran Buñuelek utzitako arrastoak ere aintzat hartu dituzte, gutxitan ikertutako gai batekin batera: Espainiako publikoak nola hartu zituen bere filmak.
‘Testimonios sobre Buñuel ‘izenburupean, liburuaren hirugarren zatiak Carlos Boyero kritikariaren artikulu bat dakar, 1969an Toledoko kaleetan zuzendariarekin izandako ustekabeko topaketa bati buruzkoa. ‘Ese oscuro objeto del deseo’ filmaren protagonista izan zen Angela Molina aktoreari Joxean Fernandezek egindako elkarrizketa bat ere badago, baita Jordi Xifra Centro Buñuel Calanda delakoaren zuzendariaren testu bat ere, zinemagilearen sorterriari buruzkoa.
Liburuaren amaieran, Carlos Losillak komentatutako bibliografia bat dago, Buñueli buruzko argitalpen ugari jasotzen dituena, baita bere filmografia ere (zuzendari, produktore exekutibo, zuzendari laguntzaile eta gidoilari gisa).
Honako egile hauek hartu dute parte liburuan: Arantxa Aguirre, Luis Alegre, Nancy Berthier, Carlos Boyero, Julián Casanova, Quim Casas, Desirée de Fez, Carlos F. Heredero, Emmanuel Larraz, Carlos Losilla, Fernando Gabriel Martín, Amparo Martínez Herranz, Imma Merino, Agustín Sánchez Vidal, Jordi Xifra y Santos Zunzunegui.
Euskarazko liburua
Urtarrilaren hasieran ‘Un perro andaluz’ (1929) eta ‘La edad de oro’ (1930) filmekin hasi zen zikloak aurrera jarraitzen duen bitartean, Harkaitz Cano idazlea euskarazko jatorrizko liburua prestatzen ari da, “oso ariketa literario libre eta jostaria”. 2021. uretan zehar kaleratuko den argitalpena ez da ohiko ikerketa bat izango, Buñuelen surrealismoan murgilduko den sormen lana baizik. Besteak beste, bere filmetako eszena batzuetatik eta ‘Mi último suspiro’ bere memoria liburu ezagunetik abiatuko da, eta zuzendariak Donostiarekin izan zuen loturarekin espekulatzeko asmoa ere badu Canok.
You must be logged in to post a comment.