-
Ez da gehiegizko eragozpena izan, eta bihar metroak berreskuratzen eta gaua 3. kanpamentuan igarotzen saiatuko dira.
Elurra espero zen eta elurra iritsi da. Eguraldiaren parteek prezipitazio apur bat iragarrita zuten, baina azken orduetan “aurreikusitakoa baino dexente gehiago” erori da, Manasluko oinarrizko kanpamentutik jakitera eman dutenez. Hori dela eta, taldeak, “2. kanpamentu bat inprobisatu behar izan du dagoeneko ekipatuta zeukatena (6.500 metrora zegoen materiala instalatuta) baino pixka bat beherago (6.200 metrotan)”, baina horrek ez du eragozpen handiegirik ekarriko. Taldea ondo dago, baina nekatuta, “gaur jaso duten jipoiaren ostean”, azaldu du Eneko Garamendi Alex Txikonen adiskide eta espedizioko sukaldariak. 1. kanpamentuaren eta 2. kanpamentuaren arteko ibilbideko gunerik arriskutsuena, behintzat, gainditu dute.
Gaur, Txikonen taldeak 1. kanpamentuaren (5.800 metro, gutxi gorabehera) eta 2. kanpamentuaren arteko tartea egitea zuen helburu, baina elurrak asko zaildu die igoera. Oso motel egin dute aurrera (leku askotan, elurra mendizaleen aldaketatik gora zegoen), baina pauso seguruak emanez. Horrela, baloratu ondoren, gaua aurreikusita baino beherago igarotzea erabaki dute. Oso nekatuta zeuden egindako esfortzuarengatik, eta, biharko tartea (2. kanpamentua eta 3. kanpamentua bereizten dituena) laburragoa dela kontuan hartuta, lehenago gelditzea eta metroak bihar berreskuratzea erabaki dute. Gainera, badirudi eguraldia lagun izango dutela.
Oinarrizko kanpamentutik gorantz abiatutako lehenak Iñaki Alvarez eta Kaldem eta Namja sherpak izan ziren, astearte goizean. Atzo Alex Txikonen eta Cheppal eta Gelum sherpen txanda izan zen, eta Iñakiren taldearekin elkartu ziren 1. kanpamentuan, eta bertan igaro zuten gaua. Helburua, gaur, denak batera 2. kanpamentura joatea zen, bertan Simone Moro italiarrarekin elkartzeko. Dena den, oinarrizko kanpamentutik gaur abiatu den eta 2. kanpamentura zuzenean iritsi gura zuen Simone Morok, ezin izan ditu harrapatu, elurra dela eta, eta 1. kanpamentuan egingo du lo, bihar beraiekin elkartzeko helburuarekin. Hau da, denak, Simone Moro izan ezik, elkarrekin atseden hartzen ari dira, italiarrak bihar eurekin bat egitearen zain. Horretarako, goizaldean irtengo da eta azkar igo beharko du. Dena den, lehenengoek irekitako arrastoak asko lagunduko dio ezarritako helburua lortzen.
You must be logged in to post a comment.