MAITASUN POEMARIK EDERRENA

Ars amandi

Zaila da bat aukeratzea, batez ere ez ditudalako guztiak ezagutzen. Izenburuan “Munduko” hitza ez jartzea nahita hartutako erabakia izan da, horretarako geografikoki eta kronologikoki mundu osoan idatzitako maitasun poema guzti-guztiak irakurri beharko nituzkeelako, ondoren, niretzat ederrena zein den esatera ausartzeko.

Horretaz gain, litekeena da oraindik bertsoz eginiko maitasun adierazpenik zoragarriena konposatzeke egotea, nahiz eta asko izan gai hau poemaren erritmoan dantzan jarri duten poetak.

Bestalde, norberak bere erara ulertzen du maitasuna eta, are gehiago, edertasuna. Hortaz, eta maitasunaren adiera itsasoa bezain zabala eta gorabeheratsua denez, bizitza bakarrarekin ez nuke nahikoa izango amodioaren ozeanoan urpean igeri egiteko.

Otsailero loradendetako erakusleihoak kartulina gorriz egindako bihotzez eta maitalearen etxean sartu orduko lehortuko diren arrosa sortaz betetzen dira, naturaltzat jotzen zuten aberritik zuztarretik ateratzeagatik jasandako atsekabeak jota edo idortuko direnak seguru. Bitxi-dendek ere zezeilean dute pagotxa, imitaziozko bitxiak argi joko sofistikatuen bidez urrezko bilakatzeko trikimailuekin batera, salmahaiaren atzean zilarrezko irribarredun dendari harrapakariek ezkutuko maitaleak edota maite kontuetan hasi berriak diren harrapakinak besoak zabalik hartuko baitituzte San Valentin zenaren omenez edo haren aitzakiaz.

Badirudi nire tradizioen artean hau ere zerrendan sartu beharko nukeela, zeren urtero bilatu behar izaten baitut pertsonaia haren eta maitasunaren egunaren ospakizunaren arteko erlazioari buruzko informazioa, nahiz eta martxoa baino lehen ahaztuko dudan. Horrela, aurtengoan ere, erabat komertzial bihurtutako kristau tradizio bat gehiago dela oroitarazi dit Wikipediak, gabonak bezalaxe. Zer axola, beraz, Valentin izeneko martiri batek auskalo zein garaitan bikotekideak ezkondu ahal izateko bere burua arriskuan jartzeagatik ospatzen dela jakitea? Maitasuna zimeldu ez dadin, erosi plastikozko lorea. Ez ahaztu, ordea, maitalea egunero ureztatzeaz. Oraingoz, hori ezin da erosi. Norberak egin behar, beraz.

Baina, ez dezagun haria galdu. Maitasun poemarik ederrena aukeratzerakoan komeni da gogoan izatea maitatze ekintza konkretu baten osagarri zuzena edonor nahiz edozein izan daitekeela: letrekiko maitasuna, naturarekikoa, animalienganakoa, objektu jakin batenganakoa edo norbaitenganakoa, maitaleen generoaren behaketan denborarik galdu gabe.

Horregatik, hain zuzen, amodio kontuak adierarik zabalenean eta lasai hitzen musika dotorez poematzen ausartu zen Mendebaldeko lehen emakumezko poetaren olerki bat aukeratuko dut, inolako ezbairik gabe. K. a. VII. mendean Lesbos izeneko greziar uhartean gizonezkoz beteriko literatura epikoak gailentzen zuen une eta lekuan zehazki, Safok, emazte, ama, hiritar, erbesteratu, maitale, maitatu, emakume eta poeta zenak alegia, atrebentziaz erakutsi zion munduari gauzarik ederrena norberak maite duen hori dela, eta ez besteek inposizioz edo tradizioz baieztatzen dutena. Hala dio, bada, nik neuk itzuli eta Balea Zuria argitaletxearen babesean Safo, poesia guztia liburuan aurkitu daitekeen bosgarren poemak:

Norberak maite duena

Batzuek diotenez, zaldizko tropa bat da

lur ilunean dagoen gauzarik ederrena;

beste batzuentzat, berriz, infanteriazkoa;

eta besteen arabera, itsasontziena;

niretzat, ordea, norberak maite duena da.

Eta edonorentzat ulerterraza da;

izan ere, guztietan ederrena zen

Helena, ohore handiko senarra utzi

eta itsasontziz Troiara joan zen,

eta ez zen oroitu ez alabaz

ez guraso maiteez ere,

Ziprisek limurtu baitzuen.

Honek guztiak gogorarazi dit

Anaktoria orain ez dagoela nirekin, eta haren ibilera maitagarria

eta haren aurpegiko argi distiratsua

ikusi nahi nituzke,

lidiarren zalgurdiak baino lehen,

soldaduak gerrarako prest egon baino lehen.