ALEX TXIKONEK ETA BERE TALDEAK MANASLUN METROAK IRABAZTEN JARRAITZEN DUTE, ELURRA ETA UNE ORO ALDATUZ DOAZEN EGURALDIAREN PARTEAK GORABEHERA

Phelipe Eizagirre1(1)
  • Mendiarekin borroka latza izaten ari dira, baina taldea “ondo” dago eta oraindik “lanean jarraitzeko pare bat egun” dituztela uste dute

  • Une honetan, Txikon 6.750 metrora dago atseden hartzen, baina taldeak pixka bat goragoraino ekipatzea lortu du

  • Bihar, asmoa, 4. kanpamentua 7.000 metrora jartzea, ibilbidea 7.400 metrora arte ekipatzea, eta, eguraldiak laguntzen badu eta dena aurreikusi bezala badoa, gaueko hamarretan gailurrerantz abiatzea da

Alex Txikon eta bere taldea etengabeko borroka izaten ari dira Manaslurekin. Uste baino zailagoa egiten ari zaie eta irabazitako metro bakoitza garaipen bat da. Pilatutako elurra eta etengabe aldatzen ari den parte meteorologikoa oztopo handia ari dira izaten, baina errealitatea, metroak irabazten jarraitzen dutela da, aurreikusi baino gutxiago badira ere. Une honetan 6.750 metrora daude atseden hartzen, baina taldearen parte batek goragoraino ekipatzea lortu du. Biharko asmoa 4. kanpamentua 7.000 metrora jartzea, ibilbidea 7.400era arte ekipatzea, atseden hartzea eta, eguraldiak laguntzen badu eta dena ondo badoa, igandeko gaueko hamarrak aldera gailurrerantz abiatzea da.

Azken informazioen arabera, igande eta astelehen goizetan ez da prezipitaziorik espero, eta haizea altueran ibiliko da (50 km/h inguru igande goizean eta gero eta gutxiago), baina egun horietako arratsaldeetan prezipitazio pixka bat egongo da, eta horrek kezka sortzen du taldean. Unean bertan egiaztatu beharko da, baina Alexek irrati bidez adierazi duenez: “ondo gaude. Esaten duzuenaren arabera, elur gehiegi egiten ez badu eta haizeak iragarpenak dioena gainditzen ez badu, pare bat egun izan ditzakegu lanean jarraitzeko”. Bihar egun erabakigarria izango da; izan ere, eguraldiak laguntzen badu eta iganderako ezarritako asmo handiko helburuak lortzen badituzte, gauean gailurrera erasoa egingo dute.

Mendiarekin borroka latza izaten ari dira, eta taldea oso poliki ari da aurrera egiten, baina metroak irabazten jarraitzen dute. Alex Txikonek bazekien mendiak proban jarriko zituela, eta egiten ari da, nabarmen gainera. Esfortzua izugarria izaten ari da, egundokoa, baina euskal alpinistak “ondo” daudela esaten du irratiz behin eta berriro. Iñaki Alvarezek berretsi egin du hori, pilatutako neketik hobeto dagoela esanda. “Eguraldiak ez bagaitu jaistera behartzen, bihar gauean saiatzea da asmoa. Funtsezkoa da igoeran zuek irratiz laguntzea eta informatuta edukitzea. Zakuaren barruan gaude, hotz egiten du, baina haizea ez da horrenbestekoa. Harremanetan jarraituko dugu”, esan dio irratiz Eneko Garamendi espedizioko sukaldari eta Txikonen lagun minari.

Simone Moro, euskal mendizalearen kordada lagunak, oinarrizko kanpamentuan jarraitzen du. Hurrengo orduetan zer gertatuko zain egon beharko dugu, baina borrokak aurrera jarraitzen du, eta hori ez da gutxi.