KONPOSTELARAKO NIRE BIDEA (eta 6)

Rabanal del Camino – Molinaseca, uztailaren 31.

Egia gaur dena mendi eta oihanen barna ibiltzen naizela, biziki ederra, mendi kaskoan gurutze famatua agertzen da, cruz de ferro.

Malda gora, malda behera. Aldapan gora, aldapan behera…

Egia beheitikoan gostatzen zautala, ez da batere erresa, ainitz harri badira eta erreski lerratzen da, kasu egin behar da. El Acedo herrira aliatzean ohartu naiz hemengo etxeek teilatu desberdina zutela, harri grisekin tapatuak gure Xiberoan bezala. Mendiko harriak baliatzen dituzte eta herri ttipi hau biziki polita da, gelditu naiz gosaltzeko eta martxa.

Bidean Nevadarako gizon bat gurutzatu dut, desertu bazterrean bizi dena. Idor-idorra da bere herria eta nik kontatu diot ene aitatxi Manuel zena, Aritzakunetik joan zela Nevadarat zortzi urtez artzain, 1930 urtean eta gero sartu zela Uztaritzera bere familia sortarazteko Amaiurko amatxi Prudentziarekin…

Azkenean patarra beheiti bukatu denean Molinaseca herrian sartu naiz. Pixka bat nekatua bainan aise erreski ibili naiz eta gaurko bidaia xoragarria izan da, ederra, mendiak eta oihanak. Pausa ttiki baten ondotik herriaren bisita eta eguneroko erosketak egin ta, ura, fruituak eta iduzkiko lunetak atzo ahantzi baititut pareta baten gainean pausaturik argazki bat hartzen ari nintzenean. Afaldu dut herriaren itzulia egin ta eta lo egitera.

Molinaseca – Villafranka del Briezo, abuztuaren 1a.

Goiz hontan brasildar bikote batekin gosaldu dut, beraiek ere Garazitik hasiak dira eta nik bezala abuztuaren bederatzian Santiagon izan behar lukete. Haatik, segidan trena hartuko dute eta Madriletik pasatuta beraien herrira sartuko dira…

Ponferrada herri haundian nintzelarik, itzulipurdika ibili naiz, denbora pixka bat galdu dut bainan hala ere astia hartu dut kafe esnea edateko eta bankuan diru pixka bat hartzeko. Lau oren oraindik baditut Villafranca del Bierzoraino. Orain arte, herriz herri ibili naiz gaurko bidaian, pixka bat aspergarria oihanetan eta mendietan usatua izan bainaiz gehiengo egunetan.

Urruntxago Cacabelos herrian gelditu naiz jateko atsaldeko oren batetan. Hor jaten hasi orduko, topatu ditut hastapeneko Kirk lagun alemana baita Hego Ameriketako bikotea Vivian eta Ernesto ere. Ze poza berritz elgar ikustean! Besarkatu gira eta hasi gira bakotxaren istorioak kontatzen. Ai zer plazera hastapeneko ezagun hauekin hitz egitea! Hogoita hamar minutu geroago utzi ditut ene bidea segitzeko. Azkar agurtu gira gutienez Santiagon berritz elgar ikusiko ginuelako esperantzarekin.

Gero berritz malda gora malda behera ziren ene bidaian mahasti erdi erditik pasatuz.

Zinez toki ederrak. Villafranca herrian sartu orduko jastatuko bertako arnoa. Hara atsaldeko hiruak eta erditan, zortzi oreneko martxa egin eta gero herrian sartu naiz. Pentsatu nuen bezala pintxo bat hartu dut arno pixka batekin eta pausatzera joan naiz. Atsaldean herriaren bisita egin ta afaltzera eta lo egitera joango naiz biharko bidaia zaila omen delako, Garazikoa bezain ederra ere. Ikusiko bihar eta jadanik aintzinetik pozten naiz eta gustuz ari naiz pentsatzen biharko bidaiari buruz. Ala ere lo egitera joan aintzin herriko eliza bisitatzera izan naiz. Atsaldeko zortziak dira bakarrik eta badut asti pixka bat. Hor ohartzen naiz eliza etxia dela. Batimenduaren itzulia egiten dut ikusteko ian ez den ate ttiki bat idekirik. Ez, dena etxia da eta partitzeko momentuan ikusten ditut bi gizon eleketan ari elizaren ondoan. Hurbiltzen naiz eta zaharrenari galdegiten diot nolaz eliza hau etxia den. Erraiten daut zapiak eterditan zela benedikazioa eta egunero zortzitan hesten zutela eliza. Eta eni ezer erran gabe, bere eskua pausatzen daut kopetaren gainean erranez benedikatzen zaitut bidaia hau puntaraino eramateko eta dena ongi pasa dadin bidaia denbora osoan. Harritua egon naiz bainan zer erran? Eskertu dut pentsatuz nere bizar xuriaren efektua zela, apez edo aingeru itxura bat nuela behar bada, ez dakit. Hor utzi dut apeza benedikatu nauena eta lo egitera joan naiz.

Villafranca del Bierzo – O Cebreiro, abuztuaren 2a.

Lehen bost orenak nahiko erres izan dira oihanen erditik haritzen eta gaztainen artean. Asfaltozko bidexkak dira eta goxoki egiten da bidaia.

Hemen egurra baliatzen dute taulak eta guzti saltzeko. Ainitz egur metak ikusten dira bide bazterretan eta egur fabrikak ere ikusten dira. Bi ordu gelditzen dira bainan gogorrak omen. Mendia igo aintzin ongi jan dut eta ene ondoan italiar bat bazen bi belaunekin izorratuak. Hau zorte txarra!, erran daut taxiz beharko zuela segitu momentuz. Hor utzi dut eta hasi naiz mendia hupatzen mila hiru ehun metroraino. Ikusgarriak dira bazterrak, oihanak, haritzak, iratzeak eta gaztainak, onddo xeka ibili naiz ere hamar minutuz bainan ez dut ezer atxeman.

Gaur ongi sentitzen naiz ez dakit ia usaia hartzen ari naizen edo helburua hurbiltzen ari delako bainan erreski igotzen dut mendia ainitz jende doblatuz. Bidaiaren hastapenean denek doblatzen

ninduten eta orain nik ditut doblatzen. Pentsatzen dut gorputza usatua dudala eta ibiltari ikusten ditudan gehienak ez dira aspalditik Konpostelako bide hontan. Horregatik beraiek baino aiseago ibiltzen naiz.

O Cebreiro herrian sartu naiz zazpi oren egin ta gero. Mendi kaskoan da biziki ttipia biziki ederra. Gaurko etapa xoragarria izan da.

Gaur Galizian sartu naiz, mendia igotzean ikusi dut mugarria Galicia izenarekin grabatua. Erosketak egin ditudalarik herri polit hontan denda batean sartzean gailego musika eta kantariak entzun ditut. Maitatu dut musika zelta hori. Gainera Donostiako emazte batek zerbitzatu daut Venta Celta ostatuan. Berarekin hitz egin dut, ez zakien euskaraz bainan bihotza euskalduna zuen…

Afaltzeko denboran, hogoita hamar urteko gazte bat jarri da nere ondoan eta telefona erakutsi daut. Idatzi zuen promesa bat egina zuela hitz egin gabe eginen zuela Konposteleko bidaia jakinez ez zela mutua. Bere hautua da, nahiz eta bitxia atxematen dutan. Zergatik ez. Ez dakit ia berak bezala egiten ahalko nukeen, nik aldrebes jendeekin nahi dut hitz egin, gauzak partekatu, galderak egin. Hola da, afaldu dut eta agurtu dut gazte hori lo egiteko tenorea bainuen.