MANASLU-EKI ESPEDIZIOA AMAIERARA IRITSI DA NEPALEN BI HILABETE BAINO GEHIAGO EMAN OSTEAN

Phelipe Eizaguirre
  • Esperientzia ahaztezina izan da. Manasluko gailurrera igotzea lortu ez dugun arren, askoz ere helburu garrantzitsuagoak bete ditugu, besteak beste, denok etxera itzultzea edo bertako biztanleen garapenean gure hondar-alea jartzea. Talde honentzat ezinbestekoa den zerbait” adierazi du Alex Txikonek Bilbora itzultzeko bidaiari ekin dionean

  • Manaslu EKI espedizioak frogatu du posible dela Himalaian egotea erregai fosilik erabili barik eta ingurune naturalean ahalik eta inpaktu txikiena izanda.

Bilbon, 2021eko martxoaren 9an.- Alex Txikonen taldea bueltan da. Horrela amaitu da 2020ko abenduaren 31n hasi zen abentura ahaztezina. Manaslu-EKI espedizioa amaitutzat eman da, kide guztiei “zapore ona” utziz. Egia da ez dutela Manasluko gailurrera (8.163 m) igotzea lortu, baina “oso gertu” izan dute. Hala ere, askoz ere helburu garrantzitsuagoak bete dituzte: “Denok etxera itzultzea eta, EKI Fundazioaren, Energiaren Euskal Erakundearen eta Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioaren eskutik, Makalu eskualdeko biztanleei euren garapenean lagundu ahal izatea, bi estazio fotovoltaiko instalatuz eta eguzki-energiarekin funtzionatzen duten bonbillak banatuz”, adierazi du Txikonek.

Sekulako jipoia hartu dugu eta azken minutura arte saiatu gara, baina ez dugu goraino igotzea lortu. Metro bat elur birjina baino gehiagorekin egin dugu aurrera, eta 7.100 metrora igotzea lortu dugu. Gainera, orain arte esploratu gabeko oso bide ederra ireki dugu. Egia esan, asko gozatu dugu. Errematatzea falta izan zaigu”, adierazi du Txikonek. “C1 eta C2 arteko errimaia harengatik izan ez balitz, edo eguraldi oneko leihoa pixka bat luzeagoa izan balitz, ziurrenez beste zerbaiti buruz berba egiten egongo ginateke, baina egia da mendian inoiz ez dagoela jakiterik”, gaineratu du.

Taldeak ibilbide berri bat inprobisatu behar izan zuen C1 eta C2 artean pitzadura handi bat aurkitzean. Txikonek azaldu duenez, “Gainditu ahal izango genuela uste genuen, baina ezinezkoa zen. 10 eskailerarekin ere ez genuen lortuko. Horrek atzera eginarazi, oinarrizko kanpamentura itzuliarazi eta planak aldatu zituen. Inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun mendian, baina oztopo horrek benetako buruhaustea ekarri zigun, hutsetik hastera behartu gintuen, alperrik galdutako lanegunak izan ziren. Ez zegoen astirik galtzeko, eta eskuinetik beste bide bat irekitzea erabaki genuen. Lortu genuen, eta Simone Moro, Iñaki Alvarez eta Namja, Gelum eta Cheppal sherpen artean altuera irabazten jarraitu ahal izan genuen. Oso lan gogorra izan zen. Material asko igo behar izan genuen gerritik gorako elurrarekin, baina bide berri horretatik igotzea lortu eta altuerako kanpamentuak hornitzen jarraitu genuen”.

Eguraldia aukera bat ematen ari zitzaigula zirudien, eta pixkanaka, esfortzu handia eginez, 7.050 metrotara igotzea lortu genuen, baina buelta eman behar izan genuen. Uste baino depresio handiagoak bideraezin egin zuen. Asko arriskatu genuen hara iritsi arte… Guretzat funtsezkoa da taldearen segurtasuna. Ez dago hori baino gauza garrantzitsuagorik, eta buelta eman eta eguraldi hobea iritsi arte itxarotea erabaki genuen, baina ez zen beste aukerarik etorri”, aitortu du Txikonek.

Espedizio jasangarria eta humanitarioa

Manaslu-EKI balio humanitario eta solidario nabarmeneko erronka izan da, jasangarria izateaz gain. Izan ere, Alex Txikonek hainbat urte daramatza EKI Fundazioarekin lankidetzan. Fundazio horren helburu nagusietako bat, garapen bidean dauden herrialdeetako ikastexeei, osasun-zentroei eta interes sozialeko zentroei energia elektriko autonomorako iturriak ematea da (batez ere eguzki-energia fotovoltaikoaren bidez). Eta horixe egin dute 2020an montzoi indartsu batek gogor erasan zuen Makalu eskualdean. Manaslutik itzuli eta berehala Txikon bertara joan zen Mingma Dorji Sherpa, Chepal eta Gelumekin batera.

Euskal alpinistaren helburua, energia berriztagarrien enbaxadore gisa, abiatu zen unean Energiaren Euskal Erakundeak izendatu zuen bezala, Manasluko oinarrizko kanpamentuan erabili zituzten eguzki-plakak bertan instalatzea zen. Makaluko Ospitalean (Seduwa) bi estazio fotovoltaiko eraikitzeko balio izan dute. Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioak bi instalazio eramangarri eraman ahal izango ditu bailarako herrixketara kanpamentu medikoekin doanean, horiei esker diagnostikorako gailu eramangarriak erabili ahal izateko.

Bestalde, taldea Seduwako eskolara ere hurbildu zen, eta 60 LED bonbilla autonomo baino gehiago banatu zituen ikasleen artean. LED bonbilla horiek, itsatsita duten eguzki-plaka bati esker funtziona dezakete, edo, nahi izanez gero, korronte normalarekin ere piztu daitezke (nahiz eta mozketak izan, zenbait lekutan ohikoa den bezala). Hau da, bonbilla horiek, eguzkiaren argiari edo irits daitekeen korronteari esker kargatzen den litiozko bateria bat dute. Gauez erabili nahi badira eta argindarra mozten bada, bateria kargatuta dagoenez, bonbillak gehienez 8 orduz funtzionatzen jarraituko du. Sistema erraza da, baina oso eraginkorra.

Espedizioaren hasieran hartutako konpromisoa betez, taldeak, oinarrizko kanpamentua energiaz hornitzeko balio izan dieten eguzki plakak entregatu ditu. Plaka horiei esker sorgailuak erabiltzea eta erregaia kontsumitzea saihestu dute. Izan ere, instalazio fotovoltaiko horiek oinarrizko kanpamentuan kontsumitutako energiaren % 100 eman dute.

Modu berean, COFARESen eta Grupo BMren eskutik, 500 kg elikagai banatu ziren familia behartsuenen artean.

Material horren banaketa Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioaren eskutik egin da, Nepalgo pertsonen beharrak bertatik bertara eta inork baino hobeto ezagutzen dituztelako eta Txikonekin batera lan egiten dutelako.

Zalantza barik, funtsezkoa da niretzat gure espedizioak ahalik eta jasangarrienak izatea eta bertako herritarrei ahal dugun guztian laguntzea. Are gehiago, horrelako urte batean, turismo faltaren ondorioz COVID-19ak sortu duen krisi ekonomikoaren ondorioak asko pairatzen ari baitira. Ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena uztea da helburua, eta urte hauetan guztietan hainbeste eman digun jendeari laguntzea. Haiek barik, bertako biztanle horiek barik, ezinezkoa litzateke gure abenturak aurrera eramatea. Argi daukat. Ekarpena egiteko gure modua da, eta asko gozatzen dugu, baina oso gogorra da horietako asko zein baldintzatan bizi diren ikustea”, gaineratu du euskal alpinistak.

Azkenik, Kathmandura itzultzean, Txikonek Nepalgo UDANA NEPAL Hezkuntza eta Garapenerako Elkartea bisitatu zuen. Egun bat eman zuen ume eta gazteekin, erakundeak hiri horretan duen zentroan. Elkarteak berdintasuna eta justizia soziala sustatzeko egiten du lan, egoera ahulean dauden Nepalgo umeen eta gazteen hezkuntza eta garapen profesionala sustatuz.

Negu gogorregia

Garrantzitsuena denok etxera itzuli ahal izatea da, baina zoritxarrez, oraingoan lagun eta kide batzuek ezin izango dute. Aurten, K2ak hainbat kolpe eman dizkigu bata bestearen atzetik. Kordadako kideek, adiskideek… euren bizia bertan utzi dute, eta horrek ez du atzera bueltarik. Oso gogorra izan da berri horiek jasotzea eta ezer egin ezin izatea. Hainbat familia lur jota geratu dira… Hainbeste maite dugun kirol honek oso prezio altua izan dezake. Altuena. Oso kontziente gara horretaz, baina ezinezkoa da ohitzea. Hartu ezazue atseden denok bakean. Mundua leku tristeagoa da eurak barik”, amaitu du Txikonek.

Phelipe Eizaguirre

Phelipe Eizaguirre