AUZO-LOTSA 6 GURPIL AULKI HEGALARIAK

Garai hartan, edo lehenago, Iruñeko Udalean, Juan Ramon izeneko gizon bat zen udal arkitektoa, eta, arkitektura oztopoak zirela-eta, behin baino gehiagotan suertatzen zitzaigun berarekin hitz egin behar izatea, batzuetan, taldean, Koordinakundeko beste kide batzuekin, eta, besteetan, bakarka, hau da, bera eta biok, hitzordua neronek eskatuta, oztopo haietaz kopetaraino nazka-nazka egoten nintzelako.

Gizona ez zen bereziki goxoa eta atsegina gurekin, eta, jakina, ezta nirekin ere; nirekin, beharbada, gutxiago oraindik, alamena dezente ematen niolako. Gauzak hala, egun batean, goizaren bukaera aldean, ordu biak inguruan-edo, bere bulegora joan nintzen batere hitzordurik eskatu gabe, izan ere, pertsona harekin ere, zail samar gertatzen zen hitzordua lortzea. Horretan, antz handia zeukan alkate jaunarekin, eta, noski, jakina den bezala, berarentzat lan egiten zuen une hartan, Iruñeko Udaletxean.

Gorago esan bezala, ni behinik behin, oso nazkatuta eta haserre nengoen oztopo arkitektonikoen gai aspergarriarekin, edozein tokitan jasan behar izaten nituelako haien ondorio gogaikarriak, eta, gainera, aldi berean ikusten nuelako, ordura arte, behintzat, udalak ez zuela neurri erabakigarririk hartzen, zirt edo zart egiteko.

Era hartan, bada, Juan Ramonen bulegora iritsi nintzenean, 14:00ak pasatxo izanen ziren gutxi gorabehera; ni, neronen kautan, <Ea zer gertatzen den, ba. Ikusi egin behar zorte ona daukadan eta bere mahai inguruan hartzen ote nauen, pixka batean bederen, hitz egin ahal izateko, ala ez>.

Bere bulegoko atean kas-kas jo eta handik gutxira agertu zen. Ni ikusiz batera aurpegiera zeharo aldatu zitzaion, txarrerako, jakina.

-Baina, ze arraio egiten duk hik berriz hemen ordu honetan, eta, gainera, hitzordurik eskatu gabe? -bota zidan ziplo, biziki haserre.

-Barkatu, baina jakin nahi nian ea aukera ote duan ni oraintxe bertan hartzeko, bi hitz egiteko -esan nion herabe, bere aldartea ezagututa.

-Ba, sentitzen diat, baina oso lanpetuta nagok, eta, hobe izanen duk etortzen bahaiz beste egun batean; gaur ezin diat. A!, eta etorri nik hitzordua ematen diadanean, e? Bestela, ez! -erantzun zidan serio eta haserre gorrian, edonori beldurra emateko moduan. Jarraian, barrura sartu eta atea kolpe handi samar eta zakar batez itxi zuen.

Erreakzio hura ikusita, hantxe bertan itxoitea erabaki nuen, gurpil aulkian berean, hiruretarako minutu asko falta ez zirela erreparatuta; orduan bukatu beharko baitzuen bere lan jardunaldia.

Gauzak hala, egonarri pixka batekin itxaron eta arratsaldeko hirurak jo bezain laster, hantxe agertu zen arkitekto jauna, atean, baina, lehenago bezalaxe, ni bere aurrean ikusi bezain agudo, sutan jarri eta:

-Baina, baina, jakin liteke ze kristo egiten duk oraindik hemen, alajainkoa? -jaurti zidan azkon bat balitz bezala.

-Bueno, ba, lehenago ere esan diat hirekin hitz egin nahi nuela, arkitektura zenbait oztopori buruz, baina ahoa bete hortz utzi nauk eta horrexegatik itxoin diat, orain lasaiago mintzatu ahal izateko -nik, apalki. Baina, esan banion, esan nion.

-Ez, ba, arraioa! Nik oraintxe bertan bazkaltzera joan behar diat eta ez zeukaat inorentzat denborarik. Lehen ere esan diat zer egin behar duan nirekin hitz egin nahi baduk!; aldez aurretik hitzordua eskatu, ostia! -eta lurrerantz begira, kale aldera hasi zen joaten, biziki haserre.

-Baina, badakik arazo asko ditugula aulki gurpildunean ibiltzen garen pertsonok, eta, horri buruz, hain zuzen ere, zertxobait proposatu nahi nian -azaldu nion kanpora gindoazen bitartean.

Udaletxeko atzealdeko aterantz abiatuta, dagoeneko bion arteko eztabaidaren tonua gogortzen joan zen. Santo Domingo kaleraino iritsi ginenean, oraindik eztabaida bizian jarraitzen genuen; sutsuki.

-Zuek leku guztietan ibili nahi duzue, pertsona normalak bezala, eta hori ezinezkoa duk. Hementxe bertan, Santo Domingo kalean, zuek gurutzatu nahiko zenukete alde batetik bestera, edozein lekutan, nik bezalaxe, eta hori ezin onartuzkoa duk -bota zidan brast, batere lotsatu gabe.

-Horrekin zer esan nahi duk, gu ez garela pertsona normalak ala? Zer gara, ba, anormalak? Gainera, guk, inondik inora, ez diagu eskatzen, eta, askoz gutxiago oraindik exijitzen, leku guztietan barna gurutzatu ahal izatea, baizik eta eginak dauden zebrabideak, praktikatu ahal izatea, hau duk, zeharkatu ahal izatea -erantzun nion serio eta tenkor.

-Zuek lortu behar duzuena, ordea, zera duk, espaloiak eta eskailerak igotzen dituzten gurpil aulkiak, eta kito! Horrela ez diagu deus ere egokitu beharko, eta, behingoz, bakean utziko gaituzue! -hori esanda, nonbait, lasai baino lasaiago gelditu zen eta patxada ederrean hanka egin zidan, atzera une bakar batean ere begiratu gabe.