Quo vadis?
Aurreko batean, ahanzturak hegan eramandako data zehatzezinean, halabeharrez, Guillermo Pérez Villalta artista cadiztarraren irudi batzuk ikusteko aukera izan nuen; ez ordea Madrilen duen erakusketan aurrez aurre, gustatuko litzaidaken bezala, pandemiak ez baitigu oraintsu arte ondoko herritik haratago joaten utzi, hiski Google-ri esker, baizik. Horiek espainiar hiriburua mugarik gabeko parranda galantak egitera datozen frantziarrei ametitutako pribilegioak dira, ez guri, euskaldunoi.
Pantailaren hoztasunetik margolan ugari behatu ostean, deigarrien gertatu zitzaidana, eta, agian, esposizioari izena ematen diona “Dedalo eta minotauroa” izenekoa izan zen. Lehen begiratuan kolore zuriak gailentzen duen kuadro soil bat dirudien arren, irudi geometrikoek, borobiltasunak eta borrokan diruditen bi pertsonaiek osatzen dute pintura berezi hau. Biluzik biak, makurtuta bata, eta zutik bestea, zezen buruarekin, ikusleari bizkarra emanda eta beso zabalik, erasokor.
Mito gehienak bezala, hau ere erabat emankorra izan da, batez ere, adierazpen artistikoan, herrialde desberdinetan oraindik ikusgai dauden mosaiko zoragarrietatik hasi eta gaur egungo bideo-jokorik sofistikatuetaraino. Gogoan ditut, gainera, gero eta urrunago geratzen ari zaidan gaztaroan nuen joko batekin ordenagailu aurrean emandako orduak labirinto desberdin eta katramilatsuetatik irten nahian.
Villaltaren kuadroari so nengoela, beraz, labirinto kontzeptuari berari buruz hausnarrean hasi nintzen: horren aspaldiko mito batek gaur egun oraindik indarrean jarraitzen badu, baliteke mito hartatik hain urrun ez gaudelako izatea.
Egungo prentsa arrosaren moduan, antzinako mito gehienek adar kontuak dituzte sorterrotzat, eta ez naiz Minotauroaren adarrez ari, Kreta greziar uharteko Minos erregearen Parsifae emazteak, Poseidonen eraginez (bai, ezta?) harekiko izandako desleialtasunari buruz, baizik. Lotsaizun hura ezkutatu nahian, Kretan erbesteraturik zegoen Dedalo izeneko atenastar arkitektoari labirinto zeharo korapilatsu bat eraikitzeko eskatu zion, bere emazteak zezen zuri eder batekin (bai, ezta?) izandako izaki bitxia han gorde, eta sekula irten ez zedin.
Teseo izeneko atenastar gaztea izan zen Minotauroaren bazka ziren hamalau gazteak salbatzen ausartu zen bakarra. Ariadna, Minos erregearen alaba, erabat maitemindu zen Teseorekin; hortaz, Dedalori labirintoko irtenbideari buruz galdetu ostean, plan bat bururatu zitzaien: mutil gaztea hari mataza batekin sartuko zen labirintoan, eta pixkanaka, bidean aurrera egin ahala, askatuz joango zen. Horrela lortu zuen Teseok Minotauroa akabatu eta handik irtetea.
Ondorioz, egun sare sozialak diseinatzen dituzten pentsalariek gugan daukaten erabateko kontrolaren labirintotik irtetea posible dela erakusten digu mito eder honek. Badirudi, nolabait, gobernatu nahi gaituztenen lotsa garela, eta horrexegatik euren kontrolpean eduki eta irtenbiderik gabeko esparru birtual batean atxikita eduki nahi gaituztela. Euren onura hutserako beharrezkoa zaien ahalik eta informazio gehien ateratzeko helburu ankerrarekin, gozoki pozoitsuak eskaintzen dizkigute, txikitan gurasoek ezezagunen karamelurik ez onartzeko hamaika bider errepikatu baziguten ere.
Zezen bururik ez, baina pentsatzeko gaitasuna aparatu teknologikoei eskuordetutako askatasunik gabeko banakoak gara. Erosotasunaren gatibuak, apika geu ere robotizatzen ari garenak, nahita edo nahi gabe, beste aukerarik ikusten uzten ez digutelako, labirintoko hormak altuegiak direlako.
Paraleloki, baina gero eta presenteago bizi dugun bizitza birtualean erabat harrapatuta gaude. Ohekide ere bilakatu den telefonoak geure bikoteak baino gehiago entzuten ote gaituen sentsazioa gero eta biziago daukagu; eta jakitun gara, gainera. Egunerokoan beste minotauro batekin izandako elkarrizketaren ondoren, telefono mugikorra arduratuko da geroxeago hura erosi behar duzula edo orri jakin batean salneurri beheratua daukala gogorarazten. Hain da inteligentea!
Zer musika entzun nahi dugun pensatzeko indarrik ere geratzen ez zaigun egun nagi horietan Alexari eskatuko diogu berak aukera dezan gure ordez, Termomixak bazkaria prestatzen digun bitartean, Roombak hauts-izpiak jasotzen dituen bitartean, Sirik biharko eguraldia iragartzen digun bitartean, mugikorretik (sare sozialetan zeinen pozik, alai, eder eta gustura gauden erakutsi eta gero) pertsianak jeisten ditugun bitartean, eguzkia gehiegi sar ez dadin.
Minotauroaren bazka bilakatutako aurrerapen teknologiko horien zerbitzari buru makurrak gara; homo erectusak zutik jartzea lortu bazuen, guk lepoa beheraka duen gizaki klase bat sortu dugu, bada zerbait. Gutxi hobe ezer ez baino.
Hasieran aipatzen nituen Villaltaren margolanak ikusi ahal izateko, esaterako, hainbat cookie (opiltxoak, gozokiak, pozoitutako galletak) onartu behar izan ditut, zer onartu dudan jakin gabe, edozein aplikazio jaitsi edo mugikor berri bat erosterakoan onartzen ditugun paragrafo amaigabeak bezalaxe. Nork irakurriko ditu behin ordaindu eta gero? Sistema hau asmatu duenak ondo asko daki gero, gizakia, izatez, alferra dela, eta zenbat eta testu luzeagoa, orduan eta aukera gutxiago norbaitek irakurtzeko, beraz, ia ezinbestean onartuko ditu berak jarritako baldintza guztiak. Apaizaren hitza zalantzan jarri gabe, guztiok aho batez amen.
Teseo bezalako norbait noiz agertuko zain geratuko gara, minotauroa akabatu eta berriro pertsona askeak bilakatzeko. Bai, pertsonak eta askeak, norbere kabuz pentsatzen uzten zaien gizakiak. Gizartea berriro humanizatuko duen premiazko heroiak behar ditugu, inoiz baino gehiago.