KONPOSTELARAKO NIRE BIDEA (eta 7)

O Cebreiro – Triacastela abuztuaren 3a.

Gaur hogoita zazpigarren eguna, pentsaketa bat badut ene bi haurrentzat, Edurne eta Ramuntxo, aurten hogoita zazpi urte dituztelako. Iratzeen erditik barna ibiltzen naiz beti mendian goiti-beheiti bidexka batzuk hartuz. Toki xoragarriak gaur ere Galizia alde hontan.

Herri ttikitik barna egiten dut gaurko ibilaldia. Gauza batez ohartu naiz, egunero guardia zibilak gurutzatzen nituela izanik zaldiz edo autoz ibiltzen direnak…

Azkenean bost oren pasa ta naturaren erdian Triacastela herrira jautsi naiz. Herri ttiki ta polit bat da. Laster itzulia egin afaldu eta lo egitera.

Triacastela- Sarria, abuztuaren 4a.

Gaur bi aukerak baziren bidaia egiteko, lau orenekoa klasikoa edo bostekoa Samos monasteriotik pasatuta. Bigarren aukera hau hartu dut. Monasterioa biziki ederra da, zaharra VI. mendean eraikia, baditu ainitz gelak, pinturak oso zaharrak eta batean nun agertzen pertsonaia bat lunetekin. Gizon batek kontatu daut luneta horiek Arabatik heldu zirela eta denbora haietan ez zela edo guti zirela holako lunetak. Monasterio barne osoak oroitarazi daut Larrosaren Izena pelikula Shean Konnery jaunarekin. Toki hau biziki haundia da eta balio zuen itzuli alternatibo hau egitea.

Gero Samos herria utzita herri ttikitatik pasatu naiz atzo bezala, ez dakit nola bizitzen diren hemen jendeek bainan ez dute bate kexu ematen, lasaiki bizi dira… Ohartu naiz ere larunbatetan eta igandetan jende gehiago ikusten zela kaminoan. Batzuek egun batentzat egiten dute eta beste batzuek bi eguneko bidai batentzat. Denetarik bada bide hauetan, bertako jendeak baita autobusez etortzen diren talde batzuk eta oporretan direnak.

Azkenean Sarria herrian sartzen naiz, pausatuta gero bisitatuko dut. Afalduko dut herriaren bisita egin ta gero, ez da deus berezirik. Gainera bihar zortzi orduko bidaia bat hautatu dut egitea Gonzar herriraino jakinez normalean Portamari herriraino egin behar nuela bost orenez. Hautu hau egin dut forman naizelako eta jende gutiago gurutzatzeko bidaian…

Atsalde osoa pasatu dut bi lagun gailegorekin Rakel eta Daniel, oso prestuak, gailego kulturakoak eta gure hizkuntzetaz eta kulturaz hitz egin dugu. Uste dut pixka bat ni bezalakoak direla, beraien herria maite dute nik nerea maite dutan bezala. Atsalde hondarrean utzi ditut afaltzera joateko erranez selfi bat igorriko niela Santiagora aliatzean. Afaldu dut eta karrika nagusian pasatzen nintzenean, Galiziako talde musikariak ari ziren kontzertu bat ematen. Gelditu naiz horien entzuten eta biziki gustukoa izan dut ematen zuten musika, Zeltar modukoa.

Hamarrak pasatuak dira eta tenorea dut lo egitera joateko bihar forman izateko…

Sarria – Gonzar, abuztuaren 5a,

Goizeko zazpiak laurden gutitan hasi naiz kurritzen beste bi bikoteekin betan. Ez da oraindik argi eta Sarria herritik ateratzean eromenaren zubia pasatuta hiruhogoi bat ibiltari elkartu gira. Harritu naiz hainbeste jende ikustea hola kolpez. Espainolez eta italiarrez hitz egiten zuten. Bati galdetu diot nundik heldu zen eta erantzun daut Madriletik heldu zela eta beste batzuk Andaluziatik, Italiatik. Denak autobusez jinak ziren Sarria herriraino azken ehun kilometroak egiteko Santiagoraino La Compostela agiria ukaiteko. Den-denak antolatuak dituzte, lo gelak, janariak aste batentzat agentzia batek egina. Hainbeste jenderekin ez naiz ongi sentitzen denek azkar hitz egiten dute, haurrak lasterka ibiltzen dira alde guzietan, batzuk beraien zakurrekin etorriak dira beste batzuk zigarreta ahoan eta alkohola edaten. Zergatik ez bainan ni orain arte ixiltasunean, lasaitasunean usatua nintzen eta hor aldaketa haundia izan da. Hola da, berritz munduaren errealitatean sartu naiz, mundu bat ahantzi nuena. Geroxoago, talde hau pasatu eta hor bertan utzita, berriro ene bakea berreskuratu dut. Oi zein ongi, herri ttikitatik pasatzen naiz, oihan erditik.

Bide bazterrean garaiak edo artoa idortzeko etxolak ikusten dira hemen horreos deitzen direnak. Kasik zazpi oren eta gero Gonzar herri ttikian sartu naiz, beti bezala sarri afalduko dut eta lo egitera…

Gonzar – Melide, abuztuaren 6a.

Gaur ere aldatu dut liburuaren planoa eta uste dut bukaera arte hola eginen dutala hamar bat kilometro gehiago eginez egunero eta azken finean egun bat irabaziko dut Santiagora aliatzeko. Gaur beraz Palas de Reitik pasako naiz gelditu gabe eta Melideraino segituko. Egun hiru aldiz geldiarazi naute izanik apezek edo boluntarioek beraien zigilu edo tanpoia emateko ene Izarlandako paperean, bakotxak erranez berea zela inportanteena huts egin behar ez nuena. Nik bai, bai, denei. Bakotxak bazuen zerbait kontatzeko eta hor nintzen entzuteko. Batek kontatu daut Bilbon aritu zela hamar urtez lanean Bilboko fundizio batean. Hamar bat minutu geroxoago bikote bat sartu da kaperan eta nik hor utzi ditut nere bidea segitzeko Melideraino.

Zubi zahar baten gainetik pasatu naiz Melide herrian sartzeko, herri nahiko haundia ematen du bainan euria jautsala hasten da eta ez dakit zer eginen dutan atsalde hontan.

Azkenean pausa egin ta gero betiko erosketak egin ditut. Atseko zortzietan afaldu dut eta lo egitera sartu naiz. Bihar ere programa aldatuko dut hogoita hamabi kilometroak eginez Pedrouzo herriraino normalean zazpi edo zortzi orenez egin beharko nukeena. Euria ematen dute bainan ez naiz ez urtuko. Dena ongi pasatzen bada etzi azken etaparentzat Pedrouzo Santiago nuke egiteko. Ez naiz oraindik hortan, goazen lasaiki orain arte bezala egunero eginez egin behar dena. Lasaiki loak hartzen nau pentsatuz helburua hurbiltzen ari dela.

Memorian ditut orain arte egindakoak eta ari naiz pentsatzen nola egin dutan hau guzia egiteko, zerk pusatu nauen holako desafio bat egiteko. Pentsatzen dut kuriostasun pixka bat izan dela, jendeekin harremanetan sartzeko, esperientzia bat izateko eta ikusteko ia fisikoki kapable nintzen holako bidai bat egiteko.