AUZO-LOTSA 7 JOXE MIGEL BARANDIARAN

Hogeigarren mendeko azken hamarraldian, ikusita Iruñeko Udalean gai batzuk oso astiro zihoazela, esate baterako, arkitektura oztopoak kentzeko zeregina, ba, batzuetan ekimena nire aldetik hartzen nuen.

Ohartuta nengoen, garai hartan, urtean, gutxi gorabehera, hogeita hamar bat beheragune egiten zituela udalak, gehiagorik ez, espedientea betetzeko, segur aski, eta, haietatik, guztiak ez oso ongi bukatuak. Gauzak hala, non edo non, Iruñeko kaleen plano bat eskuratu, eta, hartan hasi nintzen apuntatzen eta markatzen, Nafarroako hiriburuan, egiteko falta ziren beheraguneak. 2.000 pasatxo atera zitzaizkidan. Orduan, hiruko erregela xume bat eginez, ondorioztatu nuen, martxa hartan jarraituz gero, hirurogeita hamar bat urte kostatu behar zitzaizkiela, gutxi gorabehera, denak egitea, eta, hura, ez zitzaidan batere bidezkoa iruditu. Horregatik, handik egun batzuetara, baimena eskatu nuen udaleko hirigintza batzorde batera joateko, eta, oso ongi gogoratzen ez badut ere nola egin nuen, kontua da hitzordu hura lortu nuela, eta, tokatzen zen egunean, hantxe nintzen ni prestu, nire azalpenak emateko, hirigintza batzordeko zinegotziei, bukaeran, entzun nahi zituztenentzat, noski.

Jakina den bezala, inor ez zegoen behartuta ni entzutera gelditzeko, soil-soilik interesa zutenak geratu ziren. Nik uste dut, alkateak eta bere alderdikoek hanka egin zutela, eta, seguru asko, bakar-bakarrik geratuko ziren oposiziokoak. Hura hala, hirigintza batzordeko gai zerrendako puntu guztiak tratatu zituztenean, iritsi zen nire txanda; apenas ezagutzen nuen zinegotzi bat edo beste.

Baina, bueno, hitz egiteko nire momentua iritsi zenean, aurrean nituen zinegotzi jaun-andre guztiei, hiruko erregela xumearen azalpen eta arrazoiketa egin nien, beheraguneen kontu eta kopuru guztiak aipatu ondoren.

-Ez dakit konturatzen zareten, baina martxa eta abiadura hauek jarraituta, Iruñeko beheragune guztiak egin orduko, behetik jota, hirurogeita hamarren bat urte pasatuko dira, eta, une horretarako, nik ia-ia Joxe Migel Barandiaranen adina izanen dut. Zuek esanen didazue hori bidezkoa eta egokia iruditzen zaizuen ala ez -planteatu nien astiro, baina erabakitasunez.

Hura entzunda, han zeuden zinegotzi gehienak harritu eta lotsatu egin ziren, eta, berehalaxe esan zuten ezin zela erritmo hartan jarraitu; zerbait aldatu beharra zegoela, onerako.

Handik urte askotxotara, zinegotzi haietako baten batek, oraindik gogoratzen zuen pasadizo goibel eta triste hura.