KONPOSTELARAKO NIRE BIDEA (eta 8)

Melideko Santa Maria eliza

Melide – Pedrouzo, abuztuaren 7a.

Gaur euri pixka bat hogoita hamabigarren egun hontan, aise ibiltzen naiz ez dakit ia euforia den edo helburua hurbiltzen delako bainan zangoak bakarrik ibiltzen dira eta hamabi eta erditan gelditu naiz herri ttiki batean bazkaltzeko. Ostatu hontatik zortzi kilometro beizik gelditzen dira Pedrouzo herriraino. Ongi jan eta berritz martxan eman, gero ere astia izanen dut pausatzeko. Ainitz jende bada kaminoan azken ehun kilometroak egiten dituztenak. Ez gira izpiritu berean, hauek bakantzetan dira eta denbora berean La Compostela izeneko agiria eskuratu nahi dute, besterik ez dute gogoan. Bakotxak egiten du nahi duen edo ahal duen bezala bainan ni ez naiz haiek bezala sentitzen. Behar bada bost asteen pisua sentitzen dut…

Pedrouzo – Santiago, abuztuaren 8a.

Hara! azken eguna, euri azpian egin behar, hiru azken egun hauetan bezala bainan erreski noa umorearekin jendeekin hitz eginez galdetuz nundik heldu diren eta haiei ongi pasatu dutenez galdatuz. Hiru oren pasatuta, Monte Do Gozora aliatzen naiz, bada San Marcos kapera eta monumentu bat ere ondoan. Erraiten dute toki hau mitikoa dela, historikoa eta betidanik pelegrino guziak gelditu direla toki hontan.

Oren bat geroago Santiago herrian sartu naiz goizeko hameketan. Erran behar dut emozioa sentitu dutala Santiago herrira sartzeko zubian pasatu naizenean. Daldara bat sentitu dut gorputza osoan, kanpoko euriarekin batera ene barneko euria ere atera da malko eta nigarrekin. Sentimendu berezi bat sentitu dut, hara aliatu naiz, ene helburua bete dut… arnasa berritz hartuta katedraleraino joan naiz. Zinez ederra da, kanpotik izugarri haundia da, itzulia egin dut eta gero barnean sartu naiz, haatik, dena obretan da, aldamioz betea da eta ez da gauza ainitzik

ikusten, pena eta itzulia osoa egin ondoren, kanpora atera naiz. Beti euria! eta joan naiz pelegrinoen etxeraino La Compostela agiria ukaiteko. Hor kriston jendea eta ilara luzea bazen. Berrogoita hamabost minutu pasatu ondoren, azkenean, ene papera ukan dut.

Gero ostatu batera joan naiz idortzeko pixka bat eta pausatzeko. Arratsaldeko biak aldean autobus geltokira joan naiz eta etxera itzultzeko txartela erosi dut. Santiagoko karriketan ibili naiz denbora pasa, dena dendez betea, Lurdes herrian bezala, eta atsaldeko seietan hartu dut autobusa. Hor utzi dut Santiago herria ene oroitzapen eta ametsak etxera eramanez. Hamahiru ordu pasatu ta gero Irungo autobus geltokira aliatu naiz. 59€ bakarrik pagatuta. Zein ederra izan den enetzat bidaia hau! xoragarria, ezin ahanztekoa, izugarria, betirako atxikiko dutana ene bihotzean!

Agur Santiago, euri azpian uzten bazaitut ere!

Ene gogoetak.

Zergatik egin dutan Done Jakue bidaia hau oraindik ez dakit. Egin dut eta kitto. Egin dut 33 egun emanez, bost asteko bidaia.

Pentsatzen dut bost aste horiek segidan egin behar direla nahiz eta entzun dutan, ezker-eskuin, ahal den bezala edo nahi den bezala egin behar dela, neretzat ez badira bost asteak segidan pasatzen Konposteleko bide hauetan zerbait galtzen da. Galtzen dira hogoita hamahiruren sufrikamendu egun ttiki horiek, hobekiago erranez traba ttiki horiek, bainan neretzat inportanteagoa da bost aste horiek segidan egitea, horrela harreman paregabeak, adiskidentzak eta lagun berriak egiteko aukera ederra izaten delako. Huts bat bezala sentituko nuke ez banu osoki, moztu gabe, egiten bidaia xoragarri hau.

Bistan da astia behar dela eta prestatu behar dela bai fisikoki bai mentalki. Nere ustez hobe da itxoitea astia ukan arte eta prestatua izan arte, osoki, bost astez egiteko Done Jakue bidaia hau. Beste modu batean eginez, aste bat edo bi aurten, beste asteak heldu den urtean edo beste edozein formula hautatuta, beti, beti, zerbaiten eskas egonen da ibiltaria. Gainera uste dut ere nahiz eta ez den bidai bat erresa, borondate eta gogo haundi batekin, edozeinek egiten ahal duela bidai eder, interesgarri eta xoragarri hau. Abia zaite bidean orain eta lortuko duzu!

Nahi nituzke orain hitz hauek eta bidai hau ere, ene burasoei, ene emazte eta haurrei, ene familia osoari eta lagun guziei eskaini. Hau da, maite ditudan guztiei, bihotzez!