GARBIÑE ORTEGAK PUNTO DE VISTAKO ZUZENDARI ARTISTIKOAREN ALDIA AMAITU DU

Punto de Vista jaialdiak amaiera eman dio azken 4 urteotan zuzendari artistiko izan duen Garbiñe Ortegaren ibilbideari. Eskerrak eman nahi dizkio etapa aberasgarri honetan hainbesteko txeraz egin duen ahaleginagatik, eta onena opa dio etorkizunean. Garbiñeren lanak, jaialdiaren zuzendari gisa, arrasto sakona utzi du, eta festibalaren historiaren parte izango da betiko, aurreko zuzendaritza artistikoekin batera.

2006an sortu zenetik, Punto de Vistak lau zuzendari artistiko izan ditu bere 15 edizioetan, lau urtean behin berritzen baita zuzendaritza hori. Zuzendari artistikoak izan dira, ordena kronologikoan: Carlos Muguiro (2006-2009), Elias Querejeta Zine Eskolako egungo zuzendaria; Josetxo Cerdán (2010-2013), Espainiako Filmotekaren zuzendaria; Oskar Alegria (2015-2017), iaz ‘Zumiriki’ filma estreinatu zuen zinemagile nafarra; eta Garbiñe Ortega (2018-2021), amaitu berri den edizioan jaialdiaren zuzendaritzan eginiko ibilbidea amaitu duena, lau urtez ez-fikzioko zine ausart, anitz eta eraldatzaileago baten aldeko apustua egin ondoren.

Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDOk antolatzen duen Punto de Vista jaialdiak zabalik du jada zuzendari artistiko berria aukeratzeko prozesua, zeinaren eginkizuna izango baita festibalaren edukiak programatzea 2022ko martxoaren 14tik 19ra egingo den hurrengo ediziotik aurrera. Informazio gehiago hemen.