LIHOA

Bere izen botanikoa Linum usitatissimum da, Lineaceae familiakoa. Gaztelaniaz lino deitzen zaio. Linaza da lihoaren haziaren gaztelaniazko izena, eta Lacoizquetak bere hiztegian (1888) dio linaza, jatorriz, izen euskalduna dela: liñua-tik eta acia-tik datorrela. Euskaraz linazi deitzen zaio.

Nilo, Eufrates eta Tigris ibaietako landarea da. Oihalak egiteko lihoaren erabilera frogatuta dago gaur egungo Turkian, K.a. 7000 urte inguruan. Landarearen laborantza Egipton hasi zen K.a. IV. mendean. Egiptoko momiak, lihozko ehunetan bilduak egoten ziren. Egun, mundu guztian landatu egiten da. Halaber, lihoaren hazietatik linazi-olioa lortzen da, eragin lehortzaile duena, eta berniz fin gisa erabiltzen da. Haziak ere sendagai eta elikagaien ongailu gisa erabiltzen dira.

Europan, almidoia ezagutu baino lehen, eta XVIII. mendera arte, lihoa zen ehun-zuntzik garrantzitsuena artilearen ondoren. Euskal Herrian ere garrantzi izugarria izan du.

EZAUGARRI BOTANIKOAK

Urteroko landarea, 80 zentimetro artekoa. Zurtoin hutsa eta zilindrikoa, tentea, ildaskatua eta glabroa. Hosto alternoak, eseriak, glabroak, lantza itxurakoak, hiru nerbiokoak eskuarki. Infloreszentzia panikula da. Lore urdinak, ikusgarriak; oso gutxitan zuriak. Bost sepalo, 7-9 milimetrokoak, hiru nerbio dituzte. Bost petalo, sepaloak baino hiru aldiz luzeagoak, ertza biribildua dute. Bost estamine eta bost estilo. Fruitua globo-itxurako kapsula, 8-12 milimetrokoa, dehiszentea. Hamar hazi beltzaxka, distiratsuak ditu eskuarki.

ERAGIN TERAPEUTIKOA

Europako Farmakopearen arabera lihoak hazi heldu eta lehorrei zor die eragin terapeutikoa. Haziaren osagai nagusiak muzilagoak (%3-9), zelulosa (%25), olioa (%30-45), proteinak (%25), heteroxido zianogenikoak (%0,1-1,5) eta fitoestrogenoen aitzindari diren lignanoak (%0,2) dira.

Muzilagoei eta zuntz disolbaezinari (zelulosa) esker, eragin libratzaile leuna dute. Konposatu horiek hestearen edukia handitzen dute, hesteetako hormaren distentsioa eta peristaltismoaren estimulazioa areagotuz.

Muzilagoek, era berean, urdail-hesteetako mukosaren gaineko babes-eragina dute, gel demultzentea osatzen dutelako. Orobat, urdail-hesteetako minaren aurkako eragin aringarria dute. Halaber, glukosaren eta kolesterolaren asimilazioa murrizten dute.

Lignanoek minbizia izateko arriskua murriztu dezakete, zelula aldaketak, angiogenesia eta metastasia prebenitu ahal dituztelako. Horrez gain, lignanoek fitoestrogenoen eragina dute eta antioxidatzaileak dira.

ESCOP-en (Europako Fitoterapia Kooperatiba Zientifikoa) arabera ahotik hartzen da idorreria kronikoa, kolon narritagarria, dibertikulosia, gastritisa eta enteritisa tratatzeko. Halaber, kanpo-erabilera du, larruazaleko hantura mingarriak tratatzeko.

EMA-ren (Europako Medikamentuaran Agentzia) arabera, idorreriaren aurkako eragina frogatuta dago. Era berean, erabilera tradizionalean, haziekin egindako prestakin muzilaginosoak, demultzente gisa, urdail-hesteetako arazo arinak tratatzeko hartzen da.

ERABILERA NAFARROAN, HERRI-MEDIKUNTZAN

Erabilera ohikoena digestio-aparatuari lotutakoa da; zehazki, idorreriari aurre egiteko. Liho-hazi fresko edo lehorrekin egosketa bat prestatzen da. Egunean, behin baino gehiagotan hartzen da.

Zenbait herritan, eztul handiari aurre egiteko, haziak sukalde ekonomikoan berotzen ziren, eta trapu artean jartzen ziren bular gainean. Bestalde, giltzurrunetako mina baretzeko, haziak beratzen uzten ziren, jarraian iragazi, eta hazi hauek zartaginean jartzen ziren berotzeko. Berotu ondoren, zapi artean jartzen ziren bizkarraren behealdean. Era berean, infekzioak tratatzeko erabiltzen ziren, honela: hazi freskoak edo lehorrak ehotzen ziren eta esnetan egosi. Ondoren, trapu artean jartzen ziren kutsaturiko lekuan, infekzioak kanporantz ateraraziz.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.

http://www.fitoterapia.net Linum usitatissimum