AUZO-LOTSA 8 EZGAUZA

Hogeita batgarren mendearen hasieraren inguruan, Iruñeko Iturrama auzoan, bazegoen familia bat, harreman handia zeukana nirekin. Aitaren gurasoek, tarteka-marteka kanpotik etorri eta egun batzuk ematen zituzten auzo hartan, semearen familiarekin. Hori dela eta, noizbait nirekin ere kointziditu eta biek ezagutu ninduten, andreak eta gizonak. Halakoetan, hau da, elkarrekin gertatzen ginenean, errespetu handiz hitz egin eta tratatzen ninduten; nonbait, kontzeptu on samarra zeukaten nitaz.

Udako egun batean, auzoan paseoan nenbilela bazkalaurrean, beraien etxe ondoko banku batean, Felix jauna topatu nuen eserita, alegia, familia horren aitaren aita, antza denez, bisitan zegoena. Pixka batean hizketan aritu, eta, horren ondoren, hantxe bertan agurtu genuen elkar, hurrengo bat arte.

Gizona etxera joan eta bazkaltzen ari ziren bitartean, une jakin batean nitaz oroituta, kontatu nahi izan zien, arestian nirekin izan zela hizketan, kalean, etxe ondoko banku hartan. Baina gizonari, ordea, nire izena oroitu ez, eta hantxe hasi zitzaizkion komeriak eta estualdiak, azalpenak emateko momentuan:

-Bai, arestian hortxe izan naiz zuen lagun horrekin, zera, mutil bat, hona askotan etortzen dena. Nola du izena? -aitonak, estu eta larri.

-Ez dakit, ba, zer esan, gizona, hona mutil bat baino gehiago etortzen baita. Ematen ez badiguzu datu gehiagorik, ez da erraza asmatzea; auskalo nor izanen ote den! -erantzun zion errainak, gizona urduri eta ezin gogoratuta ikusirik.

-Bai, emakumea, zera, gurpil aulkian ibiltzen den zuen lagun hori, ezgauza edo ezdeusa dena, alegia, ezgaia eta deuseza, hau da, “inutila”.

-Aaaa!, zuk Xanti esan nahi duzu! -berretsi zion errainak, lotsagorrituta, baina Felix, ordea, zirkinik ere egin gabe gelditu zen, lasai baino lasaiago.