“TONTO-GELA”

Errare humanum est

85ekoa naiz. Ez alferrik nekatu: 36 urte estreinatu berri ditut. Eta DBH egin nuen. Garai hartan ikasleok bi taldetan banantzen ginen: normalak eta “tonto-gela”koak. Ikasle bakoitza zein taldetan sartu Matematiken arabera erabakitzen zuten orduko irakasleek. Sinple azaltzearren: Matematika errazagoa irakasten zen gelari “tonto-gela” deitzen genion; Matematika zailagoko azalpenetan jarduten zenari, berriz, “bestea”.

Beraz, Matematikak Damoklesen ezpata moduan erabilita, ohikoa izaten zen geure artean elkarri galdetzea: “Hi tonto-gelakoa al haiz?”; eta besteak hauxe erantzutea: “Ez, ni bestekoa!”. Eta hori guztia algara artean. Ez dut uste orduan inor apaldua sentitzen zenik oraingo begiekin ikusitako deskalifikazio horregatik.

Hala ere, Matematika errazen gelari emandako izena ikasleon burutazioa izan zen, eta erabilera ohikoa bezain hedatua, nahiz eta irakasleak hitz politagoak erabiltzen saiatu, inor mindu ez zedin. Dibertigarria zen eufemismoen zerrenda osatzea. Dena den, guztiok ulertzen genuen zer esan nahi zuten, baita “tonto-gelako”ek ere. Aitzitik, “tonto-gela”n ez zebiltzan ikasleak ez ziren “inteligente-gela”koak edo azkarrak, ez horixe. “Besteak” ziren, gainerakoak, normalak, herritar apalak, lan egiteko makinak, etorkizuneko kontsumista perfektuak.

Banaketa, gainera, etikoki bezain lotsagabea zen fisikoki ere. Matematiken ordua iristean, gela barruan bertan irakasleak holtz tolesgarri bat jartzen zuen erdian, gela bitan banatzen zelarik. “Gero arte!” esan behar bionboa pixkanaka tolesten zenean beste aldean geratzen zen lagunari.

Halako banaketaren erabakitasuna ikasgai jakin baten baitakoa izatea sekula ulertuko ez dudan misterio bat da. Bazirudien handik aurrera etorriko zitzaigun helduen bizitza zenbakiz betea egongo zela, eta ez beste ezertaz, eta haiek ulertzeko gai zena urte gehiagoz biziko zela, ondo idazten jakin bai baina erroketak bost axola zitzaizkion ikaslea baino. Egoera zentzugabe hura zirikatze hutsa zen “tonto-gelako”ak pankartak altxatu eta “Ez, ez, ez, berreketarik ez!” ikastolako korridoreetan barrena deiadarka manifestatu zitezen. Langileak, batetik, eta sindikatuak, bestetik.

Zatiketa urratzaile horrek bi turista mota eraikitzen ditu: bi taldeetako ikasleak Egiptora egindako bidaia batean, adibidez, “tonto-gela”koak gameluan ibilalditxo bat egitearekin konformatzen dira, beste gelakoek piramide baten apotema kalkulatzen duten bitartean. Sistema bitarraren eredu gardena: tentelak / azkarrak, esplotatuak / esplotatzaileak, azpikoak / gainekoak. 0 eta 1.

Ez zait iruditzen, bestalde, ildo horretan irakaskuntzan asko aurreratu denik. Orain ez dago “tonto-gela”rik, izenen egokitasuna aukeratzen ordu asko igarotzen direlako, inor baztertua sentitu ez dadin izugarrizko saiakera egiten delako eta inklusibitateak berebiziko protagonismoa duelako. Orain, horretarako “Humanitateak” daude. Giza edo Gizarte Zientziak. Matematikak ardatz harturik, ikasleak behe, erdi edo goi mailan sailkatuko dituen banaketa “espezializatua”. Matematikarik ikusi ere egin nahi ez duten koitaduei “Giza Zientzietako” batxilergoa egin dezaten aholkatzen zaie, baina noski, lana topatzeko izango dituzten zailtasunak ondo azpimarratu, eta egingo duten astakeriaren ondorioen erruduntasuna meheki leporatu eta gero. Ondoren, Matematika errazen taldetxoa dago: “Gizarte Zientzietakoa”. Zenbakiak bizitzeko beharrezkotzat hartzen dituztenak, baina, aldi berean, matematika normalak harrapatzeko bezain azkarrak ez direnak sartuko lirateke hemen. Badaezpadakoak. Eta gero, beste guztiak, normalak, “Zientzietatik” joan eta etorkizun oparoa izatea opa zaienak, karrera on bat egingo dutenak. (Barkatu, zeintzuk dira karrera txarrak?) Eta zer esanik ez artistikotik jo nahi dutenak. Horiek bai kamikazeak!

Lanik egiten ez duen ikasleari Lanbide Heziketako ziklo bat egitea gomendatzea bezain paradoxikoa iruditzen zait pentsatzeko gogorik ez duenari filosofiaren hastapenak azaltzen jardutea. Ikasleak motibatu egin behar omen dira. Beraz, orain, bionboaren bestaldetik, eta Kultura Klasikoa emateko zori urria dudan bakoitzean, garunari zukua atera behar izaten diot, agian, 3Dko inprimagailuarekin Koliseoa inprimatuz gero ikasleak motibatuko ditudalakoan. Nola motibatu, ordea, ikasteko gogorik ez duen ikasleari klaseak eman behar dizkion irakaslea? Hori ez da garrantzitsua ordea. Irakaskuntza bokaziozkoa omen da eta. Jainkoaren deia ez al da inoiz eskegitzen? Bokazioaren estaldura hauskaitza al da ba?

Izen xelebre eta inozoak betidanik ezagutu izan banitu bezala aritu behar izaten dut klasean. “Kahoot”, “Tik-Tok”, “Pirritx” eta “Porrotx”. Txin pun. Askotan neure buruari gogorarazi behar diot irakasleok ez garela magoak, ezta aurkezle-animatzaileak ere. Irakasleok ez gara Youtuberrak edo trapero guayak. Askotan trapuak saltzen jartzeko grina areagotzen zaidan arren. Irakasleok ez gara oporretako hoteletan egoten diren girotzaile gazte eta instagrameagarriak. Gelara batukada batekin sartzea besterik ez zaigu falta, ikasleak aspertu ez daitezen, ea motibatzen diren.

Tamalgarria da, hortaz, humanitateekin erlazionaturiko hautazko ikasgaien ikaslegoa beste taldeetan sartzen ez direnekin osatzea. Gobernuz Kanpoko Erakunde baten funtzioa betetzen ote duten sentsazioak blaitzen nau gero eta sarriago. Are gehiago, ikasgai bat aurrera ateratzeko legeak ezarritako matrikulatutako ikasleen kopuru minimora iritsi ahal izateko, ikasteko interes zipitzik ez duten gazteak onartu behar izaten dira maiz. Eta honetan ere, matematika kontua zirikatzen. Ikasteko grina dutenen gainetik, zenbaki bati bakarrik ematen zaiolako garrantzia. Argi dago, hortaz, kalitate-ziurtagiriak banatzen dituztenek ez dutela kontu hauetan erreparatzen.

Bukatzeko, garbi ikusten da politikan muturra sartzen duten ahalguztidunek zer nolako gizartea eduki nahi duten euren menpe. Humanismoa gaitzesten eta gizatasuna erdeinatzen duen gizarte bat sortzen ari gara. Dirua da jainko bakarra eta nagusia, eta hausnartzen ez duena, herritar ezin hobea.